Udalaren babesarekin aurkeztuko den lan honekin, esploratzaile handien istorioak inspiratzen dituzten balioak transmititu nahi dira, hala nola etsipenari aurre egiteko kemena, sakrifizioa, elkartasuna, talde-lana edo baikortasuna. Aurkezpenaren hasieran, ikus entzunezko emanaldi batek laburbilduko du liburuaren edukia

Euskadin estreinakoz aurkeztuko da Beasaingo Udalak babestuta La vida en los confines de la Tierra liburua. Sebastian Alvaro eta Jose Mari Azpiazu egileen lana da, eta poloetan burututako esplorazioek utzitako ondare aberatsetik, protagonista ausart haietako batzuen testigantzak, gogoetak eta istorioak biltzen ditu gure egunerokotasunaren inspirazio iturri izateko.

Nahiz eta pertsona perfektuak ez izan, mende bat beranduago, naturako elementuen aurkako esfortzu eta borrokari buruzko istorio haiek oraindik hunkitzen gaituzte. Esploratzaile haien abentura apartak istorio inspiragarriak dira gure garaiko pertsonentzat, gizatasunez ehunduta baitaude eta balio hilezkorrak transmititzen baitituzte, hala nola esfortzuaren kultura, sakrifizioa, ausardia, adiskidetasuna, elkartasuna, talde-lana eta abentura- eta baikortasun-izpiritua.

Ekimen honen helburua, balio horiek bizi dugun egoeraren aurrean hausnarketarako erabiltzea da, eta baikortasuna eta ilusioa txertatzea gure gizarteko esparru guztietan, zailtasun oro gainditu daitekeela ulertarazteko, zaila edo pentsaezina dirudien arren. Beharrezkoa da zinez bizitzaren gorabeherei eta zorigaitzei aurre egin nahi badiegu, eta benetan gizarte gizatiarrago eta gertutasunezko bat lortu nahi badugu.

Esploratzaile polarrek utzitako gogoetek, haien bizipenak eta haien hitzak testuinguruan jartzen dituzten kontakizunek, gure ezagutza zabaltzen, balioak erakusten eta hunkitzen jarraitzen dute.

Liburu honek abentura polar handia partekatu nahi du. Sentimendu etikoa transmititzeaz gain  esplorazio horiek gure mundua, hobea, ezagutza handiagokoa bihurtu zuten balioak sortu zituen espiritua berreskuratu nahi du. Baina paisaia izoztuen edertasunari egindako omenaldia ere bada, galtzen ari baikara, oso azkar, tenperaturen igoeraren ondorioz.

Aurkezpena 19: 00etan hasiko da Aitor Aldasoro alkateak aurkeztuta Usurbe antzokian asteazken honetan, abenduaren 11n. Egileek obraren aleak sinatuko dituzte ekitaldia amaitzean, eta DVD bana emango zaie bertaratzen diren guztiei.

cartel vida confines