Herramientas de Accesibilidad

Skip to main content

KAIA ZUBIZARRETA ETXANIZ

E Level Prosa aipamen saria
Nire izena kaia Zubizarreta Etxaniz da, 11urte ditut eta 2013ko otsailaren 17an jaio nintzen. Beasaingo Andramendi ikastolako 5.mailako ikaslea naiz. Nire zaletasunik handiena futbolean jolastea da, eta baita lagunekin jolastea ere. Espero dut nire ipuin hau zuen gustokoa izatea eta hau irakurriz gozatzea.
KAIA ZUBIZARRETA ETXANIZ

GUTUNA LEHENDAKARI JAUNARI

 

Lehendakari jauna:

Beasainen  bizi naizen 11 urteko neska bat naiz. Oso kezkatuta nagoelako idazten dizut gutun hau. Zuk oso erabaki garrantzitsuak hartzen dituzunez, agian lagun nazakezu.

Gutun hau kutsadurari buruz hitz egiteko idazten dizut. Oso kezkatuta nago nire inguruko lagunek, kutsaduraren erruz arnasteko arazoak, alergiak, hiperaktibitatea, buruko arazoak, eta bestelakoak dituztelako, eta inork ez duelako ezer egiten. Iruditzen zait boterea duzuenak diruari bakarrik ematen diozuela garrantzia.

Nire lagun Junek arnasteko arazoak eta hiperaktibitatea ditu kutsadurarengatik, eta seguru nago ezagutzen ez dudan jende gehiagok ere edukiko dituela. June oso neska alaia eta mugitua da. Asko gustatzen zaio hitz egitea, abestea eta dantzatzea, eta gainera saskibaloian oso ona da. Bi anaia txikiago ditu, batek bost urte ditu eta besteak, berriz, hamar.

June orain dela bi aste ospitaleratu zuten, saskibaloian jolasten ari zen eta bat-batean zorabiatu eta lurrera erori zen. Gurasoek larrialdietara eraman zuten, eta han ospitaleratu egin zuten. Esan zidaten handik ordu batzuetara June esnatu egin zela, baina ez zela betikoa, isil-isilik zegoela eta gainera ez zuela ezer egin nahi. Orduan, medikua sartu eta esan omen zien birikak oso gaizki zituela eta ebakuntza  bat egin beharra zegoela Estatu Batuetan, eta oso garestia zela. Diru kopurua entzundakoan Juneren gurasoak isil-isilik geratu ziren. Orduz geroztik, Juneri nola lagundu pentsatzen aritu naiz. Iruditzen zait agian lagundu diezaiokezula, dirua lortzeko ekimenen bat antolatuz edo horrelako zerbait eginez.

Juneri gertatu zaiona agintarien erabakien ondorioa izan da, kutsadura gutxitzeko ez duzuelako behar adina egiten. Horregatik, iruditzen zait erabaki bat hartzen denean umeei ere gure iritzia ematen utzi beharko zeniguketela. Azkenean, erabaki horien ondorioak ez dira zuentzat, baizik eta etorkizuneko helduentzat.

Batzuetan amorrazio pixka bat sentitzen dut zuek telebistan azaltzen zaretenean fabrikaren bat ireki dutelako, kotxe berri bat atera dutelako edo antzeko ekitaldiren batean parte hartu duzuelako. Momentu horietan, Junerengan pentsatzen hasten naiz eta asko haserretzen naiz kutsadurak Juneri eta munduari kalte egiten dietelako.

Ez dakit zer iruditzen zaizun dela hobea, jendeari laguntzea ala diruduna izateko edozer gauza egitea, zoriontsua izatea ala aberatsa izatea… nik garbi daukat eta espero dut zuk ere garbi izatea.

Zure berri laster izango dudalakoan eta aldez aurretik eskerrak emanez, agurtzen zaitut.

                                                               LAIA