Karpeta Igartza literatura beka

Dokumentuak

Default 2006 - IX. Beka

2006 - IX. Beka

Jon Martin Etxebeste (Oiartzun, 1981)

Publizitatean eta Harreman Publikoetan lizentziatua. Kazetaritzan eta bertsolaritzan ere ibilia.

Ero

Non dago normaltasunaren eta erosotasunaren arteko marra? Eta erosotasunaren eta erokeriaren arteko muga? Ertz labain horretan jolasean dabiltza liburu honetako kontakizunak, hainbat gizon-emakumeren beldur eta irriken bitartez gizartearen beraren makurdurak agerian jarriz.

Traste zaharrak pilatzen dituen atsoa, adikzioak burmuinak nahasten dizkion gaztea, urteak betearazi uko egin nahi dion gizon heldua… Istorio hauetako protagonista batzuk aise sailka ditzakegu psikiatriaren arabera, patologia kliniko bat ezarri eta lasai segi, geure bidean. Beste asko, berriz, itxura normalaren pean, gutako edozeinen ispilu izan litezke, baina ispilu deformatu hori ez da horren lasaigarria…

Bere lehenengo ipuin-liburua idatzi du Jon Martinek, estilo-aniztasuna menderatzen duenaren esku trebea erakutsiz, bai eta teknika abil hori narrazioaren mesedetan jartzeko buru azkarra ere.

Default 2005 - VIII. Beka

2005 - VIII. Beka

Uxue Alberdi Estibaritz (Elgoibar, 1984)

Kazetaritzan lizentziatua da, hainbat komunikabidetan kolaboratzailea, bertsolaritzan eta itzulpengintzan ere aritzen dena. Hauxe da bere lehenengo liburua.

Aulki bat elurretan

Gretak bazekien gizonekin zuen harremana aterkiekin zuenaren berdin-berdina zela. Haien beharra zuen, baina euria ari zuenean bakarrik oroitzen zen haiekin. Milaka eu-ritako galdu zituen Gretak bere bizitzan. Izan ere, euria ari zuenean beti oroitzen zen etxetik guardasola hartzeaz, baina kasualitatez norabait sartu eta irteterako ateri bazen, ahaztuta uzten zuen beti aterkia. Gizonekin berdin-berdina gertatzen zitzaion. Kale txukunak, jende ordenatua, laku ederrak, elurrezko panpinak... Eta eskale zarpai-lak, alkoholiko errukarriak, maitasun anemikoak, harreman izoztuak. Horra hor Sue-dia, Suediaren zati batzuk behintzat, Uxue Alberdik hautatuak eta moldatuak, ipuin li-buru bat egiteko. Kanpoko paisaiaren gainetik barne paisaia nagusitzen da ordea: ez zaigu esaten elurra ari ote duen espaloien gainean, ez zaigu axola ere, baina bai elurra ari duela bihotz barneetan, maluten dotorezia guztiarekin, baita zuritasun horren hustasun lazgarriare-kin ere. Alde horretatik, suediarrez ez baizik nonahiko gizon-emakumeez ari da egilea, idazkera eder, airos eta iradokitzaile batez.

Default 2004 - VII. Beka - Akzesita

2004 - VII. Beka - Akzesita

Peru Magdalena (Durango, 1980) 

Purita eta Henryren semea. Txaman poesia-literatura bandaren partaide, bertsotan ibilia, Arpistak kolektiboarekin disko surrealista bi kaleratu ditu, eta koadroak pilatzen zaizkio etxeko salan eta ohe azpietan.

Lile

Sarritan urrundurik sumatzen ditugun bizitza eta artea eskutik helduta doaz Lile honetan. Lagunak, gauak, maitasuna, musika, ardoa, koadroak… lilura berberak elkartzen ditu denak ipuin-bilduma sailkaezin honetan.

Eta gero badu literaturan lortzea zaila den optimismo eder bat, sortzailearen poz kutsakorra, mundu ikuskera berri eta propioa aurkitu izanaren baikortasun hori, jolas hutsetik haratago doana.

Irakasle serioaren plantak hartuta, egilearengan eragina izan duten idazle, musikari eta pintoreen zerrenda aipa genezake, erabilitako tekniken inbentarioa egin; hori baino hobe izango duzu, ordea, testuetan zuzenean murgiltzea, beren matxinada, eldarnio eta ametsekin horditzea.

Default 2004 - VII. Beka

2004 - VII. Beka

Karmele Jaio (Gasteiz, 1970)

Kazetaria da ikasketaz eta lanbidez. Hamabost zauri ipuin-bilduma izan zen bere lehenengo liburua 2004an.

