Udal Euskaltegiaren bidez, eta ikasturtean emandako hizkuntza errefortzuaren jarraipen gisa ikastaro trinkoa eskainiko da herriko ikastetxeetako bigarren hezkuntzako ikasleentzat

Iaz bezala, Besaingo Udalak Euskaltegiaren bitartez, DBHko  herriko ikastetxeetako ikasleei zuzendutako euskararen errefortzurako udako ikastaroa antolatu du.

Guztira 40 orduko ikastaroa izango da, egunero 2 eskola-ordu, astelehenetik ostiralera bitartean. Ikastaroa ekainaren 25ean hasi eta uztailaren 20an amaituko da.

Taldeak 6-10 ikaslez osatutakoak izango dira gehienez eraginkortasuna bermatze aldera. Bereziki komunikazio gaitasuna landuko da, noski eta trinkotasunari dagokionez, esan bezala, egunean 2 orduko eskola saioak izango dira.

Ikastaroan izena emateko 20 euroko matrikula ordaindu beharko da baina ikastaroaren amaieran  %85eko asistentzia betez gero dirua itzuli egingo da. Izena emateko epea ekainaren 4tik 7ra izango da.

Euskararen erabilera indartzeko Udal ekimena

Udal gobernuak legegintzaldiaren hasieratik herrian euskararen erabilera sustatzeko egitasmoen artean kokatua dauka hizkuntza errefortzuaren zerbitzua. Kasu honetan Udal Euskaltegiaren bitartez herriko ikastetxeetako bigarren hezkuntzako ikasleei zuzendutako zerbitzua da. Ikasturtean zehar ikastetxeetan eskaini dena baina uda partean ikastaro trinko bidez jarraipena emango zaiona.

Bestalde, haur hezkuntzako haurrei zuzendutako hizkuntzaren errefortzurako zerbitzuak datozen asteetan amaituko du ikasturtea. Guztira ia 150 haur dira Berritsu eta Txelotxe udal espazioetan  jarduten direnak euskararen erabilera indartu eta sustatzeko zerbitzua jasotzen.