Ordenantzak

  GAO 1990ko Apirilaren 5an 67. ZK

I. KAPITULUA - Atarikoak

1. Artikulua - Sarrera.
Udalaren helburua, Euskal hiritarrentzako nahiz enplegatuentzako zerbitzu-hizkuntza ezezik lan-hizkuntza ere bihurtzea da eta gainerako administrazio-zerbitzuetarako zirkuitu elebidunak sortzea, euskaraz sartzen den edozein idazkirentzat euskarako izapideketa bermatuz. Euskarak izan behar du Beasaingo udal ihardueran normalki erabilitako lan-hizkuntza. Plangintza egingo da eta epeak ipiniko dira Udal-Administrazio honetako Zerbitzuak Ordenantza honetan xedatuari egokitzeko.

Euskarak, herritar guztien elementu integratzailea izan behar du eta Beasaingo auzotar guztientzat hala izan dadin saiatuko da Udala.

Euskararen erabilpena sustatu eta normalizatzeko Udal-Ordenantza hau Beasaingo Udalerria hizkuntz normalizaziorantz bideratzeko neurri eta arauen bilduma da. Beronen hizkuntz filosofia, soziolingüistikan hizkuntza premiatsuenaren aldeko elebitasun aurreratzaile deitu da, hots, Euskara soilik litekeen Euskara bakarrik erabiltzekoa eta Euskara eta Gaztelania, biak erabili beharra dagoenean, Euskara lehentasunez erabiltzekoa.

Ordenantza hau osatzen duten arau eta neurriak, 1982ko Azaroaren 24eko 10/1982 «Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legea» eta 1986ko Azaroaren 25eko 250/1986 «Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Herri-Administrazioetan Euskararen Erabilera eta Normalizazioa » deituetan diren xedapenetan oinarrituta daude.

Beasaingo Udalak Ordenantza hau, tresna egokitzat du, garatu asmoz ari den euskararen defentsa-bidean jarraitzeko. Ordenantza honek, Euskararen Erabilpena Sustatu eta Normaltzeko Udal-Ordenantzaren irudi juridikoa hartzen du.

2. Artikulua - Esparrua edo arloa.
Ordenantza honek, Udala, Udal-Zerbitzuak, Udalaren eskumenpeko nortasun juridikodun Patronatu, Kontseilu, Fundazio eta gisako erakunde guztiak eta beren Zerbitzuak eta Udalerriaren barnean Udalak finantzatzen edo dirulaguntzak emanez Udal-jabetzako areto, lur edo lekuak utziz edo beste zerbitzu motaren bat eskainiz laguntzen dituen Erakunde eta Ekintza guztiak hartzen ditu bere baitan.

3. Artikulua - Edukina.
Edukina, bi arlotan banatua dago:
a.  Udal-barneko funtzionamenduari eta beronen eskumenpeko erakundeei dagozkienak 224789 Dekretuak adierazten dituen hizkuntz eskakizunen arabera:

1. Lanean ari diren Udal-eskumeneko langileen euskarazko prestakuntza.
2. Udal-eskumeneko langile berrien autapena.
3. Bulego, Zerbitzu eta Sailen funtzionamendua.
4. Udalbatzarren Osoko Bilkurak eta Gobernu-Batzordeak.
5. Erregistro, Aurrekontu, Akta eta gisako Liburu Ofizialak.
6. Inprimakiak, gutunak, iragarkiak eta idazkiak orokorki.
7. Proiektuak, Txosten Juridikoak eta Merkatal Harremanak.
8. Zerbitzuetako errotulazioa, iragarkiak eta seinaleztapena.
9. Kaleko seinaleztapena.
10. Ahozko azalpenak, bandoak, mezuak eta abisuak.
11. Komunikabidez ematen diren berriak.
12. Erakunde Ofizialei bidaltzen zaizkien idazkiak.
13. Erakunde Ofizialek bidaltzen dituzten idazkiak.

b.  Udalerriko bizimoduari dagozkionak:

14. Itzulpen- eta Zuzenketa-Zerbitzu publikoa.
15. Dirulaguntzetarako araudia.
16. Udal-instalazioak eta materialak erabiltzeko hizkuntz arauak.
17. Publizitate-dirulaguntzak eta euskararen erabilpenagatikoak.
18. Euskara-ikasleei eta Euskarazko ikastaro berezikoei dirulaguntzak.
19. Kexuen bideraketa.
20. Euskararen Modernizazio, Batasun eta Normalkuntzarako Azpiegitura.

II. KAPITULUA - Edukinaren garapena.

A.- Udal-barneko funtzionamenduari eta bere eskumenpeko erakundeenei dagozkienak 224/89 Dekretuak adierazten dituen hizkuntz eskakizunen arabera.

1. Artikulua - Lanean ari diren udal-eskumenpeko langileen euskarazko prestakuntza.

Beasaingo Udalean eta bere eskumenpeko erakundeetan lehendik kontratatuta lanean ari diren enplegatuak (funtzionari nahiz kontratatuak, finkoak nahiz denboraldikoak), beren eguneroko lana, nork bere mailan, euskaraz egiteko gai izan behar dute eta gai ez direnak gaitu egingo dira, horretarako beharrezkoak diren ikastaroak eginez.
Lortu beharreko Euskararen hizkuntz mailak eta berorietara heltzeko egin beharreko ikasketak erabakitzerakoan, ondorengo bi puntu hauek hartuko dira kontutan:

1.1 1986ko Azaroaren 25ekon 250/1986 Dekretuaren ondorioz, Hizkuntz Politikarako Idazkaritza Nagusiak, Herri Arduralaritzako Euskal Erakundearekin elkarlanean ezarriko dituen lanpostu bakoitzarentzako hizkuntz profil-mailak.

