Zaborren tasa orokorrean  %5 igotzea erabaki bada ere garaje bakarrekoa duten jabeei 67 eurotik 20 eurora jaitsiko zaie ordainketa  

Trakzio mekanikozko ibilgailuen zerga Foru araudira egokitu da eta orain 30 urtetik gorako ibilgailuak izango dira zerga ordaintzetik salbuetsita geratuko direnak

Ez-ohiko udalbatza osoko bilkurak bi gai izan ditu onartzeko urriaren 15ean burutu den batzarrean. Lehena azaroaren 10eko hauteskunde mahaiak osatzeko zozketa burutzea izan zen eta bigarrena 2020ko ordenantza fiskalei buruzko udal gobernuaren proposamena onartzea. Ordenantza fiskaletan proposatutako bi aldaketak trakzio mekanikozko ibilgailuei dagokiena eta zabor tasen ingurukoa izan ziren.

Zabor tasei dagokionez, azken lau urtetan KPIaren igoera ezarri gabe egon bada ere (%13a guztira) datorren urteari begira orokorrean %5 igotzea onartu da. Proposamenaren arabera, zerbitzu honen kostuaren %92a estaltzea da helburua. Gauzak honela, urteko zaborraren tasa kopurua datorren urtean 112 eurotik 117,60 eurora igoko da. Ordainketa bi zatitan egiteko aukera bada.

Bestalde eta garaje bakarrekoei eta lokal itxien tasa egokitzeko proposamena ere aurrera atera da. Onartutakoaren arabera 67 euro ordaintzetik 20 euro ordaintzera pasako dira. Honela jaitsiera honekin proportzionaltasun eta doikuntza bat ezarri nahi zaio tasa honi.   

Onartutako bigarren proposamenean Trakzio mekanikozko ibilgailuen gaineko zerga antzinatasuna duten ibilgailuei ezartzeari buruzkoa izan zen. Orain arte, tasa hau ordaintzetik salbuetsita zeuden 25 urtetik gorako ibilgailuak. Foru araudira egokitzeko proposamenari jarraituz datorren urtetik aurrera 30 urtetik gorako ibilgailuak izango dira zerga hau ordaintzetik salbuetsita geratuko direnak.   

Ordenantza fiskalak onartuta geratu dira bozketan emaitza honekin; EAJ-PNV 10 boto alde, EHBildu 5 boto abstentzioa eta PSE-PSOE 2 boto aurka.

Plenoa amaitu ondoren, EAJ-PNV eta EHBilduko ordezkariek Katalunian egun bizi den egoerari buruzko pdf testua (73 KB) irakurri dute eta urriaren 18an eguerdiko 12:00etan Zubimuzu plazan egingo den elkarretaratzerako deialdia egin diete herritarrei.