Bi urterako sinatu den hitzarmenaren arabera, Lazkaoko Beneditarren Fundazioko dokumentazio gunearen ateak beasaindarrei irekiko dira eurentzat propio antolatutako bisita gidatuen bitartez

            Beasaindarren kultur ezagutzarako baliagarria izango den aukera berri bat jarri du Beasaingo Udalak Lazkaoko Beneditarren Fundazioarekin (LBF) elkarlanerako adostutako lankidetza hitzarmenari esker. Honela, beasaindarrei euskal historia garaikideari buruzko ondasun multzoa ezagutzera eman ahal izango da. Hezkuntza zein jakintza mailan herritarrentzako aberasgarria izango den eskaintza Udalaren ustez.

            Eskaintza berri hau beasaindarren eskura jartzeak suposatzen duen garrantzia adierazi du Aitor Aldasoro alkateak zentrora udal gobernu taldeko kideekin egindako bisitan. Izan ere gaur egun LBF erreferentzia da mundu mailan Euskal Herriko historia politiko garaikidearen inguruan ikerketak egiteko. Baina, ezezaguna da oraindik goierritar asko eta askorentzat; beasaindar askorentzat ere ezezaguna da, nahiz eta bertatik bertara egon. Hori dela, Beasaingo Udalak bi urterako hitzarmena sinatu du Lazkaoko Beneditarren Fundazioarekin, dokumentazio gunearen ateak beasaindarrei ireki eta eurentzat propio antolatutako bisita gidatuak egiteko aukera izan dezaten. Horien helburua da eskualdean zer nolako ondare dokumentala gordetzen den ezagutzea, horren balioaz jabetzea, eta zerbait propio gisa sentitzea.

LBFren izenean Juan Jose Agirre beneditarra artxiboaren sortzaileak eta Miren Barandiaran dokumentazio zentroko arduradunak  euren aldetik bat etorri dira alkatearen hitzekin eta zentroaren balioa eta garrantzia zabaltzeko tresna gisa kalifikatu dute hitzarmena. Ikertzaileentzako ez ezik jende orori irekita dagoela ezagutzera eman nahi baita dokumentazio zentroa. 

Lazkaoko Beneditarren Fundazioak hamarkadak daramatza Euskal Herriko historia politiko eta kulturalarekin zerikusia duen orotariko materiala biltzen (aldizkariak, kartelak, pegatinak…) eta erakunde zein norbanakoen artxiboak jasotzen, etorkizunera begira kontserba daitezen eta gizarteak eskura izan ditzan. 70.000etik gora kartel, 8.000tik gora aldizkari-titulu, 100etik gora bilduma dokumental, 50 artxibo…, guztiak ere ezinbestekoak Euskal Herriko historia garaikidea ezagutzeko.

Bisita gidatu antolatuak

Bisita gidatuak 2019 eta 2020an zehar egingo dira –batzuk egin dira dagoeneko–, eta bi motatakoak izango dira:

  • Herrian kokatuta dauden Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko ikastetxeentzat zein herriko elkarte eta talde eragileentzat antolatutakoak. Parte hartzeko taldeko eskaria egin beharko zaio LBFri, 943888781 telefonora deituta edo Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbide elektronikora idatzita.
  • Herritar ororentzat antolatutakoak. Urtean bitan egingo dira, ostirala arratsalde eta larunbata goizetan. Lehenak otsailean egingo dira.

Bisita guztiek ordu eta erdiko iraupena izango dute, eta bertan dokumentazio zentroko instalakuntzak zein bertan gordetzen den materialaren lagin zabala ikusteko aukera izango da.

Lazkaoko Beneditarren Fundazioa eta dokumentazio zentroa

Lazkaoko Beneditarren Fundazioa (LBF) 2011n sortu zen, Juan Jose Agirre monje beneditarrak urtetan liburu eta dokumentazio bilketaren inguruan egindako lanari babesa eta segida emateko. Ibilbide luzea dago fundazioaren atzetik, 1973an hartu baitzuen Agirrek Lazkaoko Beneditarren Monasterioko biblioteka zuzentzeko ardura. Biblioteka zuzendu bakarrik ez, gerora Euskal Biblioteka deituko zenaren oinarriak ere jarri zituen, monasterioan aurkitu zituen liburu eta aldizkariekin eta gerora bilduko zituenekin. Handik gutxira, gainera, beste liburutegi eta artxiboetan artean gordetzen ez ziren dokumentuak biltzeari ekin zion: panfletoak, foiletoak, kartelak, pegatinak, egutegiak… Eta arreta berezia eskaini zion erbestean eta klandestinitatean ateratzen zen guztiari. 

Hala, Agirrek artxibo handi bat sortzeari ekin zion, Euskal Herriarekin erlazionatutako funtsekin, askotariko euskal funtsekin beti ere; eta Beneditarren Monasterioan kokatu zuen, Lazkaon. Materiala biltzeko boluntario sarea egituratu zuen bere inguruan, eta denborarekin alderdi politiko, sindikatu eta beste hainbat erakundetan partaide izan zirenen paperak  eta artxiboak jasotzen hasi zen. Horrekin guztiarekin batera, lehen antolaketa eta deskribapen lanak egin zituen. Eta laster izan zituen ikertzaileak ate-joka. Euskal erakunde eta gizartearen errekonozimendua ere berehala etorri zen.  

Lazkaoko Beneditarrek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lazkaoko Udalak sinatutako hitzarmen bati esker, 2010ean eraikina altxatu zuten monasterioaren ondoan Agirrek bildutako dokumentazioaren parte handi bat bertan gordetzeko. 2011n aipatu hiru erakundeek Lazkaoko Beneditarren Fundazioa sortu zuten, Lazkaoko Beneditarren Fondoa deiturikoa gorde, osatu, garatu eta gizartearen esku jartzeko, hau da, Agirrek egindako lanari segida eman eta garai berrietara egokitzeko.

LBFn duela bost hamarkadatik hona bildutako materiala dago: aldizkariak (8.000 titulutik gora, XIX. mendetik gaur egunera bitartekoak), kartelak (70.000 inguru, 1970etik gaur egunera artekoak batez ere), pegatinak (35.000, mota eta gai askotarikoak), bilduma dokumentalak (erakunde eta gaietan antolatuta) eta dohaintzan jasotako artxiboak (pertsonalak eta erakundeenak). Monasterioan dagoen Beneditarren Biblioteka handia ere kontsulta daiteke LBFn. Guztia ere Euskal Herriko historiaren azken mendea ezagutzeko, ezinbestekoa.

Benedi bisita20191216 0Benedi bisita20191216 0