Ekaitz Goienetxea Cereceda bermeotarraren “Zaldi mamarroa” liburua kalean da jada eta ohiko lekuetan eskuratu daiteke

Bide batez, XXI. edizioa abian jarri da oinarriak aurkeztuta eta ekainaren 30a bitarte dute idazle gazteek proiektuak aurkezteko epea

Ekaitz Goienetxeak bere lehenbiziko liburua plazaratu du Igartza literatura bekari esker. XIX. edizioaren irabazlea izan zen bera “Karramarroak trostan” proiektuarekin eta urtebetez ondu ondoren “Zaldi mamarroa” tituluarekin ikusi du argia. 1980ko hamarkadan heroinak eta hiesak eragindako kalteak dira kontakizunaren ardatza.

Halaxe azaldu zuten Igartzako jauregian egindako aurkezpenean. Bertan izan ziren, Elkar argitaletxeko Xabier Mendiguren, CAFeko euskara arduraduna Joxe Begiristain eta Beasaingo Udalaren izenean kultura zinegotzia Xabier Matarranz. Igartza literatura bekak bi hitzordu nagusi izaten ditu urtean; bata liburu irabazleak argia ikusten duenean eta bestea bekaren irabazlea jakinarazten denean. Izan ere bekaren irabazlea jakitean honek ia urtebeteko epea izaten du proiektua garatu eta ontzeko.

Oraingo honetan “Zaldi mamarroa” Igartza literatura bekaren XIX. edizioko irabazlea aurkeztu da eta hori aprobetxatuz XXI. edizioa abian jarri da oinarriak argitaratuta. 35 urtez azpiko idazle gazteek ekainaren 30a bitarte dute proiektuak aurkezteko epea. Epaimahaia Igor Estankonak, Garazi Kamiok eta Miren Amurizak osatuko dute aurten. Irabazlearen izena udazken aldera jakingo da.

Idazle gazteentzako Igartza literatura beka Beasaingo Udalak antolatzen du, CAF enpresaren babesarekin eta Elkar argitaletxearen laguntzarekin. Euskal kultura zabaldu eta euskal idazle edota egile gazteen lanari laguntza emateko asmoz sortu zen.

igartzlitbekaaurkezp.20180301Ekaitz Goienetxea bere lanarekin