Sektorearen ordezkariekin aldian-aldiko egindako bileren ondoren egoera larriari aurre egin eta normaltasunera iristeko bide luzean adostu diren lehen neurriak izango dira 

Beasaingo Udalak merkatari eta ostalariekin egindako bileren ondotik eta oposizioan dauden gainontzeko alderdien proposamenak jaso eta aztertu ondoren, alarma egoerak eragindako krisiari aurre egiteko hainbat neurri abiaraztea erabaki du. Udalak landu eta garatutako ekimenak merkatari eta ostalariek egindakoekin bat eginez, datozen egunetan jarriko dira martxan. Dena den, hasierako neurri hauei aurrera begira sor litezken beste ideia eta ekimenak batuko zaizkie, izan ere Udalaren iritziz tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sekoreari lagunduz eta babesa emanez jarraitu beharko da aurrerantzean ere. 

Udal zerga eta tasetatik salbuestea

Laguntzak banatu eta emateko moduari dagokionez, alarma egoerak eraginda, itxita egon direnentzat edo fakturazioan %80ko jaitsiera eduki dutenei zuzenduko dira laguntzak.

Gauzak horrela, orain artean eta osasun alarma egoera ezarri zenetik istera behartuak izan diren merkatari, ostalari eta zerbitzuetako establezimenduak sei hilabeteko udal zerga eta tasetatik salbuestea izan da proposamena (kasu bakoitzaren arabera, ura, zaborra eta tabernen kasuan terrazetako tasak). 

Terrazen kasuan, sei hilabetez ez litzateke kobratuko eta azalera gehiago erabili ahal izango dute (pertsonen arteko distantziak mantentzeko), beti ere baimendutako mahai kopurua eta oinezkoen pasabideak errespetatuz. Uraren tasari dagokionez, Ur kontsortzioarekin lantzen ari da Udala hori ere sei hilabetez ez kobratzeko. Berdin zaborraren tasarekin, lanketa Sasieta Mankomunitatearekin egiten ari da. IBIaren kasuan, ordainketan hobariren bat ezartzea aztergai geratzen da. Foru Aldundiaren eskumena denez honek ez badu salbuesten, laguntza bat emango luke udalak ordainketa horretan. 

Erosketak seguru eta konfidantzaz egitea ahalbidetu

Establezimenduak irekitzeko baldintzak behartuta eta egoera berrira egokitzeko beharrezkoak diren osasun, higiene eta babes neurrien kostuaren %50a ordaintzeko prest egongo da Udala (establezimendu bakoitzari gehienez 500 euroko dirulaguntza emanez). Materialen erosketa Beasainen egitea baldintzatuko litzateke.

Erosketa bonoak merkaturatzea 

Erosketa bonoen sorrerak, Beasaingo saltokietan kontsumitzea izango du helburu. Udalak bi alditan aterako lituzke, udaberri-uda sasoian eta udazkenean errepikatuz emaitza ona bada. Guztira 15.000 bono ateratzea da asmoa, 7.500 bono txanda bakoitzean. Banaketa merkatari, tabernari eta zerbitzu establezimenduetan egingo litzateke. Helburua Beasainen erosketak sustatzea da. Erosleak finean 30 eurorekin 50 euroko gastua egin ahal izango du (udalak 20 eurorekin lagunduko luke bono bakoitza). 

Erosketak Beasainen egiteko sustapen kanpainak

Guzti honi lotuta, Udalak orain artean bere ardatz eta oinarri estrategikoen artean izan dituen merkataritza eta tokiko ekonomia indartu eta sustatzeko kanpainak areagotuko ditu. Hortara indarrak bideratuz, Beasainen erosketak egiteko beharrezkoak diren sentsibilizazio kanpainak eta baliabideak erabiliko ditu helburu zehatz batekin: erosketak Beasainen seguru egiteko herritarrak kontzientziatzea.