1.2 Aurrekoaren kalterik gabe, Udalak, Euskara-Batzordearen, edo Euskararen Normalkuntzarako Batzordearen (ENBAren) bidez egindako edo egin erazitako estudioen bidez beharrezkotzat jo ditzakeen mailak.

Hizkuntzaren ezagupide-maila horiek lortzeko, Euskararen Normalkuntzarako Batzordeak, HAEE eta HPINarekin batera egitasmo zehatzak proposatuko ditu eta Udalak onartuko, urteroko aurrekontuetan horretarako behar diren dir-kopuruak onetsiz.

Egitasmo horiek, hiru arlotakoak izango dira:

  • Euskalduntze-arlokoak.
  • Alfabetatze -arlokoak.
  • Eta Laneko Euskararen arlokoak, ALET edo LAKET ekin prestakuntz prozesua amaituz.

Funtzionari eta enplegatu guztiei emango zaie Ordenantza honen berri eta era berean lanpostuei dagozkien hizkuntz ezagupide eta erabilpen-mailarena ere.

2. Artikulua - Udal-eskumenpeko langile berrien hautapena.

2.1. Beasaingo Udalak, objetibotasun-erizpidez hautatuko du langilego guztia, nola Udalerako hala menpeko erakundeetarako, nola funtzionaria hala kontratatua, nola finkoa hala denboraldikoa, izangaien berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioen arabera eta betiere deialdi publiko bidez, Udal Araudien arabera.

2.2. Edozein lanpostura iristeko egingo diren deialdi guztiek, berekin izango dute, ahozko eta idatzizko hizkuntz ofizialen azterketa, lanpostuak eskatzen duen exijentzi mailari egokitua ; gutxienez ere 1986ko azaroaren 25eko 250/1986Dekretuaren ondoriozko hizkuntz eskakizunei eta Udalak beharrezkotzat emandako mailei dagokiena.

2.3. Izangaiak, hautaketa-prozesuan, ezarritako Euskararen ahozko eta idatzizko adierazpen-gaitasuna frogatu beharko du, ipinitako gutxieneko maila gaindituz. Normalean puntuazio maximoaren erdia.

2.4. Oposizio eta lehiaketetan derrigorrez euskaraz egin beharrekoak ez diren gaietako azterketak berriz, edozein gairi dagozkionak izanik ere, bi hizkuntzetan aurkeztu zaizkie izangaiei, hauek, bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan azterketa egiteko aukera izan dezaten, Euskaraz egiten dutenek lehentasuna izango dutelarik, bai oposizio libreetan eta baita barne igoerakoetan ere.

2.5. Hizkuntz eskakizunak betetzen dituen pertsonarik ez balego, hutsik utziko da plaza, berriro deialdia egiteko. Inork mailarik gaindituko ez balu, frogetan lehen postua atera duenari (euskararen frogak barnean hartuta) behin-behineko kontratua egingo zaio, Udalak lanpostuak dituen hizkuntz-eskakizunakeskuratzeko arrazoizko epe bat jarriz. Epe hori bukatu ondoren, behin-behinekotasunez kontratatutako enplegatuak, lanpostuari dagozkion hizkuntz ezagupideen jabe dela egiaztatu beharko du Udalaren aurrean.Frogatzen baldin badu, behin betiko kontratua egingo zaio, baina behar den mailara iritsiko ez balitz, lan-kontratua deuseztu egingo da, lanpostu hori barnesustapen bidez edo eta deialdi publikoz betez.

3. Artikulua - Bulego, Zerbitzu eta Sailak.

3.1. Helburua Beasaingo udalaren eta bere eskumenpeko erakundeen eraketa-helburua, euskalduna izatearena da, hau da, enplegatu, funtzionari nahiz kontratatu euskaldunez eratutakoadministrazio-zerbitzu euskaldunak dituena izatea, euskaraz nahiz gaztelaniaz nahiz bietan arloguztietan aritzeko gai den administraritza lortzea.

Hala ere, 1. artikuluko filosofiari jarraituz, Euskara lehentasunez erabiliko da.
3.2. Egungo egoeratik abiatuta, ondorengo urratsak markatzen dira Bulego, Zerbitzu eta Sailetan epe desberdinetan HPINren Hizkuntz Eskakizunen arabera lortzeko:

3.2.1. Berehalako epean:

  • Bulegoetan enplegatu guztien gutxieneko mintzamen-maila lortua izatea (Erretiro-zai daudenak kenduta).
  • Zerbitzu guztietan, gutxienez ere Euskara-Zerbitzuko Arduradunaren laguntzarekin euskara idatzia erabiltzeko gai den enplegaturen bat izatea.
  • Orokorki, 1982ko Azaroaren 24eko 10/1982 Euskararen Eabilpena Arauzkotzeko Legeko 5.1 artikuluak agintzen duena bermatzea, hots, edozein hiritarri, edozein zerbitzutan, ahoz nahiz idatzizko zerbitzua euskaraz eskaini ahal izatea.
  • Zerbitzu guztietan ere, idazkiak, abizuak, oharrak, berriemateak, janinerazpenak, txostenak, etab., euskaraz idazteko ere gai izatea.
  • Zerbitzu batzuetatik besteetara joaten diren euskarazko komunikazioek, maila normalekoak diren heinean bederen, pendientea euskaraz jarraitzea, itzuli beharrik izan gabe.
  • Zerbitzu desberdinen artean euskarak, iristen den heinean gutxieneko ibilbidea normaltasunez izatea, erdarara jo beharrik izan gabe.

