Herriko beste leku batean arratoiak akabatzeko pozoi zatiak agertu dira eta honek izan dezakeen arriskuaz ohartarazi nahi du Udalak

Kontrolik gabe erabiliz gero oso arriskutsua izan liteke batez ere haur eta animalientzat

Atzo agertu ziren pozoi ondarrak kezka larria sortu du Beasaingo Udalean. Herritar batek, Ezkiaga auzoko Joan XXIII kale inguruan aurkitu zuen arratoiak akabatzeko pozoi zati bat udaltzaingoak jakinarazi duenez. Pozoi mota hau arriskutsua izan liteke kontrolik gabe zabaltzen  eta erabiltzen bada eta honen garrantziaz ohartarazi nahi dira herritarrak. Bereziki haurren eskuetara iristen bada edo beste edozein animaliak irensten badu. Hori horrela, udaltzaingoak pozoi ondar gehiago agertuko balitz edo norbait zabaltzen ikusiz gero, Udalean lehenbailehen jakinaraztea eskatzen du.  

Gogoratu behar da ez dela pozoi mota hau aurkitzen den lehen kasua. Errekarte kaleko inguruetan bi bider agertu dira arratoiak akabatzeko pozoia. Duela hiru hilabete 9 katuko kolonia bateko 5 kide hil ziren pozoia irensteagatik eta aurreko astean ere ondoko parkean berriro agertu dira honen arrastoak.

Orain herriko beste kale ezberdin batean agertu da eta adi ibiltzeko gomendioa helarazi nahi da.