Herramientas de Accesibilidad

Skip to main content

AMETS ZUBIZARRETA ETXANIZ

B Level Prosa 2. saria
Ni Amets Zubizarreta Etxaniz naiz eta 14 urte ditut. Beasaindarra naiz. Kirola egitea asko gustatzen zait. Irakurtzea eta idaztea gustuko ditut eta bertsotan ere jarduten naiz. Musika ere asko gustatzen zait.
AMETS  ZUBIZARRETA  ETXANIZ

AGUR

-Kaixo- esanez sartu naiz medikuaren kontsultara.

-Kaixo, eseri zaitez aulkian mesedez- erantzun dit medikuak.

-Bai oraintxe- eseri bitartean nik.

25 urte ingururekin guztiz maitemindu nintzen zutaz. Nire bizitzaren erdigune bilakatu zinen. Zuri begira, zuri buruz pentsatzen, zugatik lana egiten… pasatzen nituen egunak.  Zugatik egiten nuen dena, baina hori oraintxe bertan aldatu da. Medikuarenera etorri naiz, medikuarenean jarraitzen dut oraindik.

 

Gutun honek nire bizitzaren hausnarketa izan nahi du. Medikuaren hitzak entzutean behartuta sentitu naiz, hausnartzen hasi naiz eta gutun hau idatzi dizut.

-Beno ba, badakizu zergatik etorri zaren, aurreko astean egindako analisi eta proben emaitzak dauzkat esku artean eta oraintxe erakutsiko dizkizut- esan dit medikuak. 

-Ados, mediku jauna- erantzun diot, urduritzen hasita. 

Umea nintzenean sarri entzuten nuen zutaz, baina nik ez nekien nor zinen. Sarritan begiratzen nizun. Ez nekien zergatik, baina nire arreta deitu zenuen. Aitarekin kafea hartzera joaten nintzen larunbatetan. Aitak egunkaria irakurtzeko esaten zidan, munduan gertatzen ari zenaren jakindun izatea oso aberasgarria zelako. Baina nik ez nuen egunkaria irakurri nahi izaten. Zuri begira geratzen nintzen. Taberna batean ikusi zintudan lehen aldiz, eta orduz geroztik zuregan besterik ez dut pentsatu.

 

-Zure kasua inoiz ikusi gabeko kasu bat da, odolean bakterio bat daukazu inoiz ikusi ez duguna. Zure analisiak munduko zientzialari eta mediku onenek ikusi dituzte, baina inork ez du ulertzen gertatu zaizuna. Mediku talde baten hipotesiak esaten du zure egoeraren jatorria gaztetatik eraman duzun bizi estiloan egon daitekeela, eta oraingoz atera dugun hipotesirik zentzuzkoena dela iruditzen zait. Lanean aritu gara eta ziurtatu dezakegu ez dela kutsakorra- azaldu dit medikuak.

-Baina, mediku jauna, zer egin dezaket orain, ba al dago tratamenduren bat?- erantzun diot, geroz eta urduriago.

Gaztetan ikastera joan nintzen Madrilera, han pasa nituen 5 urte. Bertan finantzak eta kontabilitatea ikasi nituen, baita ekonomiako master bat ere. Pisu txiki batean bizi nintzen, nire batxilergoko bi lagunekin batera. Egia esan pisua polita zen, ez zen handia, baina hiru lagunentzako nahikoa zen. Madrilgo Moncloa auzoan zegoen pisu hura, eta niri behintzat auzoa asko gustatzen zitzaidan. Madrilen egon nintzen urteetan asko ikasi nuen. Alde batetik unibertsitateko ikasketak egiten ari nintzen, eta ez ziren errazak. Baina, beste alde batetik,  egunerokoan ia bakarrik moldatu beharra neukan eta hori oso gogorra egin zitzaidan. Urte horietan zehar krisi bat izan nuen. Gurasoen babesaren falta sentitzen nuen. Etxean babestuta sentitzen nintzen, baina beraiek gabe zure behar handia nuen, zureganako menpekotasuna sortzen joan zitzaidan.  Inoiz ez naiz oso festazalea izan eta Madrilen ere ia ez nintzen ateratzen. Lagunek eta ikaskideek esaten zidaten ateratzeko, aukera ederra zela ligatzeko, ederki pasako nuela, jende berria ezagutuko nuela… beti esaten dituzten gauza berberak. Baina nik ez nuen nahi, nire burua ez zegoen festa girorako, nire buruak zuregan besterik ez zuen pentsatzen.