Amaren eskuak

Nereak 35-40 urte ditu; noizbait maite izandako lana baina egun estresaturik daukana, egunkari batean; senar jator eta alaba zoragarria, zeinei ez dien eskaintzen behar luketen arretarik; eta istorio bat iraganean, oroimenetik erauzi nahi lukeena; eta ama ospitaleko ohean lo, inoiz esnatuko den jakin ezinik.

Amaren historia ezkutuak jakingo ditu Nereak erietxean, eta horren haritik ohartuko da zenbateraino izan daitezkeen ezezagunak geure ondoan dauzkagunak, eta, aldi berean, zenbateraino izan litezkeen berdinak belaunaldi biren arazo eta kezkak, nahiz eta garaiak eta bizomoduak asko aldatu.

Bizinahiaren aldeko aldarrikapena dakarkigu eleberri eder eta hunkigarri honek, bazter guztiak zipriztintzen eta blaitzen dituen itsasoaren enbatak bezala.

Default 2003 - VI. Beka

2003 - VI. Beka

Asel Luzarraga Zarrabeitia (Bilbo, 1971)

Enpresa-zientzietan diplomatua eta Euskal Filologian lizentziatua da ikasketei dagokienez. Lana, berriz, Santurtziko “Bihotz Gaztea” ikastolan egiten du, hizkuntza eta literaturako irakasle legez. “Punkamine” rock taldeko partaidea da, eta Hamaika ispilu ganbil eleberriaren egilea.

Karonte

Urtebete koman eman ondoren guztiz sendaturik itzultzen da etxera Amets Olazar, eta han du zain Naroa, 18 urteko lehengusina argentinarra. Hasierako normaltasun itxura horren pean gauza arraroak hasiko dira sumatzen ordea: Ametsen izaeraren eta ezagupenen aldaketa, inguruan zelatan dabiltzan pertsona ilunak…

Zientzia fikziozkoa dirudien argumentua gure egunetara ekarriz, nobela kilikagarri bat idatzi du Asel Luzarragak, teknologia berriak giza kontzientziaren kontrolerako erabiltzen diren gizartearen posibilitateak arakatzen dituena, Bilbotik Tokiorako joan-etorri zorabiozkoan.

Horrez gainera, misterioa eta maitasuna dira testuaren elementu nagusiak, narratzaile desberdinak erraz bezain natural nahasten dituen idazkera arin batean. Osagai horiekin guztiekin, gustuko koktela topatuko du hemen irakurleak.

Default 2002 - V. Beka

2002 - V. Beka

Julen Gabiria (Galdakao 1973) 

Idazle gazteentzako Igartza Sariaren lehen deialdian irabazle izan zen Julen Gabiria, eta laguntza hari esker idatzi zuen Connemara gure bihotzetan , bere lehenengo liburua zena eta arrakasta izugarria irabazi zuena. Bosgarren deialdian berriz aurkeztu zen beka honetara, ostera irabazi, eta esku artean dugu sariketa horren emaitza. 

Han goitik itsasoa ikusten da

Euskal Herrian gerra aurreko urteetan hasi baina, batik bat, II. Mundu Gerra bitarteko Italian gertatzen da, eta bizikleta da bi mutur geografiko horiek lotzen dituen aitzakia: Roman Alberdi mutikoak Euskal Herriko itzulian ikusiko du lehenengoz Gino Bartali karrerista handia; erbestera bidalitako umea dela Frantziako Tourrean topatuko du hurrena, Alpeetako mendi bat igotzen biak, eta haren bila joango da geroago, Toskanako Ponte a Ema herrira. Txirrindulari-kontuez gainera beste gai eta pertsonaia asko aterako zaizkigu bidera ordea: film amerikarrak ezkutuan ematen dituen zinemazalea, txoriak ebanjelizatzen dituen fraidea, lehorrean geratutako marinel portugesa, egunero ogiren batean gerezia sartzen duen okina, judua dela ezkutatu behar duen neskatxa esne-saltzailea… Guztiak ere Toskanako giro lasai, sentsual eta bizizale horretan blaituak. Idazkera txinpartatsua, giro ameslaria, ukitu surrealistak eta injustiziaren kontrako matxinadarako deia elkartzen dira istorio eder bezain hunkigarri honetan, literatura eta bizitza eskutik joan daitezkeela erakutsiz.

 

Default 2001 - IV. Beka

2001 - IV. Beka

Unai Elorriaga (Algorta, 1973)

Bere lehen liburuak –Sprako tranbia (2001)- oso harrera ona izan zuen irakurleen artean, eta Espainiako Narratiba Saria irabazi izanak, arrakasta biderkatzeaz gainera, hainbat hizkuntzatara itzultzeko bidea zabaldu dio.