3.2.2. Epe ertainera begira:

  • Zerbitzu eta Sail bakoitzaren egitura komunikatzailearen baitan, euskarazko zirkuitu komunikatzailea sortzea.
  • Edozein espedienteren udal-izapidagintza (tramitazioa) abiatu den hizkuntza berean (gutxienez elebidun) egin ahal izatea, itzuli beharrik izan gabe.
  • Hitz gutxitan esanda, Euskarak zerbitzu-hizkuntzaren funtzioa osotasunean betetzea lortu behar du.
  • Enplegatuek euskaraz burututako lana itzuli beharrik ez dute izango. Itzulpenaren beharra duenaren esku dago itzultzailetza-zerbitzuaz baliatzea. Bestalde Udalaren Euskara-Zerbitzua izango da, herritarren hizkuntz aukera librea bermatzeko, hala eskatzen dutenean, gazteleraz behar dena gazteleratuko duena, itzultzailetza zerbitzuaren bidez.

3.2.3. Epe luzera begira:

  • Euskarak zerbitzu-hizkuntza bezala dituen betebeharrak guztiz bermatuta egon behar dute.
  • Sail eta bulego guztietan, Euskarak Laneko Hizkuntza izatera pasa behar du, hitzez hitzez eta batez ere idatziz, ordenadoreen funtzionamendua eta txosten tekniko nahiz juridikoak ere euskaraz oztoporik gabe eginez.
  • Aurrera begira, Udalaren funtzionamendu osoa, nagusiki euskaraz burutu behar du.

3.3. Bideak eta Bitartekoak, Aurreko helburuak betetzeko aipatutako urratsak eman ahal izateko, beharrezkoa da ondorengo bideak eta bitartekoak ipintzea:

3.3.1. Zerbitzuburuek eta Euskara-Zerbitzuak, Udalak onartutako Lege, Dekretu eta Ordenantzetan aginduak betez helburuak betetzen joaten, Zerbitzu desberdinetan dauden beharrak aztertuko dituzte eta Euskara-Zerbitzuak behar behar horien ezagutzan jarririk, beronek idatziko ditu, Euskararen normalkuntzarako Batzordearen eta HAEE nahiz HPINaren oneritziekin, beharrezko diren euskalduntze-alfabetatze eta laneko euskararen egitasmoak, egun indarrean dagoen Euskalduntze-Egitasmoa eta Euskara-Batzordeak 1987-91 Agintealdirako Txostenean adierazia, osatuz eta birmoldatuz.

3.3.2. Birziklaketako lehentasunak.

  • Euskararen egoera Zerbitzu bakoitzean zein den aztertu ondoren (HPIk egindako inkestaren bidez nagusiki egina), bi lerrotan abiatuko dira lehentasunak.
  1. Euskararik ez dakitenak edo eta oso gutxi dakitenak euskalduntzerat, besteen tartean euskarazko zerbitzua eskaintzeko oztopo handi bilakatzen direlako.
  2. Euskararen ezagutzan aurreratuenak laneko arloko alfabetatzeak burutzerat, Euskara beren eguneroko lanean tresna izaten has dadin.
  • Herritarrekin harremanik handien eta zuzenak dituzten lanpostuetakoek lehentasuna izango dute.
  • Karguen arabera berriz, goikarguek dute lehentasuna. Goimailako lanpostuek, lana sortzen eta bideratzen dutelako eta azken erantzunkizuna eta erantzuna ere beraiek dutelako, ondorio biderkatzailea dute hizkuntz erabilpenean ala oztopaketan eta alde horretatik, beheko mailetakoak baino lehenago euskaldun eta alfabetatu beharra dago. Bestalde, hizkuntz profilaren arabera lortu beharreko hizkuntz maila edo gaitasuna, askoz ere altuagoa da goiko karguentzat, beraz, lortzeko ere denbora gehiago behar denez, lehenengo beraiekin hasi behar da.
  • Enplegatu ikaslegaien adinari dagokionean berriz, lehentasuna gazteenek izango dute orokorki, baina helduagoak ere ez dira haatik libratuko eta helduenek adibidez, duten lanpostuarengatik nahiz adin-mugarengatik, premiazko lehentasuna izan dezkete. Orohar 45 urtetik gorakoak ez dira egitasmoetan sartuko, beraiek horretarako prest ez badaude behintzat.
  • Asko idazten den lanpostuetako enplegatuek ere, lehentasuna izango dute ikastaroak egiterakoan, izan ere beraien lanak, asko baldintzatzen du eta euskararen erabilpena.
  • Lortu behar duten hizkuntz gaitasuna, gutxienez ere lanpostu-profiletan adierazten dena izango da eta orohar, beren eguneroko lana hitzez eta idatziz euskaraz egiteko adinakoa.
  • Zerbitzu guztietan, administrari laguntzaile mailatik gorako langile-funtzionari guztien euskararen ahozko eta idatzizko ezgupidea normaltzeko prozesua burutzeko, bost urteko epea jartzen da.
  • Lanpostu-aldaketak eta lanpostu-igoerak bideratzeko deialdi guztiek, berekin izango dute gutxienez ere, lanpostuak eskatzen duen euskararen exijentzi mailari egokitutako ahozko eta idatzizko euskara-azterketa, horretaz at eska litezkeen hizkuntz tituluen edo eta azterketa bera nahiz atal batzu euskaraz egin beharraren kalterik gabe.
  • Enplegatu eta funtzionari guztiek, nork bere prestakuntzaren arabera, obligazioa izango dute, euskara ere, hizkuntza ofizial legez, bai zerbitzu-hizkuntza bezala eta baita lan-hizkuntza bezala ere erabiltzeko, sortzen zaizkien arazo guztiak konpontzeko, Euskara-Zerbitzuko Hizkuntz Teknikarien laguntza izango dutelarik.
  • Enplegatu eta funtzionari guztiei emango zaie Ordenantza honen berri eta halber beraiek eginkizun honetan euskara zerbitzu-hizkuntza legez erabiltzeko duten obligazioarena ere.

