Bide segurtasuna hobetuko du eraikuntza berriak; proiektua 3 hilabetetan eraikiko da eta 327.000 euroko kostua izango du Diputazioaren kontura

Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatuak eta Leire Artola, Beasaingo alkateak, Ugartemendiko bidegurutzean izan dira, Gipuzkoako Foru Aldundiak eraikiko duen biribilgunearen inguruan azalpenak emateko.

Beasaingo alkate Leire Artolak eskerrak eman dizkio Aldundiari proiektuarekin udalak aspalditik ikusten zuen beharrari erantzuna eman diolako. “Beasaingo bidegurutze honek konponbidea behar zuen bertan pilatzen den trafikoak puntu beltza bilakatu zuelako.  Beasain eta inguruko herrietatik N1 errepide nagusira iristeko bidegurutzea da. Beraz segurtasuna hobetzeko eraikuntza erabakigarria izango da. Trafikoaren segurtasunaz gain, herritarrena eta, bereziki, auzotarrena hartu dira kontutan proiektu honetan, enpresen garraio berezien beharrak ahaztu gabe, CAFen kasua esaterako”, adierazi du alkateak. 

Bide segurtasuna

“Aldundiak, bide segurtasun lanen barruan, bidegurutzeak hobetzeko programa abian dauka  eta bertako trafikoak aztertu ondoren,  Ugartemendiko T formako bidegurutze hau, biribilgune bihurtzea erabaki dugu”, azaldu du Aintzane Oiarbide diputatuak “Intersekzio honek, N-1arekiko lotura izanik, trafiko handia jasaten du, ibilgailu astun ugarirekin, tartean CAF enpresatik nahiko maiz ateratzen diren garraio bereziak. Txindoki Hezkuntza instituturako sarrera-irteerak ere bidegurutze horretatik lotzen dira. Eraikiko dugun biribilgunearekin, bide segurtasuna nabarmen hobetuko da. Soluzio honen bitartez, mugimenduak ordenatu egiten dira eta, aldi berean, abiadura jaisten da adar guztietan”, gehitu du Oiarbidek. Ugartemendiko bidegurutzean ibilgailuen eguneko batez besteko intentsitatea 9.000 ibilgailuetakoa da.

Urte amaierarako lanen hasiera 

Ugartemendiko T formako bidegurutzea ordezkatuko duen biribilguneak 28m-ko kanpo diametroa izango du, 5m zabalerako eraztuna eta beste 4m-ko irlatxo zapalgarria. Gaur egungo oinezkoentzako mugimenduak dauden horretan mantentzen dira. Garraio berezien mugimenduei arreta berezia jarri zaie, beharrezko azterketa geometrikoak eginez eta biribilgunearen ezaugarriak diseinatzerakoan berauek kontutan izanez. Hau dela eta altuera txikiko zintarri muntagarriak jarriko dira eta biribilgunearen erdiko irlatxoan ere hormigoizko irlatxo muntagarria aurreikusi da. 

Proiektua datorren asteartean, Maiatzak 11ean, onartuko da Diputatu Kontseiluan eta lizitazioa martxan jarriko da. Tramitazioek hilabete batzuetako lana emango dute eta urte amaiera baino lehen lanak hasita egotea espero da. 

Ugartemendiko biribilgunearen proiektuak 3 hilabeteko exekuzio epea dauka eta 327.000 euroko kostu aurreikuspena dauka.

Diputazioarekin elkarlanean

Udalak Bide Azpiegituretako arloarekin lantzen ari den hainbat gaien artean,  Zaldizurreta kaleko bizilagunei N1 errepideko trafikoak sortutako zarata gutxitzeko pantaila akustikoak jartzeko aukera aurkitzen da. Lanketa horren barruan, Udala eta Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatua bizilagunekin bildu ziren gai honi buruzko irtenbideak aztertzeko. 

ugartemendi biribilgunea 7