Bareak Merkatari Elkarteak Beasaingo Udalaren babesarekin “Ni naiz Beasain” kanpaina jarri du abian herritarrak erosketak herrian egitera bultzatzeko. Horren lekuko izan da azken bi egunetan, 170 establezimendutik gora euren erakusleihoa paper beltzez estalirik izatea. Herria merkataritzarik gabe nolakoa izango litzatekeen  denoi ikusaraziz eta merkataritzak herrian duen garrantzia azpimarratu nahian. Establezimendu horietan “Horrelako herria nahi duzu?” leloa duten kartelak jarri dituzte herritarrak hunkitu nahian.

Establezimendu horiez gain, hainbat ostalarik ere babesa eman diote kanpainari “ Nik Beasainen erosten dut, eta zuk?” leloa duten kartelak ipiniz.

Gaur maiatzaren 2an, erakusleihoetako paper beltzak kendu dira eta merkataritzak Beasainen ekarpenari buruzko mezuak dituzten koloretako kartelak jarri ditu. Horien artean, lelo hauek ikusi ahal izango dira: Herriari bizia ematen diogu, lanpostuak sortzen ditugu …

Kanpaina hau indartzeko, maiatzaren 2tik 6ra egindako erosketa guztien artean 100 sari inguru zozketatuko dira erosketak egiten dituztenen artean eta hortaz gain erakusleihoetako argazkiak igoko dira Bareak-en Facebook-era.

Beasaingo Udalak “Ni naiz Beasain” kanpainarekin bat egiten du eta herritarrak erosketak herrian egitera animatu nahi ditu, izan ere, gogoan izan behar da bertako merkataritza DENOK egiten dugula.