Van´t Hoffen ilea

Ministerioko funtzionarioa da Matias Malanda, bere arloan onena nonbait, eta proiektu bat dela-eta iritsi da Idusera, lan hori zertan datzan inork argi ez badaki ere. Etxez etze ibiliko da bere grabagailua hartuta, herriko pertsonaia berezienen bizitzak jasotzen, ustez, asmo horren atzean beste helburu batzuk gordetzen diren arren.

Tipula-azalen antzera, misterio bat ezkutatzen da beste misterio baten azpian, kontakizunak aurrera egin ahala irakurleak argituko dituenak. Bien bitartean, mikroipuin ugari topatuko ditugu, jende bitxiaren biografia moduan: xake-mota arraro batean jokatzearren ondasun guztiak saldu zituzten anaia bien istorioa, presoen agiriak falsifikatuta garaia baino lehen kaleratzen zituen kartzelako idazkariarena, artazi formako museo bat eraiki zuen arkitektoarena…

Bere estilo bereziaz idatzi du Elorriagak bigarren eleberria: gauzak hitz erdika esanez, elipsien bidez sujerituz, testuan eztanda eta txinparta etengabeak bilatuz. Istorio xelebre guztion atzean, ordea, gizatasuanren taupada beroa nagusitzen da, begirada pikaro batekin aldi berean irri eta keinu egiten diguna.

Default 2000 - III. Beka

2000 - III. Beka

 

Fernando Morillo (Azpeitia, 1974)

Azpeitiarra, 1974an jaioa. Filosofia eta Fisikako ikasle profano eta disidentea da. Komunikabide askotan plazaratu izan ditu bere kolaborazioak eta sariketa ugari bereganatu, hainbat alorretan: CAF-Elhuyar zientzia-dibulgazio saria, poesia edo gutun lehiaketa zenbait, ipuin-sariketa garrantzitsuak…

Orain arte hiru eleberri kaleratu ditu gazteentzat: Bila nazatela, Sexu egunsentiak, Bihotz nahasiak, eta saiakera-liburu bat: Erraldoi herrena.

Ortzadarra sutan

Bizitzen ikastea ez da samurra inorentzat: ez dago inon argibiderik, ez erreklamazio-orririk. Eleberri honetako protagonistak -18 urteko lau neska eta beste lau mutil- gogor eta tematsu ahaleginduko dira, lagunarteko solasean nahiz parrandan, bizitzaren eskola horretako ikasgaiak bereganatzen: jakin-minaren irrika, sexu-jolasen saltsak, poz neurgaitzak eta desilusiorik latzenak.

Handik 15 urtera, berriz, telefono-dei bitxi batek berriro elkartzeko gonbita egingo die guztiei. Dagoeneko ez dira orduko berak, hala ere: galdua dute elkarrekiko kontaktua, galdua gaztetako bizi-grina. Nor bere bakardadearen oskolean daude bilduta gehienak, eta errezeloz begiratzen diote iragana oroitarazten dien deialdi horri: nork, zertarako, zergatik…? Bi hari, bi garai, baina patu bakarra, bihotzak zulatuz eta ametsak astinduz bizitzaren mezu saihestezina gogoratzera datorrena.

Default 1999 - II. Beka - Akzesita

1999 - II. Beka - Akzesita

Jasone Osoro (Elgoibar, 1971)

Kazetari eta gidoigilea da, hainbat komunikabidetan aritua, idatzizkoak nahiz ikus-entzunezkoak. Literaturaren alorrean Tentazioak izan zen bere lehenengo liburua, 1998an, egundoko arrakasta lortu zuena. Urte berean kaleratu zuen Isadora, Isadora Duncan dantzari ahaztezinaren biografia.

Korapiloak

Zer da guk nahi gabe ere bizimodua korapilatzen digun sentimendua? Zein da pertsonen arteko katramila gehien sortzen dituen arrazoia? Zer da gorputzak lotzera bultzatzen gaituen zirrara goxoa? Deituiozu maitasuna nahi baduzu, deituiozu sexua bestela: izenak izen, horixe duzu, nonahi eta noiznahi, gure poz urrien eta buruhauste ugarien iturri nagusia. Hamazazpi ipuin eta beste horrenbeste poemaz osatutako liburua da Korapiloak; bertako pertsonaiak ere istorio batetik bestera igarotzen dira, haien arteko korapiloak sortuz eta kontakizuna aberastuz, eta irakurlearen esku geratuko da, azkenik, protagonisten arteko loturak argitzea eta maitasunaren puzzlea piezaz pieza osatzea. Egunerokotasun eta absurdoaren artean mugitzen da Jasone Osoro liburu berri honetan, izenik ez duen hiri bateko jende anonimoaren geletan sartuz eta haien sekretuak argituz, irakurlearen begi harrituen aurrean. Ispiluaren bestaldean gu geu gaude ordea, norberaren bizitza ere korapiloz betetako soka luzea baita: askatzen den korapilo bakoitzeko biluziago geratzen gara, baina hurbilago dugu, era berean, desira ezkutuen ametsa.

