Herramientas de Accesibilidad

Skip to main content

LIDE URTEAGA RIAÑO

B Level Prosa 1. saria
Lide naiz, 15 urteko neska beasaindarra. Aurten amaituko dut La Salle ikastetxean bi urterekin hasitako ibilbidea. Saskibaloia, bidaiatzea, lagunak, musika, eta parranda ditut gustuko. Aukeran itsasoa… Kolorea fuksia… Zaporea gozoa… Idaztea? Nire erronka! Gozatuko duzuelakoan…

HEMEN BIZI DA MAITASUNA

  

Urtarrileko goiz hotz horietako bat da. Txindoki, zeru oskarbian, Goierriko bailararen edertasuna erakusten saiatzen da eta garai bateko ebakigarri horien antzera, egundoko itxura agertzen du gaurkoan, besteetan baino are dotoreago. Leihotik ikusten dudan paisaia Argiz-argi elkarteak herriko jaietan antolatzen duen argazki lehiaketako irabazlea dirudi. 

 

Kuadrodun bufanda, eskularruak eta Olentzerok ekarritako txapela besaulki txikiaren gainean utzi dizkit Mertxek. Gazteetatik hozbera izan naiz baina nire alabak hotza baino gehiago beldurra sentitzen du, bronkitisa hartuko dudan beldurrez gau eta egun. Izan ere, bronkitis batek dena zailduko luke eta argi dago ez dela eragozpen gehiago jartzeko momentua. Gaur urduri dabil, kafe katilua puskatu du eta txigortzen jarri duen ogia ere erre zaio.  Bere “Kaka zaharra!” etxe guztian entzun da.

 

Mertxe eta biok kotxean goaz. Bion arteko isiltasun deserosoa nagusi da nahiz eta Mertxek  kotxean sartu ahala irratia piztu duen eta tarteka albisteen inguruan komentarioren bat egiten duen. “Eliza Katolikoak adingabeei eragindako sexu abusuen berrogei kasu artatzen ari dira Nafarroan…” “Gazako ospitaleak, jomugan…” “Euskal Herrian ere aldaketa klimatikoa: Itsasoaren maila bi milimetro hazten da urtero Kantauriko kostaldean…” “Championserako sarrerak: Reale Arenan jokatuko dituen partidetarako sarreren salmenta aktibatu da…”  Gaixoa elkarrizketa sortzen saiatzen da baina ahoa irekitzen duenean huskeriak esateko besterik ez da eta, azkenean, ez dudala inolako asmorik jarraitzeko ohartu da. Argi dago elkarri mesedea egin diogula.

 

Sarrera nagusiaren aurrean aparkatu du kotxea. Atzeko eserlekutik nire “tres cuartosa” hartu du eta janzten baita botoiak lotzen ere lagundu dit. Bufanda txukundu ondoren, besotik heldu dit, ospitalera sartu eta iada ezaguna zaigun itxarongelara joan gara. Dirudienez, sarean izandako arazo batengatik kontsulta atzerapenarekin doala adierazi dio Mertxeri aldamenean eserita dagoen emakume hiztunak. Iristen den orori istorio bera kontatzen dio, a ze pelma! Eta bitartean gaixoak pilatzen ari dira… Eneee!! Hau ernegazioa! Ustekabean, aurpegi atsegina eta tratu gozoa duen erizaina atera da kontsultatik eta gure izena izango dela ahoskatuko duena, denak tentetu gara baita Mertxe ere baina parean dugun gizon lodikotearen txanda suertatu da. Ea ez den gehiegi luzatzen, hurrengoa gure txanda omen da nire alabaren ustetan; zenbat eta lehenago bukatu, orduan eta hobe. Hobe? Hummm… Agian ez! Hobetze aldera egiteko aukera handirik ez dagoen seinale izan daiteke eta! Esan bezala, hurrengoa sartzen ni naiz. Mertxeri urduritasunak eraginda poltsa erori zaio, lurretik jaso eta besotik heldu izan nahi dit baina ukondoarekin saihetsean eman diot askatzeko eskatuz. Harro izaten jarraitzen dut. Medikuak ez du begirada ordenagailutik altxatzen, mahaiaren bestaldean eseri eta bere zain gaudela ez dakit erreparatu duen ere. Gizon gaztea, gorpuzkera mehekoa, sudur luzexka, betaurrekoduna eta izakera lehor samarrekoa da Jauregi doktorea. Irakurtzeaz bukatu duenean, agurtu egin gaitu, niregana zuzendu eta galdera batzuk egingo dizkidala azaldu dit. Eta pentsatzeko astirik eman gabe, galdeketarekin hasi da: zein hilabete eta egunean 

