URA agentziaren baimen eta irizpideak jarraituz hasita daude Oria ibaiaren mantenu lanak

Erdigunea zeharkatzen duen eremuan zuhaitzen entresaka, belarren moztea eta zaborrak garbituko dira 

Herriaren erdiguneko Oria ibaiaren eremua baldintza egokietan mantentzeko lanak burutzen hasi dira. URA agentziaren oniritziarekin, ibaiaren landaredia baldintza egokietan mantendu eta uholde arriskuak gutxitzeko lanak izango dira.

Udalak aldizka programatutako lanak dira ibaia egoera onean edukitzeko burutzen direnak. Oraingo honetan burutzen direnak bi epe izango ditu. Gaur hasi eta hurrengo lau lanegunetan, Senpereko zubitik Gipuzkoa plazako zubiraino doan tartean zuhaitzen entresaka burutuko du URA agentziak kontratatutako Eulen enpresak. Lan hau amaitzen denean, bigarren epean, Udalak bere gain hartu ditu belar eta sasiak moztu eta zaborrak garbitzeko ardurak.

Aldizka, Oria ibaian egiten diren mantenu lanek helburu ezberdinak betetzen dituzte. Alde batetik ibaiaren berezko ur-emaria bermatzeko eta bertako landarediaren mantentzea egokia izan dadin bermatzea. Bestetik, gehiegizko euriteek eragin dezaketen uholde arriskua gutxitzeko, bereziki herriaren erdiguneko eremuan. Ibaia garbi eta txukun mantentzea beharrezkoa da horregatik Udalak ibaira zaborrik ez botatzeko eskaera errepikatzen du behin eta berriz.

Lan hauek beti bezala Ura agentziaren baimen eta irizpideak jarraituz burutzen dira.