Positiboen kopurua erdira jaitsi da eta instalazioen desinfekzio-lan zorrotzak mantentzen dira

Osasun-alarma ezarri zenetik eta Arangoiti egoitzak bisitei ateak itxi zituenetik, daturik onenak erregistratu berri dira azken honetan.

Azken testetan bildutako emaitza onek adierazten dute une batez hobera egin duela kutsatutakoen kopuruak. Horrela, egoiliar guztiei egin zaie kutsatuta dauden edo ez jakiteko frogak. Batzuei bi test mota gin zaie; odolekoa eta PCR deiturikoa. Koronabirusaz positibo eman zuten azken egoiliarrei bigarren proba egin ondoren, guztiek emaitza negatiboa eman dute. Beraz, egoiliarren artean hiru positibo baino ez dira geratzen. Beste bi ospitalean daude.

Plantillari dagokionez, langile guztiek, batek izan ezik, negatibo eman dute azken probetan. Kasu positibo bakarrak negatibo eman du PCR testean, beraz, gaixotasuna pasatu duela suposatzen da. Egoitzan zazpi pertsona hil dira orain arte koronobirusaren ondorioz.

Etxez etxeko laguntza eskaintzen zaien pertsonen artean ere ez dago oraingoz eta dakigunik, positiborik. Adinekoak babesteko hartutako neurriak funtzionatzen ari dira antza denez. Horregatik, Arangoiti kudeatzen ari direnei eskerrak eman behar zaie eta berdin herritarrei beraien malgutasun, borondate eta seriotasunagatik ezarritako arauak betetzeagatik. 

Desinfekzioa lau egunetik behin

Bestalde, segurtasun eta higieneko prebentzio-neurriekin jarraituz, bihar, igandea, hilak 19, 23:00etan, suhiltzaileak zazpigarren aldiz itzuliko dira konfinamendu-aldi honetan zehar Arangoiti egoitzako instalazioak desinfektatzera. Desinfekzio-lana suhiltzaileek eurek antolatzen zuten, astean behin eginez, baina Udalak hala eskatuta, lehentasunez desinfekzio-lana lau egunez behin egitera pasa ziren.