Uraren euskal agentziaren onespenarekin bi lan hauen proiektuak  udal batzordean aurkeztu ondoren hasiko da lanak esleitzeko prozesua

Bonberia eraikina eta Dolarea parkea birgaitzeko proiektuak aurrera eraman ahal izateko baldintza nagusietako bat bete da; “Ura” uraren euskal agentziaren baimena edukitzea. Honela bada, eta ingurumenaren arloari dagokion onespena jasota bai Dolarea parkea eta bai Bonberia eraikina birgaitzeko lanen prozesuan aurrera egiten du Beasaingo Udalak.

Dolarea parkearen kasuan, egingo diren birgaitze lanek herritarrekin egin zen prozesu parte hartzailean jasotako ondorioak dira proiektuaren ardatz nagusiak. Hori horrela, aurre proiektuak ezaugarri hauek izango dituen parkea aurre ikusten du; irisgarritasuna, energetikoki jasangarria eta auto askia izatea eta berdea nagusi izatea. Erabilera anitz izango dituen eremu honetan, zelai eta lorategiak izango dira nagusi. Parkearen mantenuan energia berriztagarriak erabiliko dira jasangarria izan dadin, hala nola euri urak bilduko dituen sistemak erregadiorako beharrak asetuko ditu eta eguzki plaken bidez ureztatzeko sistemarentzat eta argiteriarentzako  energia metatzeko gailuak ezarriko dira.

Bonberia eraikinari dagokionez, Udalak dantza.eus elkartearekin duen akordioaren baitan, Beasaingo dantza tradizionalak babesteko eta indartzeko helburuei erantzunez, herriko dantza taldeentzako dantzaren bilgunea izateko egokituko da. Entsegu lekua izatera ere bideratuko da eta helburu hori betetzeko birgaituko da Arana kalean dagoen eraikina.

Hemendik aurrerako pausoa behin betiko proiektuak Lurraldea batzordean aurkeztea izango da. Xehetasun guztiei buruzko informazioa alderdi guztiekin partekatu ondoren orain arte bezala adostasunez lanak esleitzeko baldintza pleguen lanketari ekingo zaio.