4. Artikulua - Osoko bilkurak eta Gobernu-Batzordekoak.

Udaleko Alkatetzak, Alkateordetzek, batzordeek, idazkaritzak, bulego teknikoak, Udaltzainak eta beste Administraritza-Sail edo Zerbitzu desberdinek, Osoko Bilkura eta Gobernu-Batzordeko batzarraldietarako nahiz Ordenantza honen Esparrupeko erakunde edo organo desberdinen ezaguerapean jartzeko eta era berean bilkura horietatik kanporatzeko txosten, Akta, Erizpen, Gaizerrenda, proposamen, espediente, mozio, aurrekontu, akordio eta gainerako jakinerazpen oro, euskaraz edo eta euskaraz eta gaztelaniaz idatziko dira.

5. Artikulua - Erregistro, Aurrekontu, Akta eta gisako liburu ofizialak.

5.1. Udaleko Agirien Sarrera eta Irteerako Erregistro-Liburu, Akta-Liburu eta gisako Liburu Ofizialak, elebidunak (euskara gaztelania baino nabarmenago eta lehentasunarekin dutela) izango dira.

5.2. Beste Erakunde Ofizial batzuk bidalitako inprimaki Ofizialak ere (INEko Estatistikoa, Erroldakoak, INEMeko enplegukoak, soldaduzkakoak, etab.) gutxienez ere osoro elebidunak izan beharko dute eta euskarazko bertsioa bederen osorik bete beharko da. Erakunde Ofizial guzti horiei, Ordenantza honen berri emango zaie, hori betetzeko bitarteko guztiak jar ditzaten. Hala eta guztiz ere, euskal bertsiorik eskaintzen ez badute, edo informazioa ukatuko zaie eskaini bitartean, edo eta datuak euskarazko bertsio prestatu batean bidaliko zaizkie.

6. Artikulua - Imprimakiak, gutunak, iragarkiak, idazkiak, jakinerazpenak, etab.

6.1. Euskara hutsezkoak erabiliko dira, 1982ko Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Legeko 8.2 artikuluak agintzen duenaren arabera, herriko edozein talde, erakunde, elkarte, hiritar edo bestek harreman-hizkuntzatarako Euskara hautatzen duenean, kasu honetan beraz, inprimakiak, gutunak, iragarkiak, idazkiak, jakinerazpenak eta beste, euskara hutsean idatziko dira.

Atal hau egintzan jartzen, guztien eritzia espreski jakiterik ez dagoenez, Biztanle-Erroldan Euskaraz ongi hitz egiten dutela deklaratu duten herritar guztiei, euskara hutsez bidaliko zaizkie harreman-idazki guztiak. Hala ere, norbaitek elebidunik eskatzen badu, elebidunak bidaliko zaizkio.

6.2. Euskaraz eta gaztelaniaz idatziko dira gainerako kasu guztietan, baina hala ere, ahal den guztietan euskarazko hizkiak, kokapena, etab. Lehentasunez irakurria izateko moduan jarrita(goian, lehendabiziko, etab.).

7. Artikulua - Proiektuak, txosten juridikoak eta merkatal harremanak.

7.1. Teknikariei (Arkitekto, Injineru, Aparejadore, etab.) eskatutako proiektu teknikoak eta Abokatu, Aholkulari eta gisakoei eskatutako Txosten juridikoak edo bestelakoak, euskaraz ere idatzita egon beharko dute publikoari agerian ipintzekoak direnean. Planoak, kalkulu-orriak eta aurrekontuak, sistematikoki eta osoro elebidunak izan beharko dute euskaraz lehenik irakurtzen direla. Memoria edo Deskribapenak aparte idatzita egon daitezke euskaraz edo bi hizkuntzetan.

Zerbitzu Tekniko eta Juridiko Publikoak nahiz pribatuak, orokorki horretarakoprestatuta ez daudenez, bost urteko epea ipintzen da Udalarenak berarenak behar bezala prestatzeko eta epe bera Diputazio eta Jaurlaritzako zerbitzuei ere exijentzia berbera eskatzen hasteko.
Pribatuei halaber, Ordenantza honen berri jakineraziko zaie (Elkargo Profesionalei, Azterlanen egileei, etabar) eta bost urteko epea emango behar dituzten prestakuntzak egin ditzaten.

7.2. Udalak kanpoko saltzaile eta hornitzaileekin mantendu behar dituen merkataritzako kanpo-harremanetan euskararen normalizaziorantz urratsak emateko, guztiei emango zaie Ordenantza honen berri eta hornitzaileei ere bost urteko epea seinalatuko zaie, ondorengoak betetzeko presta daitezen:

Agiri guztiak euskaraz aurkezteko.
Korrespondentzia, kontratuak, produktu eta ekipo-izenak, beren erabilpenerako eskuliburuak, mantenimendukoak, etab. Euskaraz izateko.
Euskal Herrian ordezkaritzarik ez duten enpresen kasuan, kasu bakoitza aztertuko da eta ondorioz erabakiko.

