Babes eta segurtasun neurriak betez burutuko da eta azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa egingo da erosleen artean

Koronabirusak hala behartuta denboraldi batean hileko lehen larunbateko azoka bertan behera geldituta egon ondoren, larunbat honetan, ekainak 6, berriz ere martxan izango dugu garaian garaiko bertako produktuen azoka berezia. 

Itzulera honetan, ilarrak eta kalabazinak izango dira produktu izarrak eta hurrengo azokan ia udako produktuak eskuratzeko aukera izango da, besteak beste, tomatea. Honetaz gain, Loinazko San Martin plazara gerturatzen direnek produktu hauek erosteko aukera ere izango dute: eztia, barazkiak, loreak, txerrikia, haziak, ogia, gozoak, gazta, eta artisautza produktuak. 

Larunbat honetan bertako produktuen azoka segurtasun eta babes neurriak hartuta burutuko da, hala nola maskara, pertsonen arteko distantzia eta higiene arauak bete beharko dira. Ekintza tailer didaktikoa eta trikitilarien musikarik egongo ez bada ere 10:00etatik 14:00etara egongo da azoka zabalik. 13:30ean azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa egingo da azokan erosketak egindakoen artean.

Hileko lehen larunbateko azoka berezia duela ia hiru urte Udal gobernuak martxan jarritako egitasmoa da eta honen helburua, bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jartzea eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzea ez ezik, kontsumitzaileak azokara erakartzea ere bada. Horretarako, azoka dinamizatzeko ekintza ezberdinez osatutako egitaraua antolatzen da hilero.