Igartza Oleta kaleko eta Bernedoeneako zubietako begiak zuhaitzez eta sastrakez garbitu dira eta hilabete amaierarako Bideluze eta hiltegi zaharreko zubien arteko eremua bakandu eta sastrakaz garbituko da

Kezkatzeko modukoa da ibaitik ateratzen den zabor kopurua Udalaren ustez, batez ere leku konkretu batzuetan zaborra aldiro botatzeko ohitura dagoelako

URA ur agentziarekin Udalak duen hitzarmenaren ondorioz hilean bitan ibaiaren garbiketa egiten da

Beasaingo Udalak hilabete honetan burutzen ari diren ibaiaren lanei garrantzi berezia eman nahi die. Herria txukun mantendu eta natur ondarea babestea ezinbestekoa da Udalarentzat herria eta herritarren ongizatean eragin zuzena duelako. Ibaiko landarediaren mantenua bere gain hartzen du Udalak baita garbitasunaren ardura ere.

URA ur agentziarekin duen akordioaren baitan, erakunde horretako teknikoen aholkularitzarekin ibaiaren garbiketa eta landarediaren mantenu lanek protagonismo berezia dute azaroan eta lan horiek balioan jarri nahi ditu Udalak. Hortaz gain, aldiro biltzen den zabor kopurua kontutan izanik, herritarrak arazo honetaz sentsibilizatu nahi ditu. Izan ere badira ibaiaren puntu jakin batzuetan zaborra botatzeko ohitura okerrak.

Hau honela, azken asteetan eta azaroan batez ere burututako lanen berri eman nahi du Udalak. Ibaiaren mantenu lanari dagokionez, Igartza Oleta kaleko zubi-begia eta Bernedoeneako aparkalekura sartzeko zubi azpia sastrakez eta zuhaitzez garbitu berri da. Zenbait zuhaitz moztu eta uraren ibilbidea oztopatzen duten elementuak kendu dira. Lan hauetaz Goroldi enpresa arduratu da.

erreka zaborrak20171019Ibaitik ateratako zaborrak

Zaborren gaia da kezka nagusietako bat. Badira zenbait puntu ezagun ibaira traste zaharrak botatzeko erabiltzen direnak. Ohitura oker horiek ez burutzeko mezua zabaldu nahi du Udalak. Hilean bitan jaisten dira errekara garbitzeko eginkizuna duten langileak. Datozen egunetan Bideluzeko zubipetik hiltegi zaharreko zubiperako tartean bakanketa eta sasiak kentzeko lanak egingo dira.