8. Artikulua - Zerbitzuetako errotulazioa, iragarkiak eta seinaleztapena.

8.1. Euskaraz bakarrik idatziko dira:

Euskaraz eta gaztelaniaz antzeko moduz idazten diren hitzak eta esaldiak (Merkatua, (Auto)busa, Aparkalekua, Farmazia etab.) edo erabilpen zabala dutenak (Udala, Ez erre, Udaltzaintza, Ertzaintza, etab.). Baita nazioarteko zeinuak erabiliz piktogramekin adieraziak ere (Ez erre, Isilik, Irteera, Txakurrik ez, etb.).
Gainontzeko testuak, euskaraz eta gaztelaniaz agertuko dira, baina beti ere euskarazko testuari lehentasuna emanez, gaztelaniazko testuaren gainean edo ikusgarriago jarriz eta euskarazko hizkien neurria bi aldiz haundiagoa izanik lehentasunezko irakurgarritasuna ziurtatzeko.

9. Artikulua - Kaleko seinaleztapena.

9.1. Kale-izen guztiak euskara hutsez jarriko dira, itzulpena behar duen kasu bereziren bat salbu (Mendeurren Etorbidea/Avda. Centenario) eta ofizialki ere hala idatziko dira Udalean bertan, ondorio guztietarako.

9.2. Herriko kale eta auzoetako errotuluak ere, printzipioz euskaraz idatziko dira:

  • Euskaraz eta gaztelaniaz antzeko idazkera dutenak: Taxiak, parrokiak etab.
  • Toponimoak, herri eta auzo-izenak, baserrienak; landenak, mendienak etab.: Antzizar, katea, Gantzarain, etab.
  • Erabilpen zabala eta orokorra duten euskal hitz eta esaldiak: Udala, Udaletxea, Udalzaintza, Ertzaintza, etab.
  • Beren esanahi osoa piktogramaz adierazita gelditzen zaienak: Eman Bidea, Hirigunea, etab.

9.3. Gainerako testuak euskaraz eta gaztelaniaz idatziko dira, baina beti ere, euskarazkoari lehentasuna emanez, gainean edo eta lehenik irakurtzeko moduan jarriz eta hizkiak bi aldiz handiagoak direla ipiniz, lehentasunezko irakurgarritasuna ziurtatzeko.

10. Artikulua - Ahozko azalpenak, bandoak, mezuak eta abizuak.

Udalaren eta bere eskuduntzapeko erakundeen azalpen ofizialetan, propagandan, informazioan, bando abisu, mezu eta jakinerazpenetan erabili behar den ahozko hizkera, era honetan izango da:

10.1. Euskara hutsa, ekintza-motak, bere ingurugiroak edo entzulegoak eskatzen duenean edo eta zor zaionean.

10.2. Gainontzeko kasuetan, euskara eta gaztelania erabiliko dira, lehenik beti euskara erabiliz eta mezua errepikatu behar denetan kopuru aldetik ere gaztelania halako bi erabiliz.

10.3. Arlo honetan gerta litezkeen ezustekoei aurre egiteko, azalpe, mezu eta abisu horiek eman behar dituztenak, elebidunak izan beharko dute beti eta beren eginkizuna nola bete behar duten aldez aurretik garbi adierazi beharko zaie

10.4. Udal-instalazioetan erabiltzen diren bozgorailu bidezko irratietako programak ere euskarazkoak izan beharko dute nagusiki.

11. Artikulua - Komunikabideen bidez konposatutako berriak.

Komunikabideen bidez kanporatutako berriei dagokienean, ondorengoa jarraituko da:

11.1. Euskara hutsez izango dira, hiritar, erakunde, elkarte edo talde euskaldunei zuzendutako berri eta iragarkiak nahiz euskarako komunikabideetara bidalitako iragarki eta publizitatea.

11.2. Gainerakoak, euskaraz eta gaztelaniaz kanporatuko dira, baina lehentasuna euskarak izanez, bai denbora, tamaina, kopuru edo lekuari dagokionean. Errepikatzekoak direnean, euskaraz, gaztelaniaz halako bi aldiz adieraziko dira.
Aurreko bi atal horietan ezarria, bete egin beharko dute herriko berri ofizialak ematen dituzten herriko berriemaileek eta komunikabideetako arduradunek. Udaleko edo bere eskumenpeko erakundeetako informazioaren argitarapenean baldintza hauek betetzen ez dituzten informatzaileekiko neurriak hartuko dira.
Aurreko artikuluetan zehar adierazitako guzti hori burutzeko, bi inprimaki-mota prestatuko da Udalean, euskara hutsezkoak (menbreteak eta gainerako testuak) eta elebidunak, kasu bakoitzean behar dena erabiltzeko. Elebidunak ordea, bi hizkuntzetan bete eta hala argitaratu beharko dira.

12. Artikulua - Erakunde ofizialei bidaltzen zaizkien era guztietako idazkiak.

12.1. Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Erakunde Ofizial Autonomiko, Foral eta Udaldar guztiei (Udal, Diputazio, Jaurlaritza eta beren ordezkaritza guztiei) bidali behar zaizkien edonolako idazkiak, euskaraz bederen bidali behar dira. Hasieran(epe laburrera), bi hizkuntzetan bidal balitez ere, epe ertainera eta pertsonalaren euskerazkoprestakuntza bere helbururantz iritsi ahala, euskara hutsez bidaltzera iritsiko da.

