2020ko Loinatz jaiak bertan behera geratu dira koronabirusaren pandemiak hala behartuta. Erabakia ofiziala gaur eman da jakitera Herritarren Batzordean eta udal alderdi guztiak bat etorri dira hartutako erabakiarekin. Osasun-alarma egoera eta konfinamendu epea luzatuko zela ezagutu ostean, garbi geratu da jende-pilaketak gertatzen diren ekitaldiak burutzea ezinezkoa dela. Ondorioz eta egoera bere onera etorriko ez denez epe laburrean, jaiak ez ospatzeko erabakia ofizialdu da.

Hori dela eta, kultura saila Xabier Matarranz zinegotziaren bitartez, harremanetan izan da udalerriko elkarte, gizarte eragile, herri ordezkari eta jai batzordeko kideekin, erabakiaren berri emateko. Jaietarako hilabete falta den arren, ez dira ospatzeko baldintza egokiak ematen.

Erabakia espero bazen ere, tristura sortzen du ezpairik gabe. Beasain eta bere jaiak ez dira salbuespena izan jai eta ospakizun herrikoiak bertan behera geratzen ari diren honetan.

Aurten urtea amaitu aurretik jairik edo beste ospakizunik izango den edo ez, ez dago jakiterik. Pandemiaren bilakaerak eta garaian garaiko arduradun eta agintarien erabakiek marraztuko dute jarraitu beharreko bidea.