Guztira 60 baratze izango dira eta lur eremuaren prestaketa, irisgarritasuna eta azpiegiturei dagokien lanak martxa onean doaz eta irailaren hasierarako bukatuta egongo direla espero da. Baratzeen banaketan helburu soziala lehenetsiko bada ere oraindik badago izena emateko aukera; onartuen behin behineko zerrenda uztailaren 19an argitaratuko da eta behin betikoa 28an

            Hasita daude jada baratze sozialak prest izateko lanak. Aurreratu zen moduan, lur eremuaren egokitze lanak dira oraingo eginkizunak. Honela, bideak, erregadiorako ur deposituen kokapena, materialak gordetzeko etxolaren oinarria eta orohar beharrezkoak diren azpiegituren prestakuntza burutzen ari da. Datorren astean aldiz, ura ekartzeko lanak egingo dira. Irailerako lanak amaituta egotea espero da aurreikuspenen arabera.

60 baratze izango dira guztira,  eta heren bat arlo sozialean lanean dabiltzan elkarte eta herriko ikastetxeei lagako zaie. Herritarren artean esleituko diren baratzeak araudian jasota dauden irizpideen arabera egingo da. Oraindik badago aukera baratzeak eskuratu ahal izateko eta izen ematea irekita dago ( Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. ). Uztailaren 19an argitara emango da onartuen behin behineko zerrenda. Erreklamazioetarako epea pasa ondoren uztailaren 28an behin betiko onartuen zerrenda jakinaraziko da.

Bereziki behar gehien duten giza kolektiboak eta interes berezikotzat hartzen diren pertsonen taldeak izan ditu udalak gogoan baratze sozialen proiektu berria gauzatzerakoan. Ikuspegi soziala ardatz hartuta, hitzarmenak Caritas-Sarea eta Ekogune fundazioekin sinatu zituen Aitor Aldasoro alkateak.

Baratze sozialen helburua

Helburuak eta ardatz nagusiak hauek izango dira, aisialdi aktiboa sustatzea, nekazaritza ekologikoa bultzatzea, erabiltzaileengan eta haurrengan naturarekiko errespetua sustatzea, gizarte talde ezberdinen arteko elkarbizitza eta harremanak bultzatu eta gizon eta emakumeen arteko proportzioak zaintzea. Honetaz gain, Beasaingo baratze parkea, Ekogunearen Baratze parke sareko kide izango da eta nekazaritza adituen aholkularitza jasoko du.

Proiektu berria

Aurreko legealdiko proiektuan 88 baratze aurreikusita zeuden, egokia ez zen lurzoru industrialean eta aurrekontua guztira 265.431,11€koa zen. Oraingoan, 60 baratze aurreikusita daude eta kokalekua aldatu da lurzoru hiritarrera, Estanda lantegiaren atzealdean. Proiektuaren diseinua Ekogunek hartu du bere gain eta eremuaren egokitze lanen aurrekontua 42.000€koa izango da. Guztira 223.431,11€ aurreztu dira egungo proiektuarekin erabilera eta izaera soziala indartuz.