Anzizar S.A. enpresak elikagaiak erosteko 3.000 euro emateko ekimenari batu zaio Beasaingo Udala. Beasaingo Gurutze Gorria, Caritas eta Nagusilan elkarteek, Covid 19 koronabirusaren pandemiak sortutako krisiaren ondorioz ahultasun egoeran dauden pertsonen artean banatuko dituzte elikagaiak. Elikagaiak Beasaingo dendetan erosiko dira. 

Alarma egoerak eragindako krisi egoeraren ondorioz, Beasaingo Anzizar S.A. enpresak janaria erosteko 3.000 euro emateko proposamena aurkeztu zion Beasaingo Udalari. Udalak Gizarte Ongizateko sailaren bitartez, dohaintza hori Gurutze Gorria, Caritas eta Nagusilan elkarteei zuzenenan bideratzea zela egokiena adierazi zion. Honela bada, Nagusilan elkartea bakarrik jaso eta banatzeaz arduratzen denez, Urko Arandiak, Anzizar S.A.ren izenean, eman duen kopurua bi zatitan banatuko zaie Gurutze Gorriari eta Caritasi.

Udalak ekimen pribatu honekin bat eginez, datozen hilabeteetan 2.000 euro hileko bideratuko ditu elikagaiak erosteko. Bidenabar aipatu orain artean udalak bertako baserritarrek eta ekoizleek asteko azokan saldu ezin izan dituzten produktuak erosi dituela, babeseko etxebizitzetan, adinekoen egoitzan eta Gurutze Gorriari banatzeko.

Une honetan, bizi dugun egoera dela eta, Gizarte Ongizate sailetik jasotako datuez baliatuz, Gurutze Gorriak, Caritasek eta Nagusilanek elkarlanean Beasaingo hirurehun herritar baino gehiagoren artean banatzen dituzte elikagaiak.