Eusko Label urrezko binakako aizkolari txapelketa jokatuko da igande honetan Antzizar kiroldegian eguerdiko hamabietan

Beasaingo Udalak herri kirolen aldeko apustua eginez bosgarren urtez ekarri du Eusko Label txapelketa Antzizar kiroldegira eta ETBk grabatuko ekitaldia. 18 urtez azpikoek sarrera doan izango dute eta gainontzekoentzat borondatezko sarrera 15 euroan izango da

Egun diren gizonezko zein emakumezko aizkolari onenak berriro izango dira beste urte batez Beasainen. Udalak herri kirolen aldeko apustuari eusten jarraitzen du bertakoa eta berezko kirola izaki. Honela bada, maila goreneko aizkolari eta harri jasotzaileen arteko lehia ikusgai izango da bosgarren urtez jarraian Antzizar kiroldegian igandean eguerdiko hamabietatik aurrera.

Udaletxean egindako aurkezpenean, Luis Mari Bengoa Egur Sport SL-ko ordezkaria eta Leire Artola alkateordeak ekitaldiaren xehetasunak eman dituzte. Artolaren hitzetan, “herri kirolak bertako nortasun eta izaeraren isla dira, bertatik ohiko lanbideen sustraietatik sortutako kirola”. Luis Mari Bengoa, Egur Sport SL elkarteko ordezkariak bere aldetik Udala eskertuz, jaialdiaren nondik norakoak aletu ditu. Aizkolari eta harri jasotzaileen lanak zeintzuk izango diren aurkeztu ditu.

Gizonezkoetan Mikel  Larrañaga eta Jon Rekondo, Ruben Saralegi eta Eneko Otañoren aurka arituko dira 22 enbor mozten 5 izaera ezberdinetan. Igandeko lehian irabazle irtendako bikotea, txapelketaren finalera iritsiko den hirugarren bikotea izango da. Enborrak mozteko saio azkar eta biziak izango dira.

 Emakumeen banakako urrezko aizkolari txapelketan aldiz, bakarka lehiatuko dira. 6 enbor bi izakera ezberdinetan ebakiko dituzte. Laugarren urtez antolatu dute antolatzaileek emakume aizkolarien Eusko Label txapelketa eta honela emakumeen parte hartzea bultzatzen jarraitzeko desioa azaldu dute. Banakako lehian, Irati Astondoa Zeanuriarra , Maika Ariztegi Iturendarraren aurka arituko da nor baino nor.

Jaialdia borobiltzeko Urrezko harri jasotzaileen txapelketan Jokin Eizmendi eta Xabier Peña izango dira lehian. Igandeko lanetan, erabiliko dituzten harriak 175 kiloko laukizuzena edo errektangeluarra eta 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola erabiliko dituzte.

Herri kirol jaialdia eguerdiko 12:00tan hasiko da Antzizar kiroldegian eta aipatu Euskal Telebistak saioa grabatuko duela otsailaren 16an emititzeko. Sarrera doan izango da 18 urtez azpikoentzat. Gainontzekoentzat 15€an egongo dira borondatezko sarrerak eskuratzeko aukera leihatilan egunean bertan.