Herramientas de Accesibilidad

Skip to main content

AMAIA SARASOLA AUZMENDI

B Level Olerkia 2. saria
Kaixo! Amaia Sarasola Auzmendi naiz. 15 urte ditut eta Beasaingo La Salle ikastetxean DBH4.maila egiten ari naiz. Musika nire afizio izateaz gain, inspirazio iturri ere badela esango nuke. Iraganeko akatsetatik ikasi eta orainean bizi behar dugula esaten dute. Olerki honekin iraganak orainean duen ondorioa azaleratu dut. Ea gustukoa duzuen!
AMAIA  SARASOLA AUZMENDI

IRAGANALDIKO ELORRIA

 

Iraganeko arantzek jada ez naute ziztatzen, 

eztenkatu ninduteneko orbanek bertan diraute.

 

Nahastu ninduten hitzek ez dute oihartzunik,

hartu nituen erabakien nondik norakoek eragina dute.

 

Erratu ninduten arrosek ez dute kolorerik,

lore-hosto apurtuek lurrean diraute.

 

Ureztatu nituen hirustek ez dute zorterik opatzen,

paisaia liraintzen duten landareek agurtzen naute.

 

Zapaldu nituen loreez ez nintzen dolutzen,

berariaz ni heltzeko atera ziren arantzek bertan diraute.

 

Ni heltzeko atera ziren arantzek ez naute dolutzen,

zapaldu nituen loreek bertan diraute.

 

Paisaia liraintzen duten landareek ez dute zorterik opatzen,

ureztatu nituen hirustek agurtzen naute.

 

Lore-hosto apurtuek ez dute kolorerik,

erratu ninduten arrosek lurrean diraute.

 

Hartu nituen erabakiek jada ez dute zentzurik,

nahastu ninduten hitzek eragina dute.

 

Eztenkatu ninduteneko orbanek ez didate minik sorrarazten,

iraganeko arantzen ziriek bertan diraute.