Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzarturakoaren arabera 3 udal etxebizitza laga dira 10 urteko epean tutoretzapean dauden gazteen beharrei erantzuteko eta etxerik gabeko pertsonei laguntzeko

Beasaingo Udalak jabetzan dituen etxebizitzetatik hiru gizarte-premiei erantzuteko erabilera emango die. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin berriki sinatutako hitzarmenaren arabera, bi etxebizitza gazteen heldutasunerako bidean beren independentzia eta autonomia garatzeko baliabide hau eskura jartzea du helburua. Eginkizun hortara, Bista Alai kalean dauden bi etxebizitza bideratuko dira. 

Horretaz gain hirugarren etxebizitza, Oriako pasealekuan kokatua, etxerik gabeko pertsonei laguntza emateko erabiliko da. Hiru etxebizitza hauen lagapena Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuak garatzen dituen berariazko programen baitan erabiliak izango dira eta une oro profesionalen laguntza eta gainbegiratzea izango dute hartzaileek. 

Gazteen heldutasunerako bidean laguntzea

Etxebizitzetako bitan GazteOn Sarelan programa garatuko da. GazteOn Sarelan programaren

helburua   da   Gipuzkoako  Foru  Aldundiaren tutoretzapean dauden bitartean adin nagusitasunera iristen diren gazteei laguntzea heldutasunerako bidea egiten. Gizarte  esku-hartzearen ikuspuntutik, beharrezkotzat jotzen da urruntze prozesu bat egitea babes prozesuetatik, familia berriz elkartzeko edo emantzipazio funtzionaleko bidea modu egokian egin ahal izateko. 

Zalantzarik ez dago, nahiz eta legez 18 urterekin adinez nagusiak izan, adin horretan trebetasun pertsonalak eta gizarte arlokoak ez daudela behar bezala garatuta bizimodu autonomoa egin ahal izateko erreferentziazko helduen laguntzarik gabe.

Helburua da, pertsona horiek 18 urte betetzen diturtenean eta adinez nagusiak direnean (Gipuzkoako Foru Aldundiak tutoretza galtzen duen unea), beren independentzia eta autonomia errespetatuko  duen  baliabide batean artatzea, helduen mundura igarotzeko prozesua ahalik eta laguntzarik handienarekin egiteko, profesionalek lagunduta eta gainbegiratuta.  

Programak erabiltzaileen enplegagarritasunaren aldeko apusuta sendoa egiten du, funtsezkoa baita heldutasunerako prozesu hori arrakastatsua izateko. Horregatik, programa hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean dauden 16 eta 18 urte bitarteko adin txikikoei zuzendua dago, eta bertan parte hartu ahal  izango dute 23 urte betetzen dituzten arte.

Etxerik gabekoei zuzendutako etxebizitza

Hirugarren etxebizitzan, Gizarte Politikako Departamentuak aurreikusita du Habitat programa garatzea. Habitat programak Gipuzkoako Lurralde Historikoan txertatzen du etxerik gabeko pertsonentzako Housing First eredua. Eredu honek premisa gisa du etxebizitza erraztea eta bertan jarraitzen lagunduko dion profesionalen laguntza ematea. Exijentzia gutxiko baliabide bat da, eta erabiltzaileak konpromisoa hartzen du proiektuan parte hartzeko.