Loinatz futbol zelaian aldagela gehiago egokitzea, Igartzako belar artifiziala berritzea  eta ureztatzeko euri-urak erabiltzeko sistema ezartzeko aukerak aztertzen ari da Udala Beasain Kirol Elkartearekin batera

Halaber, urte betean belar aldaketarekin, Loinatz Futbol zelaiaren erabilera areagotu da nabarmen; egun, astero 160 pertsona eta 8 talde aritzen dira bertan 

Herriko futbol instalazioen egoera, aprobetxamendua eta erabilera hobetu egin dira azken urtean. Loinatz futbol zelaiaren belarra aldatzeak bertako instalazioen erabilera biderkatu du eta honek hobekuntzak egiten jarraitzeko borondatea indartu du. Gauzak horrela, udal gobernuak proposamen berriak lantzeari ekin dio Beasain Kirol Elkartearekin batera, herritarrei aukera berriak eskaintzeko helburuarekin.  

Loinatz futbol zelaian egiten diren entrenamendu saioen eta partiduen kopurua igo egin denez, egun dauden bi aldagelak eskas geratu dira. Ondorioz bi partidu jarraian jokatu ahal izateko zailtasun ugari daude. Hori horrela dagoen espazio librea aprobetxatu eta aldagela berriak egiteko aukera lantzen ari da Udala Beasain Kirol Elkarteko arduradunekin eta Gipuzkoako Futbol Federazioarekin. Orain artean egindako bileren ondotik, Federazioak lan hauen kostua bere gain hartzeko konpromisoa hartuko duela baieztatu du.

Loinatz futbol zelaiko belarra aldatu zela urtebete pasa da. Belar artifizial berriarekin zelaiaren erabilera biderkatu egin da. Talde bakar batek erabiltzetik, egun 8 taldek erabiltzen dute, tartean emakumezko taldeak. Guztira aldaketa honekin gaur egun 160 neska-mutil dira zelaian entrenamenduak eta partiduak jokatzen dituztenak. Beasain Kirol Elkarteko bost talde eta Goierri Gorri klubeko 3 talde.

Partiduez gain, zelai berriarekin azken urtean hainbat txapelketa eta kanpoko taldeen partiduak jokatu dira Loinazen; Donosti Cup, Realaren infantil txiki mailako nazioarteko txapelketa, Ferderazioaren 100. urteurreneko emakumezkoen hiruko torneoa, Gipuzkoa mailako lau kategoria ezberdinetako igoera faseetako partiduak, atezainentzako kanpusak eta Irantzuren III. Oroimenezko emakumezkoen partidua besteak beste.

Instalazio jasangarriak eta kalitatezkoak

Instalazioen hobekuntzekin jarraituz, Udala, Igartza Udal Futbol zelaiaren belarraren egoera larria dela eta honen berrikuntzarako lanketa egiten ari da. 2003. urtean eraikitako zelaia izanik, bere bizi-iraupen epea gainditua dauka. Zelaiaren egoera oso kaskarra da eta Udala belarra aldatzeko aukerak aztertzen ari da Federazioarekin eta Beasain Kirol Elkartearekin. Honela, tokiko kirol elkarteei eta ikastetxeei Igartza erabiltzeko aukera irekiko litzaieke.

Honi lotuta ere, Igartza eta Loinatz futbol zelaiak ureztatzeko, euri-urak biltzeko sistema jartzeko aukera lantzen ari da Udala. Honek bai ur kontsumoaren aldetik eta bai jasangarritasun aldetik aldaketa itzela ekarriko luke. Zelaiek ureztatzeko behar duten ura lortzeko instalazio auto askiak izateko aukera emango luke, jasangarriak, ingurugiroarekiko errespetua betez eta ekonomikoki gastua murriztuko litzateke  euri-urak erabiliko liratekeelako.

Hobekuntza hauek Futbol Federazioaren eta Beasain KEren ekimenez eta konpromisoarekin gauzatuko lirateke.