 

gauden, zein urtarotan, Errealak igandean zer egin duen eta hauteskundeak zein alderdiak irabazi duen. Hauteskundeak izan al dira ba? A ze galdetegia!! Gero, ohiko frogarekin jarraitu dugu: aulkian eserita hankak gora eta behera berak gelditzeko esan arte aritu naiz. Ondoren, kontsultaren alde batetik bestera ibili naiz. Xuxen-xuxen jartzen saiatu naiz baina halere, nire gorputzak ezker aldera egin du. Lastima!! Eta azkenik pilota bat eman eta fuerte estutzeko agindu dit. Nire indar guztiarekin estutu dut, zer uste du ba? Oraindik sasoian nago! Amaitzeko, egokitutako tratamenduarekin  jarraitzeko esan dit eta hurrengo kontsulta hemendik sei hilabetetara izango dela adierazi digu. Ufaaa! Orain arte urteko errebisioa besterik ez nuen. Kontsultatik irten aurretik, Mertxek, baxu-baxu, zerbait galdetu dio medikuari eta nik entzun ez dudan azalpen labur bat eman dio. Mertxe, Mertxe… Zure aitak buelta hartu orduko, zergatik galdegin diozu? Akaso ez al da nire medikua? Akaso ez al da nire osasuna? Ze demontre! Gauzak kontrolpean ez edukitzeak umore txarrez jartzen dit. Etxera iristerakoan ohean sartuko naiz, bazkaldu gabe gainera! “¡Allá películas!”

   

                                      *******************************************************



Gezurra badirudi ere badira lau urte nire alabaren etxera etorri nintzela, Xole joan zenetik, alegia. Nire Xole maitea…  Emazte, bidelagun, konplize eta maitale! Gaixotasuna antzeman eta denbora gutxira joan zitzaigun, zer eginik ez genuen izan. Geroztik dena pixkanaka itzaltzen joan da, iluntasun sakonean murgiltzeraino. Xole falta eta gero, nire bizitzari zentzua nola eman? Nire tristezia bizi nahi nuen baina bakardadeari nola aurre egin? Nahi ez nuen bakardadeari nola aurre egin? Gure familiaren bizitza hankaz gora jarri zenuen, Xole… Zorigaitzeko zure heriotzaren ondorioz, nire bizitza eta gure bizi proiektuak hankaz gora jarri zenituen.

 

Mertxek eta Peruk onena haiekin bizitzera joatea zela erabaki zuten. Ez nien kontra egin nahi izan, desiratzen nuen bakarra familiaren babesa zen, nire bilobak inguruan behar nituen, haien arteko liskarrak, musuak baita irribar gozoak. Mertxen goxotasuna eta Perurekin izaten nituen solasaldi atseginak  behar-beharrezkoak nituen. Gainera, ordurako gaitzaren lehen sintomak agertu ziren. 

          

Keparen ondoko gela prestatu zidaten. Nire etxeko ohea, mesanotxeak eta logelako besaulki txikia ere ekarri zituzten eta pertsonalki, oroigarriz betetako egurrezko kutxa ekartzeaz arduratu nintzen. Argazki albumak eta liburuak ere apaletan txukundu nituen.  Xole eta biok hainbeste ilusiokin atondu genuen logela argitsu haren kopia lortu zuen Mertxek, eroso eta etxean bezala sentiarazteko asmoarekin. Ezkondugineneko etxean bizitza osoa eman ondoren Xolekin, alabarenera joateak zerbaiten hasiera edo bukaera zela ohartuta nengoen.                                                                                                                                              

 

         Sukaldean gordetako botika-kutxa, Mertxek hasieran eta Ainhoak geroago, igandero antolatzen du. Kolore guztietako pilulak… Nire mugimenduak geroz eta mantsoagoak dira, egunetik egunera 

indarra galtzen ari naizela konturatzen naiz eta giharretako mina batzuetan jasanezina da. Hori dela eta neurologoak astean bitan fisioarengana joatea aholkatu dit. Amaiaren saioak on egiten didate baina leher eginda ailegatzen naiz eta orduan da etxekoen begiradetan antzematen dudala txiki-txikia egiten ari naizela. Dardarizoak ere nola disimulatu ez dakidala aritzen naiz, hitzak korapilatzen zaizkit 

eta askotan ezpainetan hiltzen dira. Horrelakoetan asko haserretzen naiz baina ondoren tristeziak blaitzen nau eta berriro ere etxekoen begiradetan txiki-txikia agertzen naiz. 

 

                                            ******************************************



Eguzkitsu eta bero dago... Uztaileko goiz eder horietako bat da… Beso motzeko alkandora zuria, eguzkitako betaurrekoak eta urtebetetze egunean oparitutako bisera besaulki txikiaren gainean utzi dizkit Mertxek… Kafe egin berriaren eta ogi txigortuaren usaina datorkit… Bere “Aitaaaa, gosaria prest!!” etxe guztian entzun da… Begiak itxi eta eskuak bularrean gurutzatuta ditudala, maitasuna arnastuz hasi dut eguna.