12.2. Nafarroako Erakunde Autonomikoetara ere Udal, Diputazio, Gobernu) idazki guztiak 12.1 puntuan adierazitakoaren arabera bidaliko dira.

12.3. Estatuak lehen aipaturiko Autonomi Elkarteetan dituen ordezkaritzei bidali beharrekotan ere, aurreko bi kasuetako hizkuntz politika berbera jarraituko da.

12.4. Frantziako Estatuan dagoen Ipar Euskal Herriko erakundeen batera idazkirik bidali behar baldin bada, 12.1 puntuan adieraziaren arabera bidaliko da.

12.5. Euskal Herriz kanpo, edozein Estatutako Erakunde Ofizial zuzendutako idazkirik bidaltzean, Euskara eta ahal denean herrialde horri dagokion erdara erabiliko dira.

13. Artikulua - Erakunde Ofizialek igortzen dituzten era guztietako idazkiak.

Arlo honetan, Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Legeko 8.2 artikuluak ematen dituen eskubideaz baliatuko da Beasaingo Udala berak hartu behar dituen agiriak euskaraz exijitzeko, baina horretarako beti ere, berak 12. Artikuluan xedatua zorrozki bete behar du.

13.1. Bai Euskal Herriko Autonomi Elkarteko eta baita Euskara Ofiziala den Nafarroako eremu euskalduneko nahiz mistoko Erakunde Autonomo Ofizialek (Udal, Foru-Diputazio, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuak), obligazioa dute beren idazki guztietan euskara erabiltzeko. Ondorioz, aipatu 8.2 artikuloko eskubideaz baliatuz, aipatutako Erakunde horietatik euskaraz ez datozen idazki, agiri eta gainerako oro, itzuli egingo zaizkie eta euskarako bertsioak eskatuko zaizkie.

13.2. Era berean jokatuko da Euskarak Ofizialtasuna duen Elkarte Autonomoetan kokatutako Estatuko Ordezkaritza Ofizialetatik datozen gutun, idazki eta agiriekin ere, hauek ere Euskararen Legeak indarrean dauden lurraldeetan egoteagatik, obligazioa dute eta euskara erabiltzeko. Ondorioz, euskaraz ez datozen idazki-mota guztiak itzuli egingo zaizkie eta euskarazko bertsioak eskatuko zaizkie

 

B.- Udalerriko bizimoduari dagozkionak.

14. Artikulua - Itzulpen eta Zuzenketa-Zerbitzu Publikoa.

14.1. Udalerriko biztanle, merkatari, dendari, enpresa, elkarte eta erakundeei, itzulpen eta zuzenketa-zerbitzu publikoa dohainik emango zaie. Horretarako, Udalak, behar adinako Euskara-Zerbitzua izango du eta Zerbitzu honek ikuskatuko ditu argitaratu behar diren idazki, errotulu eta gainerakoak.

14.2. Jasotzen diren itzulpen-eskakizunen artean, erabilpenik hedatu eta zabalena dutenek izango dute lehentasuna. Gainerakoentzako erizpideak, Euskara-Zerbitzuak zehaztuko ditu. Nolanahi ere, aldez aurretik ekarri beharko dira eta behar adinako denbora eman beharko da.

14.3. Euskara-Zerbitzu honek, idazketa, itzulpen eta erredakzio-informazioa emango ditu, sarritan argitaratuta ikusten diren akatsak egin ez daitezen eta egindakoak zuzen daitezen.

15. Artikulua - Dirulaguntzetarako Araudia.

Dirulaguntzak eskatzen dituzten erakunde, elkarte, klub, entitate eta gainerako pertsona edo talde zerbitzu prestatzaileak, ondorengo hizkuntz arauak betetzera beharturik daude eta Udalak, idazki bidez adieraziko dizkie interesatuei, dirulaguntzarik ematerakoan.

15.1. Hizkuntza idatziaren aldetik, iragarkiak, txartelak, oharrak, kartelak, publizitatea, etab., euskara hutsez edo eta euskaraz eta gaztelaniaz izan beharko dute, baina elebidunak izatekotan, baldintza hauek bete behar dituzte:

  • Ezagunak edo nahiko erabiliak diren euskal hitz edo esaldiak euskaraz bakarrik idatzi.
  • Euskaraz eta gaztelaniaz antzera idazten diren hitz eta esaldiak, euskaraz bakarrik idatzi.
  • Bestelako testuak bi hizkuntzetan badoaz, euskarak lehentasuna izan behar du gainean edo eta lehentasunez irakurtzeko moduan idatziz eta hizkiak gaztelaniazkoaz halako biko tamaina izanez.
  • Materialak banatu baino lehen, Udaleko Euskara-Zerbitzura ale bat ekarri beharko dute, honek bere hizkuntz arloko oneritzia eman dezan.
    Era berean Euskara-zerbitzuak ikuskatuko ditu, errotulu eta gisako idazki finkoak.

16. Artikulua - Udal-instalazioak eta materialak erabiltzeko hizkuntz arauak.

Udal-instalazioak, aretoak, lurrak, plazak eta materialak erabili behar dituzten erakunde eta enpresa guztiek, ondorengo hizkuntz arauak bete beharko dituzte eta Udalak, idazki bidez adieraziko dizkie baimena ematerakoan.