Default 1999 - II. Beka

1999 - II. Beka

Xabier Etxeberria Garro (Zarautz, 1974)

Enpresa Zientzietan lizentziaduna da eta alor horretan egiten du lan Lasarten, munduan barrena ere ibili ugari egin behar izaten dituen arren: Korean, Indian…

Kulturaren munduan saltsa asko probatutakoa da, herri mailako taldeetan batez ere: bertsotan, antzerkian, Euskadi Irratian ere bai… Literaturari dagokionez, hainbat sari irabazi ditu bakarka (Imajina ezazu Euskadi, Basauriko Ipuin erotikoena…), eta haur literaturako Lizardi saria bere anaia Martinekin batean, Airean ere negu usaina nabari da kontakizunaren bitartez.

Egun denak ez dira berdin

27 urte ditu Tasio Ardanazek: ez lanik, ez neskarik, inoiz ezer taxuzkorik egin ez eta aspertua dago bizitzaz, ezertarako ilusiorik gabe. Egun batean, ordea, auto-istripu baten ondotik eraztun bat deskubrituko du hildakoaren eskuan, zer edo zer ezkutua sumatuko du hor, eta misterioa argitu nahian hasiko da.

Detektibe-istorio hankazgoratu bat aurkituko du irakurleak nobela honetan, Miren izeneko tabernari baten maitasun eta bakardadezko kontakizun hunkigarria ere bai, gaurko gazteriaren erretratu zorrotz bat, epikatik eta topikoetatik ihes egiten duena, eta askoz gauza gehiago.

Indartsu dator Etxeberria letren plazara, erregistro eta estilo ugari menderatuz: intriga, pertsonaien psikologia, amodio-kontuak, umore batzuetan beltz besteetan ironikoa… Hori dena, erritmo bizi eta idazkera arin batekin: esaldi laburrak, kaleko hiztegia, espresibitate handia… Hitz batean esanda, ezagutu beharreko idazlea.

Default 1998 - I. Beka

1998 - I. Beka

Julen Gabiria (Galdakao, 1973)

Enpresa zientzietan titulatua da EHUn baina, bide profesional hori alde batera utzita, soziologia ikasi du Deustuko Unibertsitatean. Literaturarekin batera bertsoa landu izan du, batik bat bertso paperetan eta Basauriko Bertso Eskolako irakasle moduan. Zenbait ipuin-lehiaketa irabazi ditu orain arte, literatura erotikoaren alorrean. Nobela hauxe da bere lehenengo eleberria.

Connemara gure bihotzetan

Txemak galdu egin du bere betiko neska-laguna, Eider, auto-istripu batean. Hura ahaztu nahi eta ezinik dabilela, Eiderrek aurreko urtean Irlandara egindako bidaiaren egunkari bat topatuko du Txemak, klabe sekretuz babesturiko disketean. Eiderren arimarekin bat egiteko eta ondoren betiko ahazteko asmoz, bidaia hori bera berregitea pentsatu du Txemak, eta Irlanda mitiko horren bila abiatzen da, disketea poltsikoan, zer topatuko duen jakin gabe. Oso erromantikoa da abiapuntua, baina kontuz, ezer ez baita lehen begiratuan dirudiena. Ustekabe ugari ditu Txemak zain, eta irakurleak irribarrez deskubrituko ditu bideko sorpresa horiek guztiak. Izan ere, itxura sinple eta sentimental baten azpian ezkutatu du Gabiriak bere gaiztakeria: hain da kokoloa Txema hori, hain da naif-a Eiderren egunkaria; maila desberdineko irakurketak uzten dizkigu egileak: berehalakoa, zuzen-zuzen eta erraza, edo sujerentziaren bidez erdi estalian doana bestela, sinbolismoz beteriko ipuin ederrak barne. Gazte batzuen abenturen nobela duzu esku artean, gazte batek idatzia; maitasunari buruzko eleberria ere bai, mezu ironiko bezain anbiguoa duena; Irlandan zehar egindako bidaiaren kronika ere aurkituko duzu, turistarentzako amu guztiak bertan dituela: bai Connemarako ikuspegi miresgarriak, bai IRA bera; labur esanda, idazlan fresko, arin, atsegin eta mamitsua, egile ausart baten lehen fruitu heldua.