Hitzarmenak

ELKARTU DIRA

Alde batetik, Larraitz Ugarte Zubizarreta andrea, presidente gisa, GIPUZKOAKO GARRAIOAREN LURRALDE AGINTARITZAren (aurrerantzean, GGLA) izenean eta ordezkaritzan.
Ondorio hauetarako berariazko ahalmenarekin esku hartzen du, 2014ko urriaren 31an egindako GGLAren Ohiko Batzar Orokorrean onartutako erabakiaren bidez emana.
Bestetik, Koldo Agirre jauna, alkate gisa, Beasaingo Udalaren (aurrerantzean, Udala) izenean eta ordezkapenean.
Ondorio hauetarako berariazko ahalmena du, 2014ko azaroaren 20ko udalbatzaren Osoko Bilkuran hartutako erabakiaren bidez emana.
Esku hartzen duten alderdiek elkarri aitortzen diote lankidetza hitzarmen hau sinatzeko beharrezko legezko gaitasuna.

AURREKARIAK

I.- GGLA, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostia, Irun, Errenteria, Eibar, Arrasate, Zarautz eta Hernaniko Udalek osatutako kontsortzio bat da, eta bere xedea Lurralde Historiko osoa kohesionatzea da, garraio eredu jasangarriaren bidez, eta mugikortasunaren alorrean herri administrazioen helburuak babestea. Bere zeregina, Gipuzkoako Lurralde Historikoan herritarren mugikortasun irisgarria eta kalitatezkoa sustatzea da.


II.-
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Lurraldebus txartelaren bidez, Lurraldebuseko hiriarteko autobusetan sartutako esparru bat ezartzea lortu zuen, hau da, zonakatze bera, tarifa berak, ordaintzeko modu bera eta hobari/deskontu berak ezarri zituen, eta aldi berean zerbitzu elkarreragingarria da Donostia, Irun, Arrasate, Hernani, Errenteria eta Oiartzungo hiri-autobusekin, baita Renfeko Aldiriak zerbitzuarekin ere. Lurraldebus txartelak hiriarteko garraio publikoaren erabilera areagotzen lagundu zuen nabarmen.
Beste urrats bat emateko eta, Gipuzkoan, Lurralde Historikoko garraiobide publiko nagusietan tarifen integrazioa abian jartzeko asmoz, etorkizunean beste garraiobide batzuk eransteko aukera irekita utziz, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak lurraldeko garraio publiko osorako tarifa esparru global bat zehaztu du. Horrela, 2012an, lurraldeko eragile nagusiekin batera (Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, Irungo Udala, Errenteriako Udala, RENFE eta EUSKOTREN), lurraldeko garraio publiko kolektiboan tarifak integratzeko sistema ezartzeko Lankidetza Protokolo Orokor bat sinatu zuen.
Protokoloak, sistema hori ezartzea sustatzeko lankidetza esparru orokor bat ezarri zuenak, jaso zuen protokolo hori Gipuzkoako Lurralde Historikoko garraiobide guztietan sartutako taldeak finkatzean oinarritu beharko litzatekeela, garraiobide guztietan komunak diren gizarte politikak aplikatuz.
Aipatutako protokoloaren II. Eranskinak tarifa integratzeko sistemako talde bereziak zehaztu zituen, eta talde horiei dagokien txartela lortzeko baldintza gisa ezarri zuen Gipuzkoan erroldatuta egoteko betebeharra.

III.- Kontsortzioko kide diren entitateek txartel bakarraren kudeaketa GGLAri eman zioten, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko garraio publiko kolektiboan tarifa integratzeko sistema ezartzeko hitzarmenak sinatu zituzten.

2013ko martxoaren 4an Gipuzkoako Tarifa Integrazioa ezarri zen MUGI markaren mendean.

Bestalde, 2013ko martxoaren 15ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak GGLAri, Gipuzkoan bidaiarien garraio publikoaren tarifa integratzeko sistema kudeatzeko beharrezkoak ziren LURRALDEBUS, S.L.U.-tik eratorritako aktiboak, eskubideak eta betebeharrak laga zizkion.


IV.-
Egun, taldeentzako 130.000 MUGI txartel baino gehiago daude, hau da, horien titularrak Gipuzkoan erroldatuta egotea eskatzen dutenak.

GGLAren berezko zereginak garatzeak zehazten du beharrezkoa dela GGLAk egiaztatzea taldeentzako MUGI txartelak eskatzen dituztenak Gipuzkoako udalerri batean erroldatuta daudela.

V.- GGLAren helburu nagusien artean dago erakundearteko lankidetza harremanak areagotzea eta modernizazioa bultzatzea, dauden baliabideak arrazionalizatzea, batetik, baliabide publikoen kudeaketa eraginkorra bilatuz, eta bestetik, erabiltzaileei eta oro har herritarrei zerbitzu hobea eskaintzea, lan administratiboak sinplifikatuz edo izapide jakin batzuk erraztuz, hori guztia, pertsonen intimitate eskubidea zaintzeko eta beren datu pertsonalak babesteko beharrezkoak diren bermeak kaltetu gabe.
Horregatik guztiagatik, herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko interesa dutenez, Udalak eta GGLAk ulertzen dute egokia dela GGLAk taldeentzako MUGI txartela eskatzen duen pertsonaren bizilekuaren datuak modu telematikoan eskuratu ahal izatea; eta Udala da datu horiek dituena.
Hobekuntza, herritarrei eragozpenak sortzea saihesten den eta zerbitzu publikoetara sartzea errazten zaien neurrian lortzen da, eta aldi berean, udal baliabideak aurrezten direlako, eskaerak artatzeari eta errolda dokumentuak igortzeari dagokienez.

VI.- GGLAren berezko lanak egiteko taldeentzako txartela eskatzen duen pertsonaren bizilekuaren datuak telematikoki eskuratu behar dira. Aipatutako informazioa eskuratzeko, lehentasunez bitarteko informatikoak edo telematikoak erabiliko lirateke eta herritarrek, Udalean dauden beren datu pertsonalei dagokienez dituzten eskubideak eta bermeak babestuta egingo litzateke.

Errolda egiaztatzeko izapidea Informatika Zerbitzuen Foru Elkartea enpresaren bidez kudeatuko litzateke.


VII.-
Bestalde, GGLAk eskaera egiten duten erabiltzaile guztiei baimena eskatuko die, baita egun txartel horiek dituztenei ere, erroldako datuak eskuratzeko.

Adierazitakoagatik guztiagatik, bi aldeek lankidetza hitzarmen hau sinatzea erabaki dute.


Hona hemen hitzarmenaren KLAUSULAK

LEHENENGOA.- Xedea

Hitzarmen honen xedea da GGLAk mugi txartelak eskatzen dituzten pertsonek Gipuzkoako udalerriren batean erroldatuta egoteko beharraren eskakizunaren gainean datu pertsonalak erabiltzeko baldintzak ezartzea, baita GGLAk mantendu behar duen konfidentzialtasun esparrua ezartzea ere.

BIGARRENA.- Datu pertsonalen konfidentzialtasuna eta tratamendua

GGLAk aitortzen du badakiela eskuratzen duen informazio guztia eta, bereziki, izaera pertsonala duen informazioa erabat konfidentziala dela, eta horren arabera, bere erantzukizunpean, bere buruari betebehar hauek ezartzen dizkio:

  1. Informazioa lehenengo klausulan deskribatutako xederako erabiltzea eta hirugarrengoei ez ematea.
  2. Egoki lekiokeen edozein betebehar betetzea, indarrean dagoen arau-esparrua eta, zehazki, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoa eta hori garatzeko erregelamendua modu zorrotzean errespetatuz.
  3. Hirugarrenei informazioa ez jakinaraztea, ez ezagutaraztea, ezta hori gordetzeko ere.
  4. Informazioa soilik beren betebeharrak hori ezagutu gabe bete ezin dituzten langileei jakinaraztea.
    GGLA sekretu betebeharra betearaztearen arduraduna izango da, beharrezkoak diren neurriak hartuz.
  5. Bai GGLA bai bere langileak atal honetan ezarritako konfidentzialtasunaren eta sekretu profesionalaren betebeharrari lotuta egongo dira.

HIRUGARRENA.- Segurtasun neurriak

GGLAk eskuratzen duen informazio ororen konfidentzialtasuna gordetzeko beharrezkoak diren neurri teknikoak eta antolaketakoak hartzeko konpromisoa hartzen du, bereziki informazio pertsonala, datuen segurtasuna bermatzeko eta horiek aldatzea, galtzea edo baimenik gabe eskuratzea saihesteko moduan.

LAUGARRENA.- Aplikatzeko printzipioak

Hitzarmen honetan printzipio eta arau hauek bete behar dira:

  1. Datuak, dauden zeregin eta beharrera egokituko dira.
  2. Eskatzen diren datuak horiek erabiltzeko xedeekiko proportzionalak izango dira.
  3. Datuak transmititzeko eta eskuratzeko baliabideak seguruak izango dira.
  4. Kostuak eraginkorrak eta ahalik eta txikienak izango dira.
  5. Datuak ezingo dira transferitu.

Kasu guztietan, GGLAk, aurretiaz, eragindako pertsonen baimena jaso beharko du horien erroldako datuak eskuratzeko. Emandako baimena jasota geratuko da dagokion espedientean.

BOSGARRENA.- Datuen izaera eta hitzarmenaren xedea gauzatzeko metodologia

Hitzarmen honen xede diren datuak soil-soilik GGLAren aldetik erabiltzaileen erroldatzea egiaztatzera mugatuko dira.
Horrela, hitzarmen honetan deskribatutako taldeentzako MUGI txartelak eskatzen dituzten pertsonak Gipuzkoako udalerri batean erroldatutako daudela egiaztatuko da.
Hitzarmenaren xedea burutzeko erabiliko den metodologiari dagokionez, adierazi behar da soil-soilik sistema informatikoak erabiliko direla, SFTP, FTPS edo SSL, esaterako. Dena den, sistema horiek, datu pertsonalak babesteko araudiak eskatzen dituen segurtasun, osotasun eta konfidentzialtasun berme guztiak bete beharko dituzte.

SEIGARRENA.- Ez betetzeak

Informazio hori modu okerrean erabili edo eskuratzeagatik egon litezkeen erantzukizun penal, administratibo edo zibilak, edo datuak isilpean gordetzearen urratze oro alde batera utzita, eta Datuak Babesteko Espainiako Agentziari edo Datuak Babesteko Euskal Bulegoari (otsailaren 25eko 2/2004 Legeak sortua) dagozkien zereginen kalterako izan gabe, aldeetako batek hitzarmen honetan jasotako betebeharren bat betetzen ez badu, besteari zuzenbide osoz eta berehala amaitzeko ahalmena emango dio.
Edozein arrazoirengatik hori amaitzen denean, GGLAk, berehala, hitzarmena gauzatzearen ondorioz eskuratu ahal izan duen informazio oro itzuliko du, hori edozein euskarritan egonda ere.
Aipatu informazioa itzuli arte, GGLAk hori modu egokian gordeko du.

ZAZPIGARRENA.- Erantzukizuna

GGLAk, berak edo informazioa eskura dezakeen langileren batek hitzarmen honetan jasotako betebeharretako edozein ez betetzearen ondorioz sortutako kalte-galera guztien erantzukizuna izango du.

ZORTZIGARRENA.-Hitzarmena amaitzea

Hitzarmena amaitu egingo da ondoko kausaren bat gertatzen denean:

  • Indarraldia igaro delako;
  • Aldeek espreski erabaki dutelako;
  • Alderen batek hitzarmena salatu duelako, horren arabera beste aldeak bere gain hartutako betebeharrak ez betetzeagatik; betebeharrak bete ez dituen aldeak beste aldeari ez betetze hori dela-eta eragindako kalte-galera guztien erantzukizuna izango du;
  • Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza desegin delako.

BEDERATZIGARRENA.- Indarrean sartzea eta indarraldia

Hitzarmen hau sinatzen den unean jarriko da indarrean eta GGLAk MUGI txartelak izapidetzearen eta igortzearen baldintzapean egongo da.
Eta adostasuna erakusteko eta hitzarturiko guztia behar bezala jasotzeko, aldeek dokumentu honen bi ale sinatu dituzte, idazpuruan adierazten den tokian eta egunean.

HAMARGARRENA.- Araubide juridikoa

Hitzarmen honek izaera administratiboa du eta Toki Araubidearen Oinarriak erregulatzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 57. artikuluan eta azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 30/1992 Legearen 6. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitako araubidea aplikatuko zaio.

 

Azken eguneratzea: 2016/01/13