Igartza Oleta kaleko aparkaleku ondoko zuhaitzen egoera arriskutsuak hauek mozteko erabakia ekarri zuen eta datorren hilabetetik aurrera berriak landatuko dira

Oria ibaiko zubi-begiak landarediaz libre mantentzeko garbiketa lanak ez dira amaitu eta URA agentziaren baimen eta irizpideak jarraituz burutzen ari dira

Neguan, eguraldiaren baldintzek eraginda, ibaian egiten diren mantenu lanak indartu egin ditu Udalak. Duela aste batzuk, hain zuzen ere, Igartza Oleta kaleko aparkalekuan, ibaiaren ertzean zeuden hainbat zuhaitz mozteko presazko erabakia hartu zen erortzeko zuten arriskuagatik.

Aldez aurretik aparkalekuko zenbat ibilgailuetan eroritako adarrek sortutako kalteak bere gain hartu zituen Udalak, baina azken asteetako eguraldiak sortutako euri eta haizeteek euren egoera arriskutsua areagotu zuen eta URA uraren euskal agentziaren baimen eta irizpideak jarraituz moztu egin ziren.

Behin arrisku hori uxatuta, Beasaingo Udalak konpromisoa hartua dauka Ura agentziarekin datorren hilabetean zuhaitz berriak landatzeko. Erriberako landarediari egokitzen zaion espezieak izango dira eta ez orain arte zeudenak bezalakoak, ustekabekoak eta asintomatikoak bait ziren. Gainera aparkalekua berritzeko egin ziren lanek zuhaitzen sustraietan kalteak eragin zituzten eta orduz geroztik okerrera egin zuen horien egoerak.

Zubi-begien garbiketa

Bestalde ibaiaren berezko ur-emaria bermatzeko eta bertako landarediaren mantentzea egokia izan dadin, garbiketa lanak egiten jarraitzen du Udalak. Horretarako zubietako begiak oztopoz libratu egin behar dira. Igartza Oleta kaleko zubia eta Bernedoenea  aparkalekuaren sarrerako zubi azpiak dagoeneko garbitu dira. Orain, hortik aurrera ibaiaren ibilbidean burutzear dauden garbiketa lanak egitea falta da, baita ere Bideluzeko zubi-begian eta hiltegi zaharra zegoeneko zubi-begian. Inguru honetan landaredi artean biltzen da zabor gehien, axolagabekeriaz botatako zikinkeria eta hondakinak, bonberia eraikineko atzealdean batez ere.

Eguraldia tarteko datozen asteetan hasiko dira Udaleko lorezaintza zerbitzukoak garbiketa lanetan. Zenbait zuhaitz bakanduko dituzte, beti ere Ura agentziaren baimen eta irizpideak jarraituz.

 errekagarbiketa20182errekagarbiketa20182