Bideluze plazan egingo da erakustaldia eta atletismoa pistetatik kalera ateratzeko helburua betez, proba ezberdinak jokatuko dira Gipuzkoako kirolari esanguratsuenekin

Beasainen Atletismo federatuaren eta eskolarraren garapena bideratzea eta sustatzea du helburu ekimen honek eta Beasaingo Udalak Txindoki Atletismo Taldearekin  duen hitzarmenaren baitan kokatzen da erakustaldi hau

Atletismoa bereziki haurren artean sustatu eta indartzeko asmoz, eskualde mailako Txindoki Atletismo Elkartearekin duen hitzarmenari esker Atletismo proba ezberdinen erakustaldia eskainiko da larunbat honetan Beasaingo Bideluze plazan. Antzizar kiroldegian egindako aurkezpenean Beasaingo Udalaren izenean alkateak eta Txindoki Atletismo Taldea ordezkatuz Eneko Agirrezabal eta Rakel Barcenillak Beasaingo Igo Atletismo erakustaldiaren egitaraua aurkeztu zuten.

Aitor Aldasorok honelako ekitaldiarekin bereziki haurrengana iristeko helburua azpimarratu du. “Kirolaren onurak zein diren jakinak izanik, atletismoaren aldeko aukera eta sustapenean eragin nahi da batez ere gaztetxoen artean” azpimarratu du, “Kirol mota honekin haur eta gazteei aukera bat gehiago eman nahi zaie kirolaren jardueran murgiltzeko” erantsiz. Hiru urtean behin izango da erakustaldia Beasainen eta aurten izango da lehenengoz herrian.

Txindoki ATko Eneko Agirrezabalek egitaraua eta jokatuko diren atletismo proben inguruko xehetasunak eman ditu. Larunbat honetan, azaroaren 3an arratsaldeko 18:00etan emango zaio hasiera ekitaldiari haurren parte hartzearekin. 18:30ean berriz, helduen txanda izango da. Agirrezabalek aipatu du haurrek libre izango dutela izenematea. Altuera eta luzera jauzietako probak egingo dira. 18:30ean aldiz helduen txanda izango da. Altuera eta luzera jauzietako probak ere jokatuko dira (jauzi hirukoitza barne) eta baita hesiena ere. Gipuzkoa mailako atleta edo kirolari onentsuenak ikusteko aukera izango da. Atletismo klub ezagunenetan dabiltzan 21 kirolari, gizon-emakumezko, etorriko dira; Donostia, Tolosa eta beste hainbat herrietakoak. Baina ez hori bakarrik, Araba eta Bizkaiko beste hainbatek Beasainen egoteko hitza eman dute.

Proba hauek burutzeko Bideluze plazan espazioa egokituko da, horretarako hondarra jarriko dute. Pertika jauzia egiteko aukera aurre ikusita zegoen arren ezin izango da egin eta hurrengo ediziorako utziko da, ordurako Erauskin plaza berrituan egingo baita erakustaldia.

Beasaingo 1go Atletismo erakustaldia Beasaingo Udalak Txindoki ATrekin aurten sinatu duen hitzarmen berriaren baitan kokatzen da. Konpromiso berrien artean atletismo erakustaldia Beasainen burutzea adostu zuten bi aldeek. Helburu nagusia Beasainen Atletismo federatuaren eta eskolarraren garapena bideratzea da. Hitzarmenaren barruan ere urtero Ordizian antolatzen den Atletismo mitin edo topaketan, atletismo proba batek “Beasain saria” izena eramatea ere hitzartu zen. Atletismo erakustaldia hiru urtean behin egingo da Beasainen.

kartela 1atle erakus