Udalaren babesa jaso duen memoria historikoari buruzko argitalpena lau liburukitan dago banatua eta 1900-1945 urte arteko Beasaingo gertakariak jasotzen ditu

Beasaingo Udalak babestuta argia ikusi du Beasaingo memoria historikoari buruzko argitalpenak. Lau liburukitan banatuta, 1900 eta 1945 urte bitartean gertatutakoaren berri jasotzen da. Jon Kortazar historialariak bere doktoretza tesirako baliatu du lan hau eta cum laude kalifikazioa jaso du.

Igartzako jauregian burututako aurkezpen ekitaldian, ikerketa lan hau bultzatu duen Beasaingo memoria historikoaren herri ekimenaren taldeko Andoni Sarriegi, Jon Kortazar Billelabeitia egilea, Aranzadi zientzia elkarteko idazkari nagusia Juantxo Agirre, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta giza eskubideen  zuzendari nagusia Maribel Vaquero eta Beasaingo alkatea Aitor Aldasorok hartu zuten parte. Ekitaldia Xabier Sarasola eta Arantxa Gastesik pianoan eta txistuan eskeinitako kantuekin eta Mikel Sarriegi dantzariaren dantzarekin borobildu zen.

memoria histo aur4

Lana artxiboetan lortutako dokumentuetan eta ahoz bildutako testigantzen bidez osatu da eta gerrate zibilaren aurreko eta ondorengo lehen urteetan gertatutakoaren berri jaso du egileak. Andoni Sarriegik memoria historikoaren herri ekimenaren taldeko ordezkariak eta Jon Kortazar egileak, lanaren nondik norakoak eta edukiak aurkeztu zituzten. Oroimen historikoaz Juantxo Agirre jardun zen eta foru eta udal instituzioetako ordezkariak bizikidetzaz eta giza eskubideen inguruko zehaztasunak eta aurrera eramandako egitasmo eta ekimenak azaldu zituzten.

Beasaingo Udalaren izenean Aitor Aldasorok Beasain Oroimen Historikoa liburuaren bultzatzaile, egile eta laguntzaileak eskertu zituen egindako lan duin, osatu eta bikainagatik, “Bizikidetzan, justizian eta erreparazioan aurrera egin ahal izateko Beasainek honelako mugarri bat behar zuelako. Denboran luze jo duen lan bat izan da”, aipatu zuen alkateak, baina itxarotea merezi izan duena amaituta ikusi arte. Liburuan parte hartu duten herritarren testigantzei esker ere egindako liburua izan da eta emaitza hau herritarrei itzultzea guztiz merezia dutela esan zien Aitor Aldasorok bertaratuei. Memoria historikoa berreskuratzen jarraitzeko asmoa ere azaldu zuen eta Udalaren konpromisoa berretsi zuen, liburuak aztertzen duen garaitik aurrera.

Liburua salgai dago Mirentxu liburu dendan, Jon Aranburu prentsa salmenta dendan eta Udaletxeko kultura sailean 20 eurotan. 

Memoriaren eguna

Honi lotuta, azaroaren 10 memoriaren eguna dela eta, azken urtetako ohiturari jarraituz elkarretaratzea burutuko da datorren larunbatean eguerdiko 12:00etan Barandiaran parkean. Udala osatzen duten alderdi guztiak bateginik lore eskaintza egingo dute bertan kokatuta dagoen monolitoan. Alkateak Udalaren izenean, herritar guztiei deialdia luzatzen die bertara joatea gonbidatuz. 

memoria histo aur1