Iazko Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoa ordezkatuko du eta Kanpaina honen bidez Beasaingo Udalak hizkuntza politikaren baitan, euskal literatura kontsumitzeko aukera eta erraztasunak eman nahi ditu

Nazioarteko liburuaren egunaren bueltan, datozen hilabetetan Udalak egitarau oparoa antolatu du udal bibliotekako erabiltzaileak saritu eta euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko

Euskarazko literatura ezagutaraztea, irakurzaletasuna bultzatzea eta, era berean, herritarrak bibliotekara hurbiltzea dira Orriz orri, eskutik eskura egitasmoaren helburu nagusiak. Irakurzaletasuna eta euskara arrazoi hartuta Beasaingo Udalak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz eta Euskaltzaleen Topaguneak bultzatuta, orain arte antolatu duen Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoa ordezkatzera dator.

Beasaingo Udal bibliotekan egindako kanpainaren aurkezpenean, Xabier Matarranz Kultura zinegotziak adierazi duenez, “aurten Beasaingo Udalak bere kabuz antolatzea erabaki du orain arteko kanpainaren arduradunek proposatu dizkiguten datak ez direlako guretzat egokiak eta bestetik herriko baliabideei eutsi nahi diegulako (tartean bertako liburu denda)”.

Irakurzaletasuna eta euskara arrazoi hartuta Beasaingo Udalak aurrera daraman hizkuntza politikaren baitan, oinarrian euskarazko literatura eta irakurzaletasuna hedatzea eta era berean bibliotekako erabiltzaile kopurua handitzea da egitasmoaren beste xede garrantzitsua Matarranzen iritziz.

Ekitaldiak, zozketak eta opariak

Bihartik hasi eta maiatzaren 7ra arteko egitarauan, mahai inguruak, ipuin kontaketak, liburu aurkezpenak, idazlan lehiaketak, sari emateak eta abar aurkitzen dira. Aurkezpenean zinegotziarekin batera, Olaia Eskitxabel udal liburutegiko arduraduna, Ane Barandiaran euskara teknikaria eta Amaia Gomez de Segura kultura teknikaria izan dira.   

Udal bibliotekatik egitasmo hau garatzeko hiru urrats eman behar izango direla jakinarazi du bibliotekako arduradunak: lehenik, bibliotekak mailegatutako euskarazko liburua hartu behar da, ondoren irakurri eta itzultzerakoan, irakurleak liburuari buruzko fitxa bete behar du azkenik. Hori egindakoan, hilabeteko zozketan sartuko dira fitxa bete duten guztiak. Martxoaren 31an eta maiatzaren 7an egingo dira zozketa bakoitzean 30 euroko balio duten hiru txeke zozketatuko dira Mirentxu liburu dendan euskarazko liburuak erosteko. Era berean kanpaina bukatzen den egunean, hots maiatzaren 7an, kanpainan parte hartu duten guztien artean e-book bat zozketatuko da.

Igartza Literatura Beka eta Idazlan lehiaketaren sari ematea egitarauan dauden beste bi ekitaldi dira. Lehena martxoaren 4an, Erika Elizariren “Zendablitz” liburuaren aurkezpenarekin eta bigarrena apirilaren 26an, non udalerriko ikastetxe guztietako haur eta nerabeak elkartuko diren. Tartean ere hiru ipuin kontaketa izango dira haurrei zuzendutakoak, martxoaren 3an eta 26an eta apirilaren 23an liburuaren nazioarteko egunarekin batera.

Beasaingo  irakurle taldeak ez du hutsik egingo egitasmoan; martxoaren 27an Miren Amurizaren “Basa” liburuaren inguruan saioa egingo dute eta apirilaren 24an idazlan lehiaketako lan sarituekin egingo dute gauza berbera.

Bestalde, apirilaren 5ean Aldabek antolatuta Unai Gaztelumendirekin komiki tailerra egingo da Igartzan eta maiatzaren 7an Goierriko Bertsozale Elkarteak “kontrako eztarritik” liburuari buruzko solasaldia eta bertso saioa egingo du Igartzako jauregian.

Egitasmoari itxiera emango dion ekitaldia maiatzaren 10ean burutuko da “Euskal liburuak kalera” izenekoa eta Irakurle taldeak eta Herri Ekimenak antolatua.

Bibliotekako liburuak kalean

Amaieran Xabier Matarranz zinegotziak Udalak burutuko duen ekintza berri bat aurreratu du. Izan ere eta bibliotekako liburuen garbiketa egin behar dela eta, soberan dauden liburuak kalera aterako dituzte. Etxola edo apalategi moduko batzuetan kokatuko dituzte soberan dauden liburuak edozein herritarrak hartu eta irakurri ditzan eta halaber etxean dituenak ere uzteko aukera izan dezan.

Udalerriko haur jolastokietatik gertu kokatuko dituzte etxola moduko lau apalategi edo egitura hauek; Ezkiaga auzoan, herrigunean, Barrendain plaza inguruan eta Igartzan.

Bestalde, egitarauan parte hartu duten herriko eragile eta taldeei euren parte hartze eta lanagatik eskerrak eman die.

  pdf Ikus egitarau osoa (2.36 MB)