Aurkeztu ziren 16 lanetatik “Ez erran inori” izeneko proiektuak jaso du edizio honetako saria

Iazko irabazle Irati Goikoetxeak  “Herriak ez du barkatuko” lana entregatu eta sariaren bigarren zatia jaso du ekitaldi berean

XXIII. Igartza Literatura Beka sariaren edizioko irabazlea  Maddi Ane Txoperena Iribarren lesakarra izan da “Ez erran inori” proiektuarekin, hala erabaki baitu Ana Jaka, Irati Jimenez eta Garazi Kamiok osatutako edizio honetako epaimahaiak.

Igartzako jauregian Covid 19ak eragindako babes neurriekin egindako ekitaldian, egileak “Ez erran inori” proiektuaren kontakizuna zertan datzan aurreratu du; umetan sexu-abusuak jasandako neska baten (Lide) istorioa kontatzen du: gertakari hori barruan lozorroan gorderik eduki ondoren hainbat urtez, piztia ernatzen zaio eta mina berpizten. Erruduntasun-sentimenduek eta autoestimu-faltak jazarrita, sexuan hartu nahiko du babesa: harreman korapilatsuetan, lagunarte konplikatu batean.

Aurkezpenean Elkar-en izenean Xabier Mendiguren, CAFenean Joxe Begiristain eta udalaren aldetik Xabier Matarranz izan dira sarituarekin batera. Maddi Txoperenak proiektuarengatik 6.000 euroko sariaren erdia eta garaikurra jaso ditu sariaren ordezkarien eskutik eta urte beteko epea izango du liburua amaitzeko. 

Bertsolari, idazle eta kazetari

Aurtengo irabazlea 1994an Hendaian (Lapurdi) jaioa den arren, Lesakan bizi da. 8 urte zituela hasi zen Hendaiako bertso eskolan, Kristine Txoperena ahizpak animatuta. Euskal Herriko eskolarteko txapela jantzi zuen 2011-an, eta hainbat gazte sariketatan parte hartu du. 2012-an Xilaba Xiberoa Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsolari Txapelketan parte hartu zuen. Gaur egun Bortzirietako bertso eskolan aritzen da. Gizarte Antropologiako ikasketak egiten ari da, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), kazetari eta kolaboratzaile lanetan arituz Berria eta Topatu.eus komunikabideetan. 2020. urtean Gazteluma bekari esker, Ene baitan bizi da nobela laburra idatzi du. Sari honi batu zaio orain, Igartza Literatura Beka. 

Ekitaldi berean, iazko irabazleak, Irati Goikoetxea Asurabarrena beasaindarrak, “Herriak ez du barkatuko” lana entregatu ostean diru sariaren bigarren zatia jaso du eta datorren urteko otsailean aurkeztuko da liburua.

Idazle gazteen sorkuntza-lana saritzea

Igartza Literatura beka saria Beasaingo Udalak idazle berrien sormena bultzatzeko helburuarekin sortu zuen. Baldintza nagusiak, 35 urte bete gabe izatea, aurretik lan argitaraturik izatekoetan helduentzako bi liburu baino ez izatea eta lanak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izatea dira.  

Elkar argitaletxea eta CAFen laguntzarekin XXIII. edizioa izan den honetan, 16 lan aurkeztu dira. Horietatik 9 emakumeenak eta 7 gizonezkoenak. Aurkeztu diren lanen jatorriari dagokionez 10 gipuzkoarrak, 2 nafarrak, 2 bizkaitarrak eta 2 arabarrak izan dira.

IMG 2393IMG 2395IMG 2398

Orain arteko irabazleak:

LIBURUAIGARTZA SARIAURTEAARGIT. URTEAEGILEA
TUBABU I.ª   1994 Jon Arretxe Perez
CONNEMARA GURE BIHOTZETAN I. beca 1998 2000 Julen Gabiria Lara
EGUN DENAK EZ DIRA BERDIN II. beca 1999 2001 Xabier Etxeberria Garro
KORAPILOAK II. beca accesit 1999 2001 Jasone Osoro Igartua
ORTZADARRA SUTAN III. beca 2000 2002 Fernando Morillo Grande
VAN´T HOFFEN ILEA IV. beca 2001 2003 Unai Elorriaga Lopez de Letona
HAN GOITIK ITSASOA IKUSTEN DA V. beca 2002 2004 Julen Gabiria Lara
KARONTE VI. beca 2003 2005 Asel Luzarraga Zarrabeitia
AMAREN ESKUAK VII. beca 2004 2006 Karmele Jaio Eiguren
LILE VII. beca accesit 2004 2006 Peru Magdalena Arriaga
AULKI BAT ELURRETAN VIII. beca 2005 2007 Uxue Alberdi Estibaritz
ERO IX. beca 2006 2008 Jon Martin Etxebeste
HABITAT X. beca 2007 2009 Katixa Agirre Miguelez
NORA EZ DAKIZUN HORI X. beca accesit 2007 2009 Irati Jimenez Uriarte
KATU JENDEA XI. beca 2008 2010 Eider Rodriguez Martin
MEA CULPA XII. beca 2009 2011 Uxue Apaolaza Larrea
BESTE NORBAITEN ZAPATAK XIII. beca 2010 2012 Garazi Kamio Anduaga
GELTOKIAK EDO HELDUTA ENTZUTEKO ABESTIAK XIV. beca 2011 2013 Goiatz Labandibar Arbelaitz
ERRAIAK XV. beca 2012 2014 Danele Sarriugarte Mochales
EZ TIRO EGIN ANBULANTZIEI XVI. beca 2013 2015 Mikel Ayllon Corral
HAUTS HAIETATIK XVII. beca 2014 2016 Unai Villena Camarero
NOLA HELDU NAIZ NI HONAINO XVIII. beca 2015 2017 Kattalin Miner Perez
ZALDI MAMARROA XIX. beca 2016 2018 Ekaitz Goienetxea Cereceda
BASA XX. beca 2017 2019 Miren Amuriza Plaza
ZENDABALITZ XXI. beca 2018 2020 Erika Elizari Salvador
HERRIAK EZ DU BARKATUKO XXII. beca 2019 2021 Irati Goikoetxea Asurabarrena
EZ ERRAN INORI XXIII. beca 2020 2022 Maddi Ane Txoperena Iribarren