Jolas parkea haurrentzako elementu berriekin hornitu da eta aurretik zeudenak Ezkierdi parkera aldatu dira

Udalak lan honekin akupuntura urbanoaren filosofiaren baitan, herriko espazio eta azpiegituren etengabeko hobekuntza lanekin jarraitzen du

Beasaingo Udalak, udalerrian dauden espazioak berritzeko, egokitzeko eta mantenu eginkizunak betetzeko konpromisoarrekin jarraitzen du. Herriko espazio eta azpiegituren egoerari erreparatuz beharrak atzeman eta horien baitan lehentasunak zehazten ditu, ondoren berritze eta egokitze lanei ekiteko. Oraingoan Zapatariko parkea izan da berritu den azken azpiegitura.

Zapatariko parkea oraindaino herritar orori (0 eta 100 urte bitarteko erabiltzaileentzako) bideratua zegoen ariketa egiteko jolas parkea izan da. Beraz, adineko pertsonek ariketa fisikoa egiteko aukera zuten bertan, baina parkeko elementuen erabilera kontutan izanik, aldaketa egiteko beharra zegoela ikusi zen eta hori dela eta berritu da eremua.

Jolas parke irisgarri eta egokitua

Hori horrela, helduentzako ariketa fisikoa egiteko elementuak Ezkierdi parkera lekualdatu dira eta tresnak aprobetxatuz parke hau osatuagoa geratu da pertsona nagusien onurarako. Zapatari parkearen berrikuntzaren ondorioz adin txikikoei zuzendutako jolas parke eguneratu, berritu eta aproposagoa eraiki da. 3 eta 12 urte bitarteko haurrek erabili ahal izateko egokitua da, haien beharrei egokitutako jolasleku erosoago, atseginagoa eta bereizki seguruago izan dezaten.

Jolas parkearen erabilera egokia, baina, guraso eta laguntzaileen ardura izango da eta 3 urtetik beherakoek nagusi batekin egon beharko dute nahitaez. Haur ezinduentzako egokitutako elementu bat ere badu parkeak. Zorua jarraitua eta eroriko eta kolpeak babesteko materialaz egin da. Bi asteko lana eragin du parke eraikitzeak eta guztira 24.000 euroko inbertsioa suposatu du.

zapatari parkea201811093

Udal gobernuaren legegintzako konpromisoen artean azpiegitura, espazio eta mantenu lanei etengabeko jarraipena egitea da. Lorategietako parterren berrikuntza, Oriamendi kalea eta Nafarroa etorbidearen arteko pasabidearen eraldaketa, Kaleetako asfaltatze kanpainak, jolas parkeetako egokitzapenak, trenbide eta errepide nagusi azpiko pasabidearen berrikuntza eta beste hainbat mantenu lan dira aldian-aldiko eta beharren eta lehentasunen arabera Udalak egin dituenak.

Akupuntura urbanoaren filosofia jarraituz, aldaketa handiak burutu gabe erabilera gutxi edo utzikeriaz gainbeheran dauden espazio eta tokiak berreskuratzeko helburua bete nahi da. Beharrak atzeman, lehentasunak ezarri eta eraldaketa edo berrikuntzak egin aipatutako tokietan.