Ikasketak amaituta nituenean, Madrilen praktikak egiteko aukera izan nuen lantoki batean eta etxera itzuli bezain laster sekulako aukera izan nuen. Kuadrillako lagun batek aipatu zidan enpresa bat sortu zuela eta nire profil inguruko norbait bilatzen ari zela, berekin lan egin nahi nuen galdetu zidan eta nik baietz esan nion. Egin nituen ikasketak eta praktikak ezin hobeto etorri zitzaizkidan lan horretarako; praktiketan ikasi nuenarekin oinarri bat egin nuen eta lanean hasi nintzen. Orduan hasi nintzen zu benetan ezagutzen. Jada ez zen amodio sinple bat. Geroz eta gehiago ezagutzen zintudan, geroz eta gehiago ikusten ginen elkar. Zortea izan nuela pentsatzen dut, zure bila ibili beharrean zu etorri zinelako niregana eta momentu horretan itsutu nintzen zurekin. 

28 urte bete nituenean laneko bazkari bat izan genuen, eta orain nire andrea dena ezagutu nuen. Bere aitak Europako lehen marketing enpresa sortu zuen eta berak jarraipena ematen zion momentu horretan. Guk enpresarako bere laguntza behar genuen eta berak horixe saltzen zuen. Enpresa hazteko eta Europa mailan zabaltzeko sekulako aukera zen. Orduantxe ezagutu nuen, neska ederra zen, ez oso altua, ile horia, begi urdinak; baina, niri gehien gustatu zitzaidana zen leku guztietan zeure antza hartzen niola. 

Hasieran, lana zela eta, elkar ikusten genuen, baina berak enpresan egin behar zuen lana amaitzean, neuk eman nuen aurrera pausoa eta afaltzera gonbidatu nuen. Bertan hasi zen gure arteko harremana. Ezagutzen joan ginen, etxe bat erosi genuen eta nik lanean jarraitzen nuen. Nik 32 urte nituenean lana utzi zuen, bere anaia gaztea egin zen enpresaren buru eta bera bizitzaz gozatzen saiatzen zen. Nik inoiz ez dut ulertu lana utzi nahi izatea, zeukan diru iturri bakarra uztea, baina bere erabakia izan zen eta nik lanean jarraitzen nuen. Egia da diru asko geneukala, baina inoiz nahikoa ez zela uste nuen nik. 

-Ez da kasu erraza, lehendabiziko aldia da horrelako kasu baten aurrean gaudela, eta oraingoz ez dauka tratamendurik- esan dit medikuak.

-Orduan hil egingo naiz? Zenbat denbora geratzen zait?- galdetu diot nik.

-Geure eskuetan dagoen guztia egiten saiatuko gara, zientzialari eta mediku talde bat daukagu horretan lanean eta ez daukagu denbora asko bakterioa barrutik kalte handiak egiten ari baitzaizu- azaldu dit berak.

-Niri esan gauzak garbi, zenbait denbora geratzen zait bizitzeko- galdetu diot nik.

-Geure frogen arabera bi aste inguruko bizia geratzen zaizu, sentitzen dut, bakarrik utziko zaitut nahi baduzu- eskaini dit berak.

-Bai mesedez, utz nazazu bakarrik- eskertu diot nik.

Orain 51 urte bete berritan nago, hemendik gutxira hilko ote naizen beldurrarekin. Eskuetan bolaluma eta mahai gainean papera ditudala.

 

Bi alaba eta seme bat ditut. Ez dakit zer gustatzen zaien, ez dakit beraien hezkuntza eta hazkuntza nolakoa izan den, ez dakit amodiorik izan duten eta ez dakit niri buruz zer pentsatzen duten. Ia agurtu ere ez nuen egin ama, lanarekin itsututa nengoen eta aita bakarrik geratu zen. Aitari kasu eskasa egin nion, urtean 10 bat aldiz ikusten nuen asko jota eta konturatzerako bera ere joana zen. Lanean bakarrik pentsatu izan dut urte hauetan eta kuadrillako lagunengandik ere asko urrundu naiz aspaldian. Ez naiz herriko festetan beraiekin ibili, ez naiz afarietara joan, ez naiz beraiekin mendira joan eta ez naiz beraiekin hitz egin eta garagardo batzuk hartzeko geratu.

Medikuaren hitzak entzun ondoren konturatu naiz gau eta egun lan egiteak zuregana hurbildu besterik ez nauela egin. Zure bila aritzeak zoriontasunetik urrundu nau. Bizitzako gauza garrantzitsuetatik urrundu nau. Bizitza, azken finean, oso azkar pasatzen da, momentu onak eta txarrak pasatzen ditugu, baina denok hil eta jaiotzen gara, eta horretan  inork ere ez du salbuespenik.  Materialismoan besterik ez dut arreta jarri eta ondorioz gauza asko galdu ditut. Bizitzan egin nezakeen onena egiten ari nintzela uste nuen arren, dena gaizki egin dudala konturatu naiz. Bizitza berriz ere hasi beharko banu, dena desberdin egingo nuke eta zurekin ahalik eta gutxien egoten saiatuko nintzateke.

Agur dirua, berriz ere itsutuko ez nauzulakoan.

Zabaleta Urkiaga Bautista, Iraitz