Administrazio publikoen laguntzen berri eman, beharrak antzeman eta tramitazioetan lagundu ondoren, sektore honek bizi duen egoera kritikoa arintzeko beste laguntza-ekimen osagarriak aztertzen ari da

Konfinamendua hasi eta Beasaingo denda eta ostalaritza areto gehienak istera behartu zirenetik, egoera honek merkatari eta ostalariei ekarri dizkien ondorio latzez jakitun izan da Udala. Horregatik, tokiko merkataritzari eta ostalaritzari laguntzea lehenesten du. Erakunde eta administrazio publikoek laguntzak banatzeko hartutako neurrien ondoren, Udalak, edonolako erabaki hartu aurretik, merkatari, ostalari eta autonomo guztiekin banan-banan harremanetan jarri da bakoitzaren errealitatea bertatik bertara ezagutzeko. Helburua, beharren diagnostikoa egitea, laguntzei buruzko informazioa eman eta nola tramitazen diren erakustea izan da. Horretaz gain, udal tasen eta zergen kobrantza etenda geratu da negozioak itxi zituztenetik. 

Hilabete honetan, udal gobernuko arduradunak (alkatea buru) merkataritza arloko ordezkariekin hainbat bilera egin dituzte, azkena aste honetan. Egindako egoeraren diagnostikoaren aurrean ateratako ondorio nagusiak ikusita hainbat erakundek (gobernuak eta diputazioa) laguntza-ildo ezberdinak irekitzen ari direla kontutan izanik (mutuak, ERTEak, alokairurako laguntzak, likideziarako % 0ko maileguak, etab.), laguntza horiek hiru ekimen posibleren bidez osatzeko aukera aztertzea da.

Beasainen erostea bultzatzea

Beasaingo merkataritzan kontsumitzeko bonuak sortzeko aukera proposatu da. Udalak tokiko dendetan gastatu beharreko bonoaren zati bat diruz lagunduko luke. Kantitateak definitzea eta forma ematea geratuko litzateke, noiz kontsumituko diren, bonoen kopuruak eta abar.

Beste proposamen bat merkataritzan oro har eskaintzen diren produktuen on-line salmentarako aplikazio bat sortzea da. Proiektu honek merkataritzaren inplikazioa eskatuko luke. Udalak aplikazio hori ezartzearen kostua bere gain hartzeko konpromisoa hartuta ere, merkataritzak elikatu eta mantendu beharko du aplikazio hori, eta denboran mantendu.

Tasak ordaintzetik salbuestea, hala nola zaborrarena sei hilabeteko epean ez kobratzea itxita egon betar izan duten merkatari establezimendu guztiei eta honez gain terrazen tasa ez kobratzea tabernei. Posible den kasuetan, eta baimendutako edukierei dagokienez doikuntza bat egongo dela aurreikusten denean, terrazen espazioa handitzeko aukera ere aztertu liteke.

Merkataritzaz gain, kultur sektorea oso kaltetua aterako da eta egoera normalizatu bezain laster hainbat kultur ekitaldiren kontratazioan laguntza beharko du.

Zehaztu gabe dauden ekimen horiez guztiez gain, garrantzitsua da behar diren babes eta segurtasun neurriak hartzea, jendea konfiantzaz egon dadin Beasainen kontsumitzen. Protokoloak argiak izan behar dira eta horretarako beharrezko baliabideak jarri beharko dira: maskarak, eskularruak eta abar. Horretarako, osasun sailek beharrezko materiala erosteko edo banatzeko ezartzen dituzten jarraibideak bete beharko dira.

Sektore hauei laguntzak eskaintzeko gaia udaleko bozeramaleen batzordean behin eta berriz izan da aztergai. Bertan, oposizioko udal taldeek beren proposamenak luzatu dituzte. Udal gobernuak harremanetan jarraituko du merkatariekin eta aurrerantzean burutuko diren bileratan erabakiko dituzte hartu beharreko ekimenak.