Kalitate goreneko zortzi emanaldiz osatua dagoen lehen seihileko egitarauan ibilbide luzeko musikariez gain, proiektu berrien sortzaileak eta herriko musikariak tartekatuko dira 

Seigarren edizio honetan ere Musikenerekin elkarlanean jarraituko du Udalak

Beasaingo Udalak kultura eta musikaren aldeko apustu sendoaren konpromisoari eutsiz 2021 urteari dagokion Igartza Musika Programaren lehen seihilabeteko egitaraua aurkeztu du Igartzako jauregian. Ohi bezala lehen sei hilabeterako antolatu diren ekitaldiak aurreratu dituzte udal agintari eta antolatzaileek. Beasaindarrak eta bereziki gazteak, musikara erakarri eta gerturatzeko asmoz alor, estilo eta joera anitzeko egitaraua aurkeztu dute Leire Artola alkateak eta programa egituratzeko ardura duten Xabier Sarasola eta Arantxa Gastesi Loinatz Musika Eskolako arduradunak.

Krisi garaian kultura eta musikaren alde

Udal gobernuak martxan jarritako Igartza Musika Programa urtez urte egonkortzen joan den egitasmoa izan da. Leire Artola alkatearen hitzetan “seigarren edizioa egun bizi dugun egoerak baldintzatuta jarriko da abian. Dena den, iaz udal gobernuaren ekimenez, kultur ekitaldiak osasun krisiak eskatutako baldintzetara egokituta burutzen joan dira eta hala izaten jarraituko dute. Unean uneko egoerak erakutsiko du zein pauso eman ahal izango diren. Garbi dagoena da kulturak eta kasu honetan musika emanaldiek etenik izan ez dezaten, nola edo hala Beasaingo Udalak bere esku dagoena egingo duela”. 

Funtsean Igartza Musika Programak bere helburuei eusten die. Musika zaletasuna herritarrei zabaltzeko helburuarekin herriko gune gehiagotara zabaltzen joan dira emanaldiak egun Covid 19aren hedapena eteteko neurriak gordez, Igartzako jauregiaz aparte, herriko parrokiak, Usurbe Antzokia, edota Erauskin plaza eraberritua. Urte guzti hauetan herrian duen onespena lortzetik, herritik kanpora ere ezaguna izatera pasa da. 

Musikenerekin Udalak duen hitzarmen-lankidetza beste urte batez berritu du. Honi esker, Igartza Musika beka ekitaldian Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiak aukeratutako ikasleek parte hartuko dute. Bi aldeek adostu bezala iazko bekaren irabazleak emanaldia eskainiko dute 2021ko  lehenengo ziklo honetan Igartza Musika Programaren baitan eskaintzen diren kontzertuen barruan.

Egitaraua osatzen duten emanaldien inguruan antolatzaileek aipatu dute iaz konfinamenduak eragin zuen ezohiko egoeragatik, bertan behera geratu ziren emanaldi batzuk berreskuratu direla. Zer esanik ez, ekitaldi guztiek prebentzio eta osasuna babesteko neurri guztiak betez burutuko dira, hala nola, higienea, distantziak, maskararen erabilera, aireztapena eta jende kopuru edo edukierari dagozkionak.  

Musika estilo askotariko emanaldiak

Egitaraua irekiko duen lehen emanaldia Dúo Cassadó bikoteak eskainiko du. Bikote hau Damián Martínez txelo jotzaileak eta Marta Moll piano jotzaileak osatzen dute. Urtarrilaren 24an arratsaldeko 19:00etan eskainiko dute kontzertua Igartza jauregian. Aforoa mugatua denez, gonbidapenak eskuratzeko udalaren web orriaren agendan kontzertuan ageri den eskabidea bete behar da. 

Otsailaren 19an, Usurbe antzokian 19:00etan Imanol Jazz izeneko ikuskizuna eskeiniko dute Iñaki Salvador eta Karlos Gimenez piano jotzaileek, Ainara Ortega eta Pettiren ahotsez lagunduta. Emanaldi hau bertan behera geratu zen duela urte bete inguru eta berreskuratu egin da (Sarrerak Usurbe antzokian).

Igartza Musika Bekaren azken edizioko irabazleak eskainiko duten kontzertua martxoaren 14ean izango da. Egitarauko emanaldi guztiak bezala arratsaldeko 19:00etan izango da. Gradu mailan irabazlea izan zen Laia Barberá arpa jotzailea eta master mailako irabazlea Maryia Arol akordeoilaria Igartzako jauregian izango dira euren onena eskaintzen. 

Martxoaren 27an, Andre Mari Zeruratuaren parrokian Leioa Kantika Koralak eskainiko du emanaldia. Leioako Musika kontserbatorioko abesbatza da Basilio Astúlezek zuzentzen duena. Hau ere arratsaldeko 19:00etan izatea aurreikusita dago. 

Sorkunde Idigoras piano jotzaile donostiarrak “H30” izeneko jazz lan berria aurkeztuko du apirilaren 18an. Lan hau egiteko laguntzaile izan dituen Hasier Oleaga bateria jotzailearekin eta Julen Izarra saxoarekin eskainiko du emanaldia Igartzako jauregian. “H30” diskoa, jazz garaikidearen eta abangoardiako musikaren esparruetan askatasunez dabiltzan ibilbide luzeko hiru musikarien topaketa da. Emanaldia 19:00etan hasiko da. 

Apirilaren 25ean Arineketan izeneko emanaldiaren txanda iritsiko da Usurbe antzokira. Arineketan Jagoba Astiazaran txistulariaren eta Iñar Sastre pianistaren proiektu bateratua da. Tradizioa berritzeko asmoz, dantza tradizionala hartzen dute abiapuntutzat, fandangoan, arin-arinean, zortzikoan eta beste melodia tradizional batzuetan oinarritutako abestiak bilduz, melodiak eguneratzen dituzte, sorkuntza garaikideekin konbinatzen dituzten beste batzuk sortuz. Ainara Ortega (ahotsa), Xabier Zeberio (biolina), Agate Amilibia (txeloa) eta Haatik dantza konpainiaren laguntza izango dute Aiert Beobideren zuzendaritzapean. Ikuskizuna 19:00etan hasiko da. 

Andre Mari Zeruratuaren parrokia izango da Igartza Musika Programaren topalekuetako bat. Bertan maiatzaren 29an Garikoitz Gonzalez zuzendariak gidatuta, Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioko orkestrak eskainiko du kontzertua arratsaldeko 19:00etan hasita. 

Lehen seihileko egitarauarekin amaitzeko, ekainaren 11an, Perkusix taldearen txanda iritsiko da. Perkusix, Tolosa eta Beasaingo musika eskoletako perkusio ikasleen proiektua da, Karlos Alcala irakasleak gidatua. Oier Gibelalde, Axier Olano, Ander Zubeldia, Mario Goikoetxea, Manex Gorostegi eta Bittor Arostegi dira taldeko partaideak. Emanaldia Erauskin plazan izango da arratsaldeko 19:00etan.

  pdf Egitarauaren eskuorria (606 KB)

IgaMusProAurkez20210121 15 0

IgaMusProAurkez20210121 14