Musika kontzertu irekiak eskainiko dituzte Musikeneko ikasleek Igartzako jauregian datorren larunbat arratsaldean

Beasaingo Udalak Musikenerekin elkarlanean antolatutako Igartza Musika Bekaren hirugarren edizioak herrian musika zaletasuna sustatu eta talentu berriak ezagutzera ematea du helburu

            Egun bakarrean, publiko guztiari irekitako musika ikasleen kontzertuak entzuteko aukera izango da Igartza Musika Bekaren hirugarren edizioan. Igartzako jauregian, datorren larunbatean azaroaren 17an, arratsaldean egingo diren entzunaldietan, Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiak aukeratutako ikasleak euren onena eskainiko dute.

Kontzertu emanaldiak arratsaldeko 16:00etan hasiko dira Master Bekako 5 hautagaiekin; biolontxelo bat, Kontrabaxu bat eta 3 biolin. Hautagai bakoitzak 20 minutuko saioa eskainiko du. 18:30ean jarraituko dute Gradu Bekako 6 hautagaiek; arpa, Piano Jazz, akordeoia, saxofoia, biolina eta klarinetea izango dira eta hautagai hauek 15 minutuko  saioa eskainiko dute bakoitzak.

Igartza Musika Beka, Musikenen ikasten duten ikasleei zuzendutako beka da, euskaldunak nahiz atzerritarrak, denak musikari gazteak etorkizunekoak eta talentudunak. Aukeraketa froga entzunaldiak publikoarentzako irekiak dira, esan bezala 15 eta 20 minutu inguruko saioak izango dira bata bestearen jarraian eta hauen artean sartu eta atera ahal izango da publikoa.

Aurtengo edizioko epaimahaia Sorkunde Idigoras, Karsten Dobers, Alvaro Cendoya eta Arantxa Gastesik osatuko dute. Entzunaldi guztiak amaitzean epaimahaiaren erabakia jakinaraziko da. Gradu bekako Musika Ikasketetako ikasle aukeratuak 2.000 euroko beka jasoko du eta Musikeneko Master ikasleak, 3.000 euro.

  pdf Entzunaldien egitaraua

  pdf Hautagai pdf en zerrenda eta jatorria

Musika sustatzeko helburuarekin sortutako beka

Udal gobernuak, legegintzaldi honetan kultura arloan musikarekin lotuta duen egitasmo nagusietakoa da Igartza Musika Beka. Musikari gazteei bultzada bat emateko helburuarekin sortu zen, eta Igartza Musika programaren osagarria da. Interpretazio espezialitatean dabiltzan Musikeneko bertako nahiz atzerriko ikasleak onuradunak izango badira ere Beasain eta beasaindarrei eragingo dien ekimen bat da zalantzarik gabe. Izan ere talentu handiko musikari gazteen lanaren emaitzak Beasainen bertan plazaratzea ekarri du.