Koronabirusaz kutsatutako 25 egoiliarretatik 3 zendu dira eta 11 oraindik positibo dira, gainontzekoak sendatu dira

Arangoiti Beasaingo adinekoen egoitzan egoera hobetuz doa pixkanaka. Gaur gaurkoz Covid 19az kutsatutako egoiliarrak sendatzen ari dira eta bideratu ziren beste egoitzetatik itzuliz doaz Beasainera. 

Duela aste batzuk positibo eman zuten 25 egoiliarretatik hiru zendu dira eta oraindik 11 dira positibo eman dutenak. Gainontzeko 11 sendatu dira eta berriz ere itzuli dira Arangoitira.

Langileen artean positibo eman zutenetatik 4 oraindik positibo dira. Beste bi lanean daude berriro eta hiru sendatu dira, nahiz eta oraindik guztiz osatu arte, badaezpada ere, ez diren lanean hasi.

Egoitzari dagokionez, "0" solairuan izan ezik, gainontzekoetan (1ean eta 2.ean) "normaltasun osoz" ari dira. Beste egun batzutan isolamendua mantenduko da "0" solairu horretan, 14 egun behar baitira azken positibotik "normaltasunera" itzultzeko.