Kiroldegiko zerbitzuen kalitatearen eskaintzan eta azpiegituren eraberritzean beste urrats bat ematen da  honela kirol talde eta erabiltzaileen beharrei erantzunez

Udal arduradunen asmo eta eginkizunen ardatzetako bat mantenu lanen arloa da, alegia, udal azpiegitura eta mugikortasunari dagozkion baliabideak baldintza eta egoera aproposean edukitzea kalitatezko zerbitzua eskaintzeko herritarren beharrei begira. 

Helburu horren baitan astelehen honetan, azaroaren 30ean hasiko dira Antzizar kiroldegiko kantxako kirol-zoladura aldatzeko lanak. Ondorioz, eta lanek iraun bitartean, kantxa itxita egongo da publikoari. 

Kirol-zoladura eta saski hornidura berriak 

Antzizar kiroldegiak eskaintzen dituen zerbitzuen kalitatea hobetzen jarraitzeko beste urrats bat ematen du honela Udalak. Kasu honetan kiroldegia eraiki zenetik (1985) berritu gabe dagoen azpiegitura bat izango da eraberrituko dena. Kantxako kirol-zoladurak esan bezala 35 urte bete ditu eta honen egoera ikusirik, kirol eraikinean lehentasuna zuen eginkizunen artean jarrita zeukan udal gobernuak lan hau eta aurrekontuetan aurreikusita bezala burutuko da. 

Kirol talde eta erabiltzaileekin elkarlanean landutako gaia izanik eta hauen eskaerei erantzunez, kalitatezko eta egungo ezaugarri berritzaileenak dituen kirol-zoladura izango da instalatuko dena. Honekin batera aipatu, zoladura berriaz gain obra-kontratuan, kantxa saskibaloi-saski berriez hornitzeko baldintza ere adierazita dagoela.

Lanen ardura Soluciones Decorativas Ibaizabal S.L. enpresak izango du 237.160 eurorengatik eta egikaritze epea hiru hilabete eta erdikoa izango da. Lanek 8 urteko bermea izango dute.