16.1. Hizkuntza idatziaren presentziari dagokionez iragarkiak, oharrak, kartelak, txartelak, publizitatea, etab., euskara hutsez edo eta euskaraz eta gaztelaniaz idatziak izango dira, baina elebidunak izatekotan, baldintza hauek bete beharko dituzte:
Ezagunak edo nahiko erabiliak diren euskal hitz edo esaldiak, euskara hutsez idatziko dira.
Euskaraz eta gaztelaniaz antzera idazten diren hitz edo esaldiak, euskara hutsez idatziko dira.
Euskaraz idatzitako hizkien neurria, gutxienez ere gaztelaniazkoena baino bi aldiz handiagoa izango da lehentasunezko irakurgarritasuna zihurtatzeko.
Material idatzia banatu baino lehen, ale bat Euskara-Zerbitzura eraman beharko da, honek oneritzia eman dezan.

16.2. Hizkuntza mintzatuaren erabilpenari dagokionez, bozgorailu, irrati, egunkari eta gisakoetan egiten den propaganda, argitaratzen diren ohar, publizitate eta beste euskara hutsez egiten ez diren kasuetan, euskaraz gaztelaniaz halako bi behintzat egin beharko dira eta euskarari lehentasuna emanez egin ere.

16.3. Gusti hau derrigorrez bete beharko da eta horretarako, aldez aurretik Sail bakoitzari eta Zerbitzuburu nahiz Batzorde bakoitzari, guzti honen berri idatzita emango zaie bete dezaten (Zirko, barraka, musika-jaialdi, antzerki, eta gainerako ikuskizun-mota guztiak barne). Baldintza Ekonomiko-Administratiboen Plegurik prestatzen denean, argi eta garbi adieraziko dira bertan hizkuntz arau hauek guztiak.

16.4. Hala eta guztiz ere, baldintzak betetzen ez badira, Udalak honela jokatuko du:

Fidantzarik balego, ez itzuliz.
Fidantzarik ez balego, fitxa bat bete eta hurrengo baimena ukatuz.

17. Artikulua - Publizitate-dirulaguntzak eta euskararen erabilpenagatikoak.

Euskara hutsez idatzitako ezaugarri, errotulu eta gisakoei diru-laguntzak emango zaizkie. Izen nagusi edo propio euskaldunek ere tratamendu berbera izango dute. Horretarako, beharrezkoa izango da euskaraz ongi idatzita egotea eta hau Euskara -Zerbitzuak ziurtatu beharko du.

  • Errotulu edo ezaugarriaren kostuaren portzentaia at gehienezko kopuru bat arte. Kopuruei dagokiena, urtez urte berrikusiko du Euskara-Batzordeak.
  • Beste hizkuntz erabilpen-mota batzu ere (merkataritzako edo industriako zenbait idazketa, eta.) lagunduko dira, Euskara-Batzordeak kopuruak ezarri eta bere aurrekontuan aurrikusita. Hauen berri, zehazki emango da komunikabideetan.
  • Obra-baimenen eskaera euskaraz egin eta ondorengo izapidaketa edo tramitazio osoa euskara hutsean egin dadin, eskaera euskaraz egiten duenari eta bere eskaerari jarraiki izapideketa edo tramitazio guztia euskaraz egiteagatik, obra-baimenagatiko subentzioa emango zaio, portzentaiak eta kopuru maximoak Euskara-Batzordeak aztertu eta ezarriz.

Eskatzaileak, eskaera hori egiteaz gain, berak ere, espedientearen izapidaketan berari dagokion guztian euskaraz ihardun beharko du, subentzio hori jasoko badu. Dirulaguntza jasotzeko aukera honek eraginkortasunik izan dezan, Udalarengana obra-baimen eske datozen guztiei, artikulu honen berri emango zaie.

18. Artikulua - Euskara-ikasleei eta euskarazko ikastaro berezietakoei dirulaguntzak.

Beasaingo Udalak, dirulaguntzak emango dizkie ondorengo ikasketak egiten dituzten herritarrei:

18.1. Euskara-ikasketak egiten dituztenei. Hizkuntz ikasketak Irakaskuntza erregelatutik at egiten dituzten guztiei, ondorengo dirulaguntzak emango zaizkie:

  • Matrikularen portzentaia bat emango zaie euskalduntze, alfabetatze, EGA, B titulu eta gisako ikasketak egiten dituztenei, baldin eta eskolorduen %80etara joaten badira eta beste inongo erakunderen laguntzarik jasotzen ez badute. Portzentaia, Euskara-Batzordeak ezarriko du.
  • Langabetuei (langabetu-txartela dutenei) matrikularen portzentaia bereziko laguntza emango zaie, aurreko ataleko baldintza berberak betetzen dituztenean. Portzentaia Euskara batzordeak ezarriko du.

18.2. Irakaskuntza erregelatutik at euskara hutsezko ikastaroak (UEUkoak, Laneko Euskarakoak eta gisakoak) egiten dituztenei ere, dirulaguntzak emango zaizkie eta Euskara-Batzordeak erabakiko ditu aldi bakoitzean, laguntzaren zenbatekoa eta eskatu beharreko baldintzak. Beti ere, beste inongo erakunderen laguntzarik jasotzen ez denean emango dira laguntza hauek.

18.3. Ikastetxeetako Euskarazko Ereduen eragile eta bultzatzaile diren Egitasmo jakinei laguntzak emango zaizkie aldian aldiko proiektuak aztertu eta ebatzi ondoren.

18.4. Eskolumeen matrikulazio-aldietan, Irakaskuntz Ereduen informazioa eskainiko da, Euskarazko ereduen premiaeta beharrizana azpimarratuz.
Irakaskuntza Ertain eta Unibertsitariari dagokienez berriz, euskarazko adarrak bultzatzeko eta bereziki Beasaingo ikasleak Batxilergo, Lanbide-Heziketa eta Unibertsitatean euskarazko adarretan matrikula daitezen ahalegin berezia egingo du Udalak.

18.5. Udalerrian Euskararen Irakaskuntzan diharduten erakundeei diru-laguntzak emango zaizkie, kasuen azterketa egin ondoren.

18.6. Euskaraz dakitenak euskaraz bizi ahal izan dezaten bultzatzeko asmoz, saio bereziak egingo ditu Udalak, haur, gazte eta helduentzat Kultur eta Aisi ospakizun bereziak euskaraz antolatuz.
Era berean Udalak, euskarako sorkuntza indartu eta euskaraz idatzi eta irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko xedez, herritarrek euskaraz idatzitako lanak argitaratzeko laguntzak emango ditu, horretarako ipuin eta literatur arloko nahiz bidezkoerizten dituen gisa horretako ekintzak bultzatuz eta burutuz.

19. Artikulua - Kexuen bideraketa.

Udalerri barruan, edozein Zerbitzu Publikotan ere, Zerbitzua euskaraz prestatzen ez den kasuetan, kexua bideratu ahal izango da Udaleko Euskara-Zerbitzuaren bidez eta Udaleko Euskara-Batzordea, nahiz Udalbatza bera arduratuko da prestakuntza horren zuzenketaz.

20. Artikulua -Euskararen modernizazio, batasun eta normalkuntzarako azpiegitura.

Ordenantza honen aplikazio eta garapenerako etorkizunean har daitezkeen neurri teknikoen zuzendaritza eta jarraipenaz, Udaleko Euskara-Batzorde Informatiboak esandakoa kontuan hartu ondoren, jasotako erizpideen arabera, markatutako ildotik bete daitezen.
Udaleko Euskararen Batzorde Informatzaileari dagokio beraz, Udalaren hizkuntz normalizaziorako erabakiak proposatzea eta Udalbatzari proposamenak erabakiz Udalaren hizkuntz politika definitzea.
Euskara-Zerbitzu Teknikoaren zeregina da aldiz, onartutako erabaki eta programa horiek hezurmamitu eta beroien zuzendaritzaz eta jarraipenaz arduratzea.
Era berean, Euskara-Batzorde Informatiboa, Beasaingo Udalerrian euskara normaltzekolanetan diharduten pertsona, elkarte, erakunde eta gizarte-esparru ezberdinen eztabaidarako elkargunea izango da. Udalaren hizkuntz normalizaziorako ihardunaldiaren ardatzak finkatu eta berrikusteko erizpideak emateaz arduratuko da. Bestalde, Euskara-Zerbitzu Teknikoa saiatu egingo da era berean, Euskara-Batzorde Informatiboko partaideek behar duten laguntza teknikoa eta azpiegitura ematen.

III. KAPITULUA - Xedapen gehigarria

Beasaingo Udalak sortu edo eta bultzatzen dituen programa guztietan, hizkuntz erabilera normalizaziozko ikuspegia kontutan hartu beharko da eta Udaleko Euskara-Zerbitzua izango da, beti ere Ordenantza honen ildotik, hizkuntz normalizaziozko ikuspegiaren presentzia berma dadin, Udaleko Zerbitzu eta Departamendu guztiak informatuko dituena. Guzti hori, erabakia hartzea dagokion udal-organoak hartzearen kalterik gabe.
Udalak onartutako gainontzeko Ordenantza eta xedapenek ere, Ordenantza honetan jasotakoak bereganatu egin beharko dituzte.
Udal-Ordenantza honetan nahiz 1982ko Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Legean eta 1986ko 250/1986 Dekretuan Agindutakoa betetzeko eta bete erazteko ardura, Udaleko aginte-organo guztiek dute eta bereziki Udalbatza osoaren bilkurak, Gobernu-Batzordeak, Alkatetzak, Alkateordetzek eta Batzorde Informatzaile guztiek. Organo hauek, Euskara-Batzordearen Euskararen Normalkuntzarako Batzordearen eta Euskara-Zerbitzuaren bidez kontrolatuko dute Ordenantza honetako puntu guztien betekizuna eta gertatzen diren arau-hausteak, salatu eta bete daitezen exijituko dute.
Era berean, Ordenantza honetan egitaratuak bihurtu ahal izateko ezinbestekoa den Euskara-Zerbitzua garatuko dute, behar dituen giza eta material bitartekoz hornituta.
Ordenantza honen aplikazio eta garapenerako beharrezkoak diren xedapen eta programa berezi xehetuak erabaki eta bultzatuko dituzte Udaleko Organo Exekutibo edo Egikaritzaileek.

IV. KAPITULUA - Xedapen desemaile edo Derogatzailea.

Ordenantza honen maila berekoak edo eta txikiagoak izanik, ordenantza honetan xedatuarekin bat ez datozen edo eta kontrajarrita dauden erabaki guztiak, baliorik gabe gelditzen dira.

V. KAPITULUA - Azken xedapena.

Ordenantza hau indarrik gabe gelditzeko, Udalak nahiz Udalerria normaltasunez euskaraz funtzionatzera iritsiak izan beharko dute edo eta berau, arlo bereko beste Ordenantza batek ordezkatu beharko du.

 

Azken eguneratzea: 2008/12/04