Beasaingo azokak bere 29garren edizioa beteko du aurten eta laguntza lanetan izan eta izango diren eragileak eskertu nahi izan ditu Udalak

Goierrin burutzen diren bost azokak elkarlanean dihardute aspalditik “Azokak batzen gaitu lelopean”, Ordizia, Lazkao, Ataun, Segura eta Beasaingo  liburu eta disko azokak abenduaren 14, 15 eta 16an izango dira aurten

Beasaingo Euskal liburu eta disko azokak XXIX. edizioa beteko du aurten. Mirentxu liburu dendan egindako aurkezpenean, ekitaldi hau burutzeko orain arte izan eta izango diren azokaren eragileak eskertu egin nahi izan ditu Xabier Matarranz Beasaingo Udalko kultura zinegotziak. Honekin batera, Joxepa Madariaga Lazkaoko Gerriko Kultur elkartearen izenean eta Aitor Aldasoro Ataungo azokaren antolakuntzaren ordezkari gisa izan dira bost herrietako azoken inguruko xehetasunak aurkezten.  

Beasaingo azokan orain artean AEK izan da bidelagun eta egindako lana eskertu nahi izan da. Honen ondotik Mirentxu liburu-dendaren lana ere bai, izan ere aurtengoan ere kaleko erakusleihoa materialez hornituko duena izango delako eta segidan, herriko hainbat  eragile, egitaraua egiteko, zaintza zein txandak egiten beraien laguntza izango bait da. Guztien lana ezinbestekoa da ekitaldia burutu ahal izateko: Irakurle taldea, Musika eskolako trikitilariak, kantujira, Goierri Gorriko jokalariak, BKLko jokalariak eta abar. Aurten kirol elkarte hauetako gazteek ere lagunduko dute azokan lehenengoz.

Aurtengo liburu eta disko azoka, esan bezala, abenduaren 14, 15 eta 16an izango da Gernika pasealekuan jarriko den karpan, hor bilduko dira aurtengo nobedade nagusiak. Urteroko ohiturari jarraituz, produktu guztiek %15eko deskontua izango dute.

“Azokak batzen gaitu” leloa oihukatuz amaitu dute hiru ordezkariek gaurko aurkezpena eta Eguberrietarako euskal liburu eta diskoak oparitzeko deia zabaldu dute.

Beasaingo azokaren inguruan prestatu den egitaraua honako hau izango da: 

Egitaraua:

Abenduak 14

11:00 Gabonetako kartel lehiaketaren sari banaketa.

17:30 Irakurle taldea: Pako Aristiren "Libreta horiko poemak"

Abenduak 15

12:00 Musika Eskolako trikitilariak eta panderojoleak

13:00 Kantujira

Liburu eta disko azokako ordutegia:

Abenduaren 14 eta 15ean: goizez, 11:00etatik 14:00etara/ arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara

Abenduaren 16an,  goizez bakarrik, 11:00etatik 14:00etara