Bederatzi ekitaldik osatzen dute aurtengo lehen seihilabeteko programa, tartean Martin Zalakain dantza ikuskizuna eta Beethovenen laugarren sinfonia ikusi eta entzun ahal izango dira Beasainen

Bosgarren edizio honetan ere Musikenerekin duen hitzarmena berritu du Udalak

Beasaingo Udalak kultura eta musikaren aldeko apustu sendoaren konpromisoari eutsiz 2020 urteari dagokion Igartza Musika Programaren lehen seihilabeteko egitaraua aurkeztu du Igartzako jauregian. Ohi bezala lehen sei hilabeterako antolatu diren ekitaldiak aurreratu dituzte udal agintari eta antolatzaileek. Beasaindarrak eta bereziki gazteak, musikara erakarri eta gerturatzeko asmoz alor, estilo eta joera anitzeko egitaraua aurkeztu dute Xabier Matarranz kultura zinegotziak eta programa egituratzeko ardura duten Xabier Sarasola eta Arantxa Gastesi Loinatz Musika Eskolako irakasle eta arduradunak.

Egonkortu den programa

Igartza Musika Programa urtez urte bere lekua egiten joan da. Datuen arabera, musika zaletasuna herritarrei zabaltzeko helburuarekin bat egin dute herritar askok. Gero eta herriko gune gehiagotara zabaltzen joan da, Igartzako jauregiaz aparte, herriko bi parrokiak, Usurbe Antzokia, kalea (uda partean) eta baita plazapea edo Erauskin plaza eraberritua musika ekitaldiak programatzeko erabili ziren. Oro har urtero hiru mila ikus-entzule izan dira bataz beste egitaraua osatzen duten emanaldietan.

Igartza Musika Programa egitasmoak lortu duen izen eta izanaren adibide gisa, Xabier Sarasolak nabarmendu nahi izan du orain taldeak eta musikariak bilatzen ibiltzetik gaur egun egitarauan parte hartzeko eskaintzak jasotzera iritsi direla. 

Musikenerekin Udalak duen Hitzarmen-lankidetza beste urte batez ere berritu du. Honi esker, Igartza Musika beka ekitaldian Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiak aukeratutako ikasleek parte hartuko dute. Bi aldeek adostu bezala iazko bekaren irabazleak emanaldia eskainiko dute 2020ko  lehenengo ziklo honetan Igartza Musika Programaren baitan eskaintzen diren kontzertuen barruan.

Musika estilo askotariko emanaldiak

2020ko lehen seihilabeteko egitarauari hil honen 26an Oiasso Kamerataren kontzertuak emango dio hasiera Igartzako jauregian arratsaldeko 19:00etan. Antolatu diren hurrengo zortzi emanaldiak hauek izango dira:

Otsailak 7: Karlos Gimenez piano jotzaile beasaindarrak gidatzen duen Imanol Jazz izeneko emanaldia (Usurbe antzokia 21:00etan. Sarrera 10 euro) 

Martxoak 1: Iban Urizarren Amorante ikuskizuna (Igartzako jauregia 19:00etan)

Martxoak 29: Igartza Musika Bekaren 2019ko saridunak; Guillermo Lopez eta Eolo Andino (Igartzako jauregia 19:00etan)

Apirilak 5: Loinatz abesbatzaren emanaldia (San Martingo baseliza 19:00etan)

Apirilak 26: Beethovenen jaiotzaren 250garren urteurrena ospatzen dela eta Beasain izango da bere sinfonietako bat entzun ahal izateko lekuetako bat, laugarren sinfonia hain zuzen ere. Arkaitz Mendoza zuzendariak gidatuta EusKdivarius proiektuaren bidez (Andre Maria Zeruratuaren parrokia, 19:00etan)

Maiatzak 9: Donostiako Kontserbatorioko Orkestra (Andre Maria Zeruratuaren parrokia 19:00etan)

Maiatzak 23: “Martin Zalakain”, Argia dantza taldea eta Juan Antonio Urbeltzen ikuskizuna (Antzizar kiroldegia, 20:30ean). Egitarau honetako emanaldien artean ekoizpen aldetik baliabide gehien eskatu dituena izan da, kontuan izanik 100 pertsona inguruk parte hartuko dutela.

Ekainak 12: Perkusix ikuskizuna, Tolosa eta Beasaingo musika eskoletako perkusio ikasleen proiektua, Karlos Alcala irakasleak gidatua (Erauskin plaza, 19:00)

  pdf Egitarauari (2.53 MB) erreparatuz musikaren alor eta estilo ezberdinetako emanaldiak osatzen dute egitaraua, dantza, orkestrak, taldeak eta bakarlariak izango dira protagonistak.

igartza musika aurk20200116Arantxa Gastesi, Xabier Matarranz eta Xabier Sarasola aurkezpenean