Pandemiaren eraginez ez da Beasain Kirol Sarien gala egingo eta urte zail honetan herriko kirol elkarte guztiei aitortza egin nahi izan die Udalak oroigarria emanda

Beasaingo Udalak, 2020an Beasain Kirol Sarien gala bertan behera utzi zuela hilabete jakinarazi zen. Covid 19ak eraginda, ez dira ekitaldi hau antolatzeko baldintza egokiak eman eta ekitaldiaren ordez bizi dugun egoerak eman zezakeen aukera aprobetxatuz, Udal gobernuak herriko kirol elkarteei aitortza egin nahi izan die eurentzako ere zaila izan den urte honetan. 

Honela bada, eta banan banan, Leire Artola alkatea eta Elena Ruiz kirol zinegotzia kirol elkarte guztiekin bildu dira Udalaren babesa adierazteko eta kirol jarduera etenda egon den urte honetan euren lana aitortzeko. Elkarte bakoitzari Beasaingo Zeramika tailerreko kideek egindako oroigarria eman zaie; “Beasain 2020, Kirola bultzatzen” leloarekin batera tren-makina baten irudia agertzen da aipatu oroigarrian. 

Udal ordezkariak guztira 30 elkarteekin bildu ziren oroigarria eskura eman eta momentu horren irudia jasotzeko. Irudi guztiekin bideo musikatua osatu da eta Udaleko sare sozialetan, webean eta kaleko pantaila digital guztietan ikusi daiteke. Horrekin batera, krisiaren eraginei aurre eginez, Udalak kirol elkarteekin duen konpromiso mailari eutsiko  diola jakinarazteko aprobetxatu zuten agintariek.

Bosgarren edizioa izan behar zuena

Beasain Kirol Sarien galak bosgarren edizioa bete behar zuen baina ez da posible izan. Udal gobernuak egitasmo hau bere legealdi planean adierazita zeukan eta duela lau urte abian jarri zuen. Xede nagusia, Beasaingo edo Beasainen kirol alorreko jarduera bultzatzen, sustatzen edota emaitzetan nabarmendu diren pertsonen eta erakundeen aipamen berezia egitea eta jende aurreko aitortza eta esker ona adieraztea izan da. Honela bada, Beasaingo kirolariak eta kirolaren inguruan lan egiten dutenak goraipatzea da asmoa eta aurten hutsean utzi gabe oroigarri baten bidez eskertu nahi izan da.