Ostiralean emango zaio hasiera Euskaraldiari eta Udalak bereziki euskera guztiz menperatzen ez duten herritarrak animatu nahi ditu erabileran lotsarik gabe lehen pausoa eman dezaten 

Beasaingo Udalak euskararen normalizazioaren alde hizkuntza ohiturak aldatzeko babestu eta bultzatutako Euskaraldiak ostiralean izango du hasiera. Azaroaren 20an, eguerdiko 12:00etan Zubimuzu plazan burutuko den ekitaldiarekin irekiko da 2020ko Euskaraldia eta abenduaren 4a arte iraungo du. 

Euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da Euskaraldia, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua. Aurtengo leloa Gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan da. Beasaingo Euskaraldiaren helburu nagusia beasaindarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Norbanako bezala (ahobizi edo belarriprest izanez), parte hartzeko aukeraz gain, taldean parte hartzeko aukera ere izango da arigune–en bidez, Beasainen aittuguneak deitu dira, Aittu euskara elkartearen izenarekin lotura eginez. 

Euskaraz jarduteko eremuak 

Euskaraz aritzeko guneek (Ariguneak, Aittuguneak Beasainen), euskaraz hitz egiteko aukera uneoro bermatzea dute xede, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean. Mota guztietako Beasaingo entitateek hartuko dute parte (erakunde publikoak, gizarte eragileak, enpresak, kooperatibak, kultur eta kirol elkarteak, eta abar), ariguneren bat badute. Beasaingo Udala, sustatzaile nagusia izanik, Aittugune gisa parte hartuko du izena eman duten ia beste 200 entitateekin batera. 

Menperatzen ez dutenak ausar daitezela

Euskal hiztunak aktibatzea helburu duen ariketa sozial honek berriz ere ahobiziak eta belarriprestak izango ditu protagonista. Hau da, Ahobiziak euskaraz hitz egiteko gai direnak izango dira eta belarriprestak euskaraz hitzegiten ez badakite ere ulertzeko eta entzuteko prest agertuko dira. 

Hori horrela, Beasaingo Udalarentzat Belarriprestak dira gakoa, (euskara guztiz menperatzen ez dutenak) asko egin bait dezakete euskaldunak euskaraz egin dezaten eta bide batez euren euskara hobetu ahal izango dutelako. Horregatik lotsarik gabe, ausartak izateko deia egin nahi zaie euskara erabat menperatzen ez dutenei (Belarriprestei) euskaraz dakitenei, euskaraz eurei zuzendu daitezen. 

Izena emateko epea irekita oraindik

Beasainen dagoeneko badira ia 1.800 herritar izena eman dutenak Euskaraldian parte hartzeko. Hala ere azaroaren 24a bitartean Euskaraldiaren web orrian ekimenean parte hartzeko aukera zabalik mantenduko da. 

Beasainen, 17-27 urte bitarteko 20 gazte koadrilak eman dute izena (200 gazte) eta 100 familiak. Adin txikikoak aldiz ikastetxeen bidez 400 badira izena eman dutenak eta Euskaraldian beste txapa bat soinean jarriz parte hartuko dute, “Nekin aittu euskaraz” jartzen duena. 

Udala eta udal langileak konpromisoa berretsiz

Udalak eta udal langileak herritarrei begira euskera erabiltzeko konpromisoa berretsi dute Euskaraldiaren bigarren edizio honetan. Udalerrian gero eta herritar gehiagok daki euskaraz, baina erabileran badago zer hobetua. 2017an Beasaingo Udalak sustatuta, Beasaingo Euskaraldiaren talde eragilea abian jarri zen lehen Euskaraldia (2018) antolatzeko eta “Txuku Mutxu” lelopean euskararen nazioarteko egunaren festaren antolakuntzan lan eginez eta ondoren nazio mailako ekimen honetan parte hartuz. 

Euskaraldian egindako ohitura aldaketak egonkortzea eta urteko 365 egunetan bide horretatik jarraitzea da azken xedea.