Ezarritako alarma egoeraren aurrean agintariek hartutako babes-neurri berriak martxoaren 15etik aurrera aplikatuko dira eta merkatari eta saltokietan segurtasun neurriak hartuko dira 

Beasaingo Udaleko zerbitzuei dagokionez, astelehenetik aurrera herritarren arreta bulegoa –Igunea- izango da irekita egongo den udal zerbitzu bakarra 

 COVID19 birusaren hedapena gerarazteko helburuarekin, orain arte hartutako babes neurriei gaur bertan Eusko Jaurlaritzak jakitera eman ditu bihartik aurrera, martxoak 15, aplikatuko direnak. Agindu honek edozein motatako jarduerei eragingo die eta bertan behera geratuko dira ostalaritza (etxeko zerbitzua izan ezik), joko-lokal, txoko, elkarte gastronomiko edo otoi egiteko zentroetako jarduerak.  

Jarduera guzti hauek galarazita egongo dira 15 eguneko epean. Une honetan ezinbestekoa da egoeraren larritasuna ikusirik, herritarrek arduraz eta erantzunkizunez jokatzea eta agintariek ezarritako aginduak jarraitzea. Hori horrela, pertsona taldeak biltzen diren edozein jarduera edo lokaletara ez joatea pertsonen artean metro eta erdiko gutxieneko segurtasun tartea bermatzen ez bada.     

 Merkatari eta saltokietan segurtasun neurriak  

Kutsaduraren hedapena ekiditeko asmoz, Osasun Sailaren gomendioak jarraituta, hainbat neurri hartu dira. Merkataritza jarduerek zabalik jarraitzen dute, batez ere elikadura hornidura bermatzen dutenak, baina beharrezkoa da jarraian adierazten diren babes neurriak betetzea: 

1,5 metroko distantzia bermatu behar da pertsonen artean, baita dendari eta bezeroen artean. Horrek denden aforoa mugatuko eta distantzia hori errespetatzen duten pertsona kopurua soilik egon ahal izango da denda barruan. Zain dauden bezeroei kalean itxaroteko esan beharko zaie. Dendaren azaleraren arabera, sartu ahal diren pertsona kopurua adieraziko da kartel batekin, eta baita kanpoko ilaran 1,5 metroko distantzia mantendu behar dutela. 

Orain arte jakinarazitako neurriak mantenduko dira: Eskuak garbitu etengabe eta une oro, eztul edo doministiku egitean ahoa estali ukondoa erabilita, edo erabilera bakarreko zapiak erabilita, baina beti eskuak garbitu ondoren. Saiatu eskuekin aurpegia ez ukitzen, ahoa, sudurra eta begiak batez ere.Eskudiruaren erabilera saihestu eta kontaktu gabeko ordainketa moduak lehenetsi. Dendaren garbiketa mantendu, ondo aireztatu eta saiatu hidrogela eta zapiak bezeroen eskura izaten. 

Beasaingo Udalak bere aldetik astelehen honetatik aurrera, martxoak 16, herritarren harrera bulegoa -Igunea- izango du soilik irekita jendea artatzeko. Gainontzeko arreta lekuak itxita egongo dira publikoari.