Azken bileran adostu zen apirilaren 27a arte luzatzea jaien mozorro egunean jaimak kokatu ahal izateko izena emateko epea

Jaima kokatu nahi bada derrigorrezkoa izango da izena ematea eta horretarako Igunera joan beharko da

Orain arte egindako bileren ondoren Loinatz jaietako mozorro egunean kokatzen diren jaimen antolakuntzarako arauak itxita geratu dira.

Guzti hau, Udalak otsailean hasitako bileren emaitza izan da. Bertan, Zaldizurreta kaleko bizilagunen ordezkariak eta jaimak kokatzen dituzten gazteak bildu dira Udaleko arduradunekin batera ondorengo helburua lortu asmoz; egun horretan bi aldeen arteko elkarbizitza hobeagoa izatea.

Hori horrela, Udalaren izenean Aitor Aldasoro alkateak eta gazteria eta Kirol zinegotzia den Elena Ruizek egindako bitartekari lanari esker, jaimetako gazteek musika ekipo guztiak berdinak izango dituzte eta enpresa berdinari alokatuko dizkiote. Ekipo hauek musikaren bolumena mugatua izango dute bere egunean bizilagunen presentziarekin egin zuten musika frogaren arabera erabakitako neurrian (90 dezibelio inguru). Bestalde, jaima bakoitzak zehazteke dagoen diru kopuru bat jarriko du jaien ondorengo astelehenean erreka garbitzeaz arduratuko diren pertsonei ordaintzeko.

Iaz adostutako beste neurri batzuk berdin jarraituko dute aurten ere. Hala nola, mozorro egunean, eguerdiko 12:00etatik aurrera jarri ahal izango dituzte jaimak. Ordura arte zerbitzuetako banatzaileek kalean sartu-irtenean ibili behar baitira. Jaima guztiei argindarra emateaz Udala arduratuko da eta goizaldeko bostetan etengo da. Ez da gasoliozko argindar sorgailurik onartuko eta jaima kokatzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea. Horretarako orain arte egin ez duen taldeak apirilaren 27a izango du azken eguna eta horretarako Igunera joan beharko da.