Osasuna babesteko ezarritako arauek eraginda, prebentzio gisa Udalak ez du kaleko ekitaldirik antolatuko eta ordezko aukerak aztertzen ari da

 Eguberriko argiteriaren piztea abenduaren 4ra aurreratuko da tokiko merkataritzako eta saltokietako ekonomian eragin positiboa indartu asmoz  

Covid 19aren eraginez egun bizi dugun egoerak behartuta hainbat murrizketa bizi ditu gizarteak oro har. Udalaz gaindiko aginteak argitaratutako dekretuak ezartzen dituen arauek baldintzatuta, Eguberrian ohikoak ziren kale-ekitaldiak bertan behera uztea behartu du Udala. Osasun eta babes neurriak betetzeak jende pilaketak eragoztea dakar eta horren aurrean aire zabalean burutu behar ziren ekimenak ez dira burutuko. Salbuespena izango dira areto eta espazio itxietan edukiera errespetatuz egingo direnak.    

Hori horrela, Udalaren ardurapean zeuden Eguberriko ekitaldiak ez dira orain arte ezagutu diren bezala egingo. Olentzero eta Mari Domingiren ongi etorria, erregeen zamalkada edota Beasain Kirol Sarien gala ez dira jendaurrean burutuko. 

Areto itxietan antolatuko den egitaraua egungo osasun eta babes neurriak betez, mantenduko da.

Eguberrietako argiteriaren piztea 

Aurten aurreratu egingo da Eguberriko argiteriaren piztea. Abenduaren 4rako dago aurreikusita eta jada Gernika pasealekuko argiak ipintzen hasi dira.

Argiteria bereziak kaleak apaintzearekin batera merkataritzan eta saltokietako salmentetan eragin positiboa izatea du helburu. Udalerriko merkataritza sarean eta dendetan herritarrak zein kanpotarrak erosketak egitera bultzatu nahi ditu tokiko ekonomia sustatzeko. 

Azaroaren 16tik aurrera herrian zehar iluntze-gauez ibiliko dira teknikariak lanean eta argien euskarriak jartzeko, hauek kokatzen diren etxebizitzetako balkoietan ibili litezke eginkizun horietan. Hargatik herritarrei ohar honen berri ematen zaie ezustekorik har ez dezaten.