Foru aldundiarekin elkarlanean garatuko den ekimen aitzindari honek eragileak eta herritarrak inplikatuko ditu, esperimentazioaren bidez, eraldaketa soziala sustatzeko

Hitzarmena sinatu eta hurrengo udal osoko bilkuran argi berdea jaso eta gero, hilabete batzuen buruan zabaldu eta prozesuaren aurkezpen publikoa egingo da herrian

Herrilab izeneko ekimenaren bitartez, Kontziliazio Erantzunkiderako Foru Planaren esperimentazio-probalekua izango da Beasain. Herriko eragileak eta biztanleak inplikatuz, elkarlanean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna era esanguratsu eta iraunkorrean sustatzeko ekintzak diseinatu, probatu eta ezarriko dira proiektu pilotu honi esker.

Esperientzia aitzindari honetatik eratorritako ezagutzak berdintasun eta kontziliazio politiketarako baliatuko dira, eta aldi berean, eredu bezala balioko dute lurraldeko beste udalerri eta eskualdeetan antzerako esperientziak egiteko.

Hitzarmena gaur aurkeztu dute Donostian Markel Olano diputatu nagusiak eta Beasaingo alkate Aitor Aldasorok. Bi erakundeek 50.000 euroko diru-kopuru ekonomikoa osatuko dute ekimenera bideratzeko (30.000 diputazioak, 20.000 Udalak). Hala, urte bete iraungo duen abiarazte fase bat izango du urte amaierara artekoa eta 2019 urtean luzatzeko aukera ere aurreikusten da hitzarmenean.

Herrilab-en ekintza hiru esparrutan garatuko da: ekonomiko-laborala, soziala eta erakundeetakoa. Honenbestez, ekimenaren exekuzioan parte hartuko dute Beasaingo ehun sozio-ekonomikoaren, kulturalaren eta erakundeetako eragile adierazgarrienek.

Beasain tokiko eraldakuntzan aitzindari

Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak nabarmendu du “herriak badituela ezaugarri sozio-ekonomiko jakin batzuk mota honetako esperimentazio ekimen baten kokaleku izateko. Aldasororen arabera, "Beasainen sektore industrialak eta enpresek duten presentzia, eta gizarte, kirol, kultura eta aisialdi elkarteen garrantziak, eskala txikian, lurralde osoaren erakusgarri izan daitezkeen ezaugarriak ematen dizkio herriari".

Olanok adierazi duenez "kontziliazioak era bateratu eta koordinatuan gauzatutako ekintza sorta eskatzen du, bizitzaren esparru denei alde guztietatik heltzeko. Kontziliazio erantzunkiderako bidean lagunduko duten ohitura berriak hartzea da helburua, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna gutxitu eta bizitza aukera-berdintasunean garatzeko”.

Esperimentazio plataforma honen hitzarmena sinatu eta hurrengo udal osoko bilkuran argi berdea jaso eta gero, prozesuaren oinarriak finkatuko dituen diagnosi faseari ekingo zaio herrian. Urrats honi garrantzi handia aitortu dio alkateak, Beasainen abiatze puntua zein den garbi ezagutzeko balioko baitu. Herrian egon daitezkeen eszenario ezberdinak zehaztuko dira eta bertako eragile esanguratsuenen inplikazioaren bila hasiko dira orduan. Arlo ekonomikokoak (enpresak, enpresa elkarteak, merkataritza, ostalaritza...), arlo sozialekoak (hezkuntza zentroak, kirol elkarteak, hedabideak, elkarte feministak, guraso elkarteak...) eta erakundeak izango dira eragile horiek. Hain zuzen, haiena izango da protagonismoa eta haiek diseinatu beharko dute propio Beasainerako ibilbide orria. Prozesuaren fase hau publiko egingo da hilabete batzuen buruan, zabaldu eta herritar guztien konplizitatean lortzeko asmoarekin, aurkezpen publiko bat egingo da.

HERRILAB aurkezpen20180315Aitor Aldasoro, Markel Olano eta Miren Elgarresta berdintasun zuzendaria