Herramientas de Accesibilidad

Skip to main content

MARIA RUIZ LASA

B Level Prosa aipamen saria
Maria Ruiz nauzue, 2008ko ekainaren 12an jaio nintzen eta Beasainen bizi naiz. DBHko laugarren maila egiten hari naiz, La Salle San Jose ikastetxean. Nire zaletasunen inguruan galdetzen didatenean, saskibaloia eta eskiatzea etortzen zaizkit burura, baina, azken urteetan, idaztea ere nire bizitzaren zatitxo batetaz ahaldun dela esango beharko nuke. Bolaluma eta papera hartu, eta hitzez hitz, lerroz lerro, istorio berri bat sortu dut beste urte batez. Idazlan hau gozatzea espero dut, nik hau idazten gozatu dudan bezalaxe.
MARIA RUIZ LASA

HIRI GRISA

 

Egunero, ke eta langile auzoetatik zetorren olio usainaren artean, lantegiko adarrak orro eta dardar egiten zuen. Bitartean etxetxo grisetatik, nekea hezurretaraino sartuta geneukan pertsona bakartiak ateratzen ginen korrika eta presaka, noraezean, inurri langile jasotzaileen antzera. Goizeko egurats hotzean, kale estuetan zehar, harrizko kaiola izugarri hartara gindoazen. Ongi ezagutzen genuen erraldoi hura, egunero begi laukiz begiratzen gintuen leku hark. Lantegi atzean, pinuz inguraturiko laku bat ikusi zitekeen; eraikuntza guzti hura kirastutako eraztun batez bilduz. Udan, lurrun horixka eta dentso bat ateratzen zen bertatik; eta euliz osaturiko lainoak inguruan zehar sakabanatzen ziren sukarra zabalduz. 

 

Lantegirantz gindoazela, lokatzetan hanka pausoen hotsa entzun zitekeen, baita zenbait gizonen ahots  lodi eta zakarra ere. 

 

Bazeuden beste soinu batzuk: makinen hots mutua, lurrinaren txistua, haurren negar leuna eta haizearen ulua…

 

Tximiniek auzo guztia menperatzen zuten, zerura begira ixilik baina zaratatsu.

 

Arratsean, eguzkia ezkutatzean eta bere izpi gorrixkek etxeetako kristaletan jotzen zutenean, lantegiek kanporantz jaurtitzen gintuen langileak, kez zikindutako gure aurpegi beltz eta gosea adieratzen zuten hortzekin, eta kale hotzen artean sakabanatzen ginen, airean olio eta makina usaina uzten zuten bitartean. Orain ahotsak biziagoak ziren, bazitekeen alaiak izatea ere; lan neketsua bukatua genuen eta etxeko goxotasuna genuen zain.

 

Lantegiak, langile eguna jana zuen, makinek, gizonen indar guztia zurrupatua. Eguna egunero bezala iragaten zen, inolako aztarnarik utzi gabe: gizon bakoitzak pauso bat gehiago eman genuen hilobirantz baina, lasaitasunaren goxotasuna gertu zegoen, kez beteriko taberna zain baikeneukan. Horregatik, bakoitzak bere biziaren zatitxo bat lantegian uzten genuela jakin arren, alai sentzen ginen.

 

Jaiegunetan hamarrak arte lo egiten genuen. Gero, jende serio eta ezkondua; gure arropa hoberena soinean ezarririk mezetara joaten ginen, gazteen jarrera nagia mespretsatuz. Gehienak ez ziren apaizaren sermoi aspergarria entzutera joaten; aldamenekoak zer arropa eta itxura eramaten zuen ikusteko eta kritikatzeko baizik. Hala esaten zidan beti nire Mariak  Elizatik etortzean, igandetako bazkaria egin eta oheratu egiten ginen arratserarte. Nekeak, urtetik urtera pilatutako nekeak, gosea kentzen zigun, baina uxuala hartzen genuen hau kontrajartzeko.

 

Arratsaldean, nagikeriaz ibiltzen ginen  kaleetan zehar: gomazko botak zituztenak, beraiekin ateratzen ziren euririk egin ezean  ere; aterkia zutenak, kalera ateratzen zituzten  nahiz eta eguzkia gori-gori egon . 

 

Elkartopatzean lantegitaz hitzegiten genuen, edo makinaz edo buruzagien tratuaz…Hitzak eta pentsamenduak lantegiaren inguruan mugitzen ziren, eta gutxitan, gaizki adierazitako ideiaren batek argitzen zituen egun gris eta monotono haiek. 

 

Etxera itzultzean, gizonek emakumeekin burrukatzen zuten, kolpeak alde  batera utzi gabe. Ez zen nire kasua. Mariatxok ez zuen halakorik merezi. Eta merezita ere, ez zen besoak gurutzatuta geldituko zen emakumea. Ez horixe! Gazteek batzartxoak eratzen zituzten etxeren batetan, soinua joaz, dantza egin edo edanez. Alaiki senidearteko abestiak abesten zituzten, beste batzuetan, berriak izaten ziren abestiak, edertasun berezi batekin, baina aldi berean triste eta arraroak. Orduan, aurpegiak zurbildu egiten ziren eta hitz esanguratsu haietatik indar berezi bat ateratzen zen. 

 

Nagusitasuna zen nagusi langileen artean. Langileak arimako gaixotasun honekin jaiotzen ginen eta azken hatsa arte eramaten genuen itzal baten antzera…

 

Bikoteek bakardadea eta iluntasuna bilatzen zuten mamu antzeko etxe zikin eta zaharren artean.

 

Festa egunetan gazteak berandu etxeratzen ziren gauetan, batzuk mozkorra gainean zutela, beste batzuk beraien nesken ezpainetakoaz aurpegia eta alkandora zikindurik. Batzuetan gurasoak ginen, semeak etxeratzen zituztenak: edanda aurkitzen genituen, paretaren baten kontra etzanda edo tabernan barrena. Gure Prantxiko aurkitu nuenenean bezala, kale gorrian luze, zurrunka batean.  Orduan, berriro ere kolpeak nagusitzen ziren, baita gure etxean ere, oraingo honetan Prantxiko gaztearen gorputzean. Gero oheratu egiten genuen, hurrengo goizen jaikiarazi eta lantegiko tutuak jotzen zuenean beren lanetara bidalia izateko. Kolpeak beraien bizkar gainean errepikatzen ziren arren, ez zuten uxuala baztertzen eta bertan itotzen zituzten bere tristurak. 

 

Edariak gizon izaten laguntzen  zien gazteei, galtza motzen hurrengo pausoa zen edaria. Horrela zen bizitza; erreketako ura bezalaxe, biziak geldi korrika egiten zuen urte batean eta bestean; haurrak gazte, eta gazteak gizon egiten ziren heinean… Egun bakoitza jarrera berdinez zegoen osatuta, egiteko eta pentsatzeko jarrera berdinez. Hala ere ez zirudien inork hau aldatu nahi zuenik. 

 

Batzuetan auzoan, inork ezagutzen ez zituen pertsona arraroak agertzen ziren, noraezean. Hasieran atentzioa deitzen zuten, kanpotarrak ziruditelako soilik. Gero jakinmina piztuarazten zien, gazteeei batipat, arestian lan egindako lurraldeetaz hitz egiten zutenean. Beraien kontakizunek gauza bat ziurtatzen zuten: langileen bizitza nonahi berdina zela. Zertarako hitz egin horretaz orduan?...Batzuetan inoiz entzun gabeko istorioak kontatzen zituzten  ordea. Ez zien inork kontra egiten, baina, batzuk haserreaz eta ezinegonaz entzuten zieten, beraien ustez, gazteen ohiturak aldatu nahi zituzten eta. Gazteengan, itxaropenak pizten zituzten, itxaropen hutsak; Prantxikok Ameriketan hobeto biziko zela eta bazihoala esan zigunean bezala… amak eta biok esan genion ez sinisteko esandako guztia… kasu egin zigun eta ez zen joan, baina hor jarraitzen du ahal duen guztietan zurrutean.

 

Dena aintzindarien arabera egituratua zegoen eta  aldaketetarako lekurik ez. Kanpotarren artean zerbait harrigarria aurkitu orduko, bera begiratzeari uko egiten zioten. 

 

Betidanik eta betirako zapaltzen zituen indar hark, ez zuen hobekuntzarako esperantzarik uzten eta esperantza izpi bat sortu orduko, bizitza okerrago baten pentsamenduekin ahazten genuen. 

 

Zerbait berritzeaz hitz egiten zuten gazteek ez zuten entzulerik. Orduan bidean zehar desagertu edo lantegirako lan egiten zuten, baina, beti langileen artean nahastu gabe, artalde bateko ardi beltza, besteekin batera, baina aparte.

 

Gure herrian gizon gehienak berrogeita hamar bat urtez bizi izaten ziren, gero, azken biajea…hil egiten ziren…

 

Emakumeen bizitza erabat desberdina zen. Emakumeek etxean lan egiten zuten, gau nahiz egun, jaiegun nahiz asteegunetan. Ez zuten festarako denborarik, umeen eta zikinkeriaren, nahiz lapikoen artean jaio, bizi eta zahartzen ziren. Hamalau urte betetzen zituztenetik, umeen zainketan egotea zen bere lana. 

 

Senarrak arazoren bat edo egun txarra izan bazuen, emazteak ordaindu behar izaten zuen dena etxe gehienetan, ezer esateko eskubiderik izan gabe. Orduan jasotzen zituen zartadak izugarriak ziren, eta askotan konortea galdu eta hiltzen ziren. Horrela gertatu zitzaion Luziari, Mariatxoren lagunari. Babarrunak txarrak zeudela, txerriak ere ez zituela jango… hala esan zion lanik gabe amorratuta bizen zen  senarrak. Duela bi hilabete sekulako istripua izan zuen eta lanera joaterik ez zuenak, babarrunak gaziak zeudela eta sekulakoa  eman zion Prontxiok emazteari. Nahiz eta denek zer gertatu zen jakin, ez genuen ezer egin, hau aldatzeko asmorik izango ez bagenu bezala. Bazirudien emakumeak ez zirela pertsonak, gizonek nahi zituzten bezala erabiltzeko trapu zahar edo tresna baizik; hauetaz aspertzen zirenean alde batera uztearekin nahikoa zuten. Hau gertatzen zenean, gizonak beste emakume gazteago baten bila joaten ziren. Topatzen zutenean, eskuratu ezin zitzazketen milaka gauza eskaintzen zizkieten, eta bizitza hobeago bat izango zutelakoaren ustetan, ia umeak ziren neskatxa hauek, gizonen eskuetan jartzen ziren irteera gabeko bizitza okerrago batetara sartzen zirela ohartu gabe. 

 

Emakumerik aurkitzen ez zutenean, beraien alabetaz jabetzen ziren, beraiekin nahi zutena eginez. 

 

Herrian gaizki ikusita zegoen neska bat kanpotar batekin ezkontzea; honek hiritarron ohitura hankaz gora jartzen zuen, beren antzindariak kanpotarrak baziren ere. 

 

Hau gertatzen zenean, neska hiltzat hartzen genuen. Hala gertatu zen gure iloba Carmen zenarekin. Ezkondu zenean  gure bizitzatik atera genuen. Familiatik kanpo. Beste batzuetan, gurasoek alaba etxeko gela ezkuturen batean gordetzen zuten senargaiak aurkitu ez zezan eta neskak ideia guzti haiek ahaztu zitzan. Halakoetan, berriro ere kolpeen hizkuntza nagusitzen zen, edota urez bakarrik elikatzen zuten gurasoek nahi zutena lortu arte. 

 

Egunak bata bestearen atzetik zihoazen, kontu kontari, eta aste eta hilabeteak gehitzen joaten ginen. 

 

Udaberria gerturatzen zenean, elurra urtu egiten zen, neguko zuritasuna desagertuz eta kaleetako lokatza beste behin agertuz. Egunetik egunera, lokatza ugariagoa zen eta baziruden ordurako herritarrok, gure arroparik eta trapu zaharrenak ateratzen genituela. Teilatuetatik erortzen ziren tantak ugaritzen ziren, berriro ere gaueko hotzak izoztuko zituenak. 

 

Horrelakoa zen bizitza gure hiri grisean, ertsia, iluna, tristea…Honek horrela jarraituko zuen, bertako laino grisen artetik eguzki izpi bat sartu eta hiria koloreztatuko zuen arte. Gazteak benetako gazte bihurtuko ziren orduan , haurrak haur eta langileak langile…