Aldundiak bultzatutako Berrabiarazi programaren bidez eta Goiekirekin elkarlanean, pandemiak jotako enpresen beharrei erantzuteko laguntzak banatuko dira

Pasa den 2020a urte zaila izan da gizarteko arlo guztietan eta tokiko industri eta enpresa askoren egoerak okerrera egin du. Horren ondorioz langile eta pertsonen errealitatea hainbat kasutan asko aldatu da. Covid 19ak eragin dituen kalteei aurre egitea eta enplegua eta industria babestea dira lehentasunezko helburu Udalarentzat, horiek bait dira ongizatea sortuko dutenak. 

Udal gobernuak tokiko ekonomia eta enplegua bultzatzeko duen konpromisoari eutsiz egoera honi aurre egiteko neurriak martxan jarriko ditu. Hori horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako Berrabiarazi programaren bitartez eta Goiekirekin (Goierriko Garapen Agentzia) elkarlanean, Beasaingo enpresen diagnosia egiteko elkarrizketa guztiak burutzean hauen beharrei irtenbidea emateko ekintzak jarriko dira martxan eta horretarako laguntzak bideratuko ditu; hain zuzen ere 2021eko aurrekontuetan udal gobernuak finkatutako 100.000euroko diru-partidaren bidez. 

Egoera larrian daudenei lagundu

Langabeziari dagokionez 2020ko abenduan Beasaingo langabezia tasa %8,59 izan zen (Goierrikoa %8,37); azkeneko datuak otsailekoak dira; Beasainen %8,4 (Goierrikoa %8,14). Beasain eta oro har Goierri eskualde lehiakorra da, puntako industria-sarea dauka, ekintzaile ugariren sorlekua dira.Hori dela eta, bizi dugun egoeraren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen Berrabiarazi proiektua jarri zuen martxan Goiekik 2020eko irailean. Lehen unetik Beasaingo Udala proiektura batu zen egoera zein zen ikusita. 

Proiektu honek pandemiak herrian eta eskualdean utzi duen egoeraren diagnosi bat burutzea ahalbidetuko du eta elkarrizketatutako enpresa bakoitzari banakako ibilbide orrialde bat definitzea ere. Berrabiarazi, egungo egoera aztertzeko eta etorkizun hurbilaren erronkei buruz hausnartzeko tresnak eskaintzen ditu. Beasainen 100 enpresa inguru elkarrizketatuko dira eta lortu nahi diren helburu nagusienak ondorengoak dira:

  • Enpresen egoera lehen eskutik ezagutu eta etorkizuna definitzen lagundu.
  • Etorkizuneko proiektuak detektatu.
  • Bailara mailako proiektuak planteatu.
  • Egoera larrian daudenei epe motzean neurriak hartzen lagundu.

Orain arte egin diren elkarrizketetatik atera diren ondorio nagusiak, bi lerrotan banatzen dira; batetik industria arloa eta bestetik, ekintzailetza eta zerbitzuak. Industrian identifikatu diren behar nagusiak, bezero gehiago eta dibertsifikatuagoak, produktu edo zerbitzu berrien garapena, digitalizazioa, talentua eta gastuen murrizpenak izan dira. Ekintzailetza eta zerbitzuetan aldiz, pertsonen premiak, lan antolaketa, finantzazioa, lan arrisku prebentzioak, harremanetarako tresna berriak eta inbertsioen planifikazioa dira lan lerro nagusienak.

Helburu diren enpresa guztiekin harremanetan jartzen joan diren arren, Goiekitik aurretik kontsultaren bat egin nahi izanez gero Goiekira deituz edo idatziz harremanetan jartzeko